Bizia bor-bor
2008/06/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ezagutzen diren fosilik zaharrenek 3.500 milioi urte dituzte. Prokarioto zelulabakar ñimiñoenak dira fosil horiek, edo, zehazkiago, haien koloniek sortutako egitura batzuenak: estromatolitoak. Eukariotoen lehen fosilak, berriz, 1.500 milioi urtekoak dira. Beraz, zantzu guztien arabera, denbora luzez bakterioak eta antzekoak izan ziren Lurreko bizidun bakarrak. Itsasoan bizi ziren prokarioto haiek; izan ere, besteak beste, ez zegoen ozono-geruzarik, eta izpi ultramoreak hilgarriak ziren uretatik kanpo.
Biodibertsitatearen eboluzioa
Hasierako mikroorganismo haien dibertsitatea zenbatekoa zen jakitea ez da erraza. Seguru asko, proportzio handi bat tapizak eratuz bizi zen. Gainean sedimentuak pilatu ahala, gorantz egiten zuten mikrobio-tapiz haiek, eta sedimentuak azpian hartzen zituzten; eta horrela sortu zituzten, geruzaz geruza, estromatolito izeneko egiturak haiek. Estromatolitoen bertsio modernoak Australiako eta Kalifornia Behereko zenbait lekutan hazten dira.
Egungo estromatolitoen mikrobio-geruzaren konplexutasuna kontuan hartzeko modukoa da. Milimetro bateko geruza hori mikrobioz gainezka dago, eta baso baten egiturarekin konpara daiteke. Milimetro horretan argiaren intentsitatea % 1eraino jaisten da, gutxi gorabehera baso itxi batean adina. Itzala jasaten ez duten zianobakterioak --fotosintetizatzaileak-- gainazalean daude eta itzal gehiago jasaten dutenak beherago. Haien azpian bakterio ez-fotosintetizatzaileak daude, eta abar.
Litekeena da estromatolito primitiboetan ere antzeko komunitateak izatea. Eta tapiz haien inguruan bestelako prokariotoak ere izango ziren. Beraz, bizia askotarikoa izango zen ordurako, maila mikroskopikoan bada ere.
Lehenengo eukariotoak duela 1.500 milioi urte agertu ziren. Pauso garrantzitsua izan zen hura dibertsitatea handitzeko; izan ere, izaki konplexuagoak sortzeko bidea ireki zuen horrek. Hala, izaki zelulaniztunak sortu ziren, egungo algen antzekoak, eta litekeena da lehen animaliak ere orduan sortu izana.
Hala ere, izaki oso sinpleak ziren haiek, eta zientzialari gehienek benetako lehen animaliatzat hartzen dituztenak ez ziren agertu duela 600 milioi urte arte. Ediacarako fauna deitzen zaie animalia horiei, Australiako Ediacara mendietan aurkitu direlako arrastorik garrantzitsuenak. Gorputz biguneko izakiak ziren, egungo marmoken eta anelidoen antzekoak. Litekeena da moluskuen aitzindariak ere garai hartakoak izatea.
Bizi ikusgaia
Duela 540 milioi urte, biziaren eta biodibertsitatearen historiako pasarterik garrantzitsuenetako bat hasi zen: Eztanda Kanbriarra. Animaliak handitu egin ziren, bai tamainan eta baita konplexutasunean ere, eta diseinu berri ugari agertu ziren: biodibertsitatea izugarri handitu zen. Zati gogorrak garatu izana da ezaugarririk garrantzitsuenetako bat. Horri esker, oso ongi fosilizatu ziren, eta garai hartatik aurrerako dibertsitatea askoz hobeto ezagutzen da ordura artekoa baino. Hain zuzen ere, eon berri bat hasten da Kanbriarrarekin: Fanerozoikoa, bizi ikusgaiaren eona.
Litekeena da fosilizatzeko erraztasun horrek biodibertsitate-zenbatespenak baldintzatzea, baina inork ez du ukatzen Kanbriarrean abiadura handiz handitu zela biodibertsitatea. Horren zergatia azaltzeko, hainbat hipotesi eman izan dira: ordura arte urriagoa zen oxigenoak egungo mailaren antzekoa hartu zuela, klima-aldaketa, harraparitzaren agerpenak eragindako harrapari-harrapakin arteko borroka, zati gogorrek eta diseinu berriek izandako arrakasta, eta abar.
Anfibioetatik abiatuta, lehorreko ornodunen dibertsitatea izugarri handitu zen, eta narrastien garaia etorri zen. Narrastien gainbeheraren atzetik ugaztunak ugaritu ziren, eta baita munduaren jaun eta jabe egin ere (ugaztunen ikuspuntutik behintzat).
Galera handiak
Azken 600 milioi urte hauetan, beraz, badirudi biodibertsitateak gora egin duela; baina gorabehera handiak izan ditu. Goranzko garrantzitsuenak aipatu ditugu; beheranzkoei dagokienez, hau da, biodibertsitate-galerei dagokienez, asko izan dira, baina bost bereziki bortitzak izan ziren. Eta, askoren ustez, une honetan seigarren suntsipen- pasarte batean sarturik gaude, gizakiaren eraginez.
Badakigu biodibertsitate-krisi larri bat eragiten ari garela. Egunak joan eta egunak etorri, espezieak eta ekosistemak galtzen ari gara. Baina ez da erraza biodibertsitatea zenbateraino murrizten ari den zehaztasunez jakitea, eta aurreko suntsipenekin konparagarria den edo ez jakitea.
Aurreko bost pasarteetan asko murriztu zen biodibertsitatea. Chicagoko Unibertsitateko Sepkoski-k eta Raup-ek, itsasoko animalien datu-bilduma izugarri bat egin eta aztertu ondoren, ikusi zuten suntsipen bakoitzean itsasoko familien % 12 galdu zela, gutxi gorabehera, Permiarreko suntsipenean izan ezik; orduan, familien erdia baino gehixeago galdu zen, eta espezieen % 77-96.
Baina, suntsipen bakoitzean, bizirik iraun zuten izakietatik espezie berriak garatu ziren eta suntsipenaren aurreko dibertsitatea edo handiagoa sortu zen berriz ere, nahiz eta horretarako milioika urte behar izan ziren (suntsipen bakoitzeko 20-100 milioi urte).
Goranzko joera
Biodibertsitatearen goranzko joera nabarmen horretan, faktore garrantzitsu bat kontinenteen bilakaera izan da. Izan ere, bilakaera horrek erraztu egin du espezie berrien sorrera.
Landareak eta animaliak lehorrera atera zirenean, Pangea superkontinente bakarra zegoen. Kontinente hura zatituz joan zen, eta tartean itsaso berriak sortu ziren. Horren ondorioz, kosta gehiago sortu zen, sakonera txikiko itsasoak ugaritu egin ziren, eta, azken finean, habitat berri gehiago sortu ziren. Bete gabeko habitat eta txoko ekologiko berriak egoteak asko errazten du espezie berriak sortzea. Izan ere, aurretik dauden espezieak txoko horiek betetzean, desberdindu egin daitezke, eta espezie berriak sortu.
Baina kontinenteen bilakaerak egungo biodibertsitatearen zati bat baino ez du esplikatzen. Izan ere, habitat jakinetan elkarrekin bizi diren espezieen kopuruak ere gora egin du. Dibertsitateak berak dibertsitate gehiago ekartzen du askotan. Hau da, zenbat eta biodibertsitate handiagoa izan leku batean, orduan eta txoko ekologiko gehiago sortzen dira, eta, beraz, aukera gehiago espezie berriak sortzeko.
Nabarmentzekoa da tropikoetako euri-oihanen kasua. Oihan horietan, hainbat altueratako zuhaitzak daude, estromatolito primitiboetan gertatzen zen gisa berean, argi-beharren arabera banatuta. Hala, baldintza oso desberdineko geruzatan banatzen da oihana. Zuhaitz horietan beste hainbat landare eta animalia bizi dira, eta horiek, aldi berean, beste batzuentzako bizileku dira. Eta bizidun guztien artean txoko ekologiko desberdinez josiriko sistema konplexu bat osatzen dute. Munduan, biodibertsitate handieneko puntuak dira euri-oihan tropikalak.
Banaketa desorekatua
Izan ere, biodibertsitatea oso heterogeneoa da munduan zehar. Oro har, esan daiteke poloetatik ekuatorerantz handitu egiten dela biodibertsitatea. Esaterako, Groenlandian 56 hegazti-espezie habiagile daude, Ternuan 118, Guatemalan 469 eta Kolonbian 1.525. Orokortasun bat da, eta ez da beti horrela gertatzen. Jakina, ez da gauza bera poloetatik ekuatorerako bidean basamortu batekin topo egitea edo oihan batera iristea. Baina, orokortasun gisa, nahiko ongi betetzen da, bai lurrean eta bai itsasoan, eta bizidun askorekin, gainera: landareak, animaliak, onddoak, bakterioak...
Dena den, gradiente horretan, berriz ere zerikusi handia dute oihan tropikalek, Lurreko biodibertsitatearen zati handi bat tropikoetan pilaturik baitago. Munduan dauden 250.000 landare baskularretatik (landare lurtarren % 99 landare baskularrak dira), 170.000 tropikoetan eta subtropikoetan daude. Eta espezie horietako bakarrean --zuhaitz lekadun batean-- bildutako inurrien artean, 43 espezie (26 genero) identifikatu zituen Edward O. Wilson entomologo entzutetsuak; gutxi gorabehera Britainia Handi osoan adina.
Biologoak aspaldidanik saiatu dira biodibertsitatearen gradiente latitudinal horren azalpena aurkitzen. Ez da erraza azalpen on bat ematea, baina badirudi energia, egonkortasuna eta azalera faktore garrantzitsuak direla. Tropikoak energia handiko guneak dira; urte osoan zehar haietan izaten dira tenperaturarik handienak. Euri-oihanetan hezetasuna ere handia da, eta, hortaz, oso leku emankorrak dira. Badirudi hori garrantzitsua dela biodibertsitatearentzat.
Azalera ere garrantzitsua da: zenbat eta handiagoa izan habitat bat, orduan eta aukera gehiago dago espezie desberdinak biltzeko; eta tropikoetan azalera handiko habitatak daude. Azkenik, denboran zehar egonkortasun (klimatiko) handiena izan duten lekuak dira tropikoak, eta badirudi horrek ere mesede egiten diola biziaren aniztasunari.
Biosfera ezezaguna
Dibertsitatearen gradiente latitudinala esplikatzea ez da biodibertsitatearen ezagutzan dugun zailtasun bakarra. Artikulu honen hasieran esan dugu biodibertsitatearen historiari buruz ere ezin dugula ziurtasun osoz hitz egin. Baina egungo biodibertsitateari buruz ere ezin esan askorik dakigunik. Badakigu lurraren batez besteko diametroa 12.742 km-koa dela, Esne Bidean ehun mila milioi izar daudela, elektroi baten masa 9,1.10 -28 g dela. Baina, zenbat espezie daude Lurrean? Hori ez dakigu. Menturazko zenbatespen batzuen arabera, 14 milioi inguru izan daitezke, baina izan daitezke 100 milioi ere. Identifikatutako espezieak, berriz, ez dira bi milioira iristen.
Denbora askoan, kulturetan hazitako mikroorganismoak bakarrik ezagutu dira, eta horrek asko mugatu du mikroorganismoen biodibertsitatearen ezagutza. Baina, DNA-azterketei esker, mundu berri bat agertu da. Pagadi bateko gramo bat lurretan 4.500 bat espezie aurkitu zituzten Torsvik eta Goksøyr ikertzaile norvegiarrek, eta beste hainbeste gramo bat itsasoko sedimentutan. Bi gramotan ia 10.000 espezie aurkitu badira, zenbat egongo dira guztira? Inork ez daki. Gainera, baldintzarik muturrekoenetan ere bizi daitezke mikroorganismoak, eta, metabolismo oso desberdinei esker, hainbat energia-iturri ustia ditzakete. Hortaz, ia edonon topa daitezke, baita gutxien espero daitekeen tokian ere. Azken finean, ez daramatzate alferrik 3.500 milioi urte planeta honetan.
Askoren ustez, gure planetako biodibertsitatea ezagutzea gure ahalmenetik kanpo dago, biziaren benetako aniztasuna ikusezina da guretzat. Denborak esango du ikusezina ikustera iritsiko garen edo ez, baina ezin uka bizia eta haren aniztasun ikaragarria harrigarriak direnik!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia