Bizia, olio-tanta batetik
2011/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Biziaren jatorriari buruzko eztabaida hauspotu du hipotesi berri batek, Britainia Handiko Zientziaren Errege Elkartearen azken kongresuan. Hain zuzen, jatorria olio-tanta bat izatearen aukera proposatu du Martin Hanczyc genetikan doktore eta Hego Alemaniako Unibertsitateko irakasleak.
Bizia nola sortu zen azaltzeko teoria bat baino gehiago dago, baina ez dago auzia behin betiko argituko duen froga geologikorik aurkitzeko itxaropenik, lurrazala berritu egiten baita, eta arrokarik zaharrenak duela 3.800 milioi urtekoak dira. Ordurako, bizia sortua zen, eta konplexu samarra zen.
Horrenbestez, ikertzaileak laborategian saiatzen dira Lurraren hasierako kondizioak sortzen, abiapuntuan jarritako elementuetatik egitura bizidun bat garatzeko. Normalean, elementu horiek zelula bizidunen oinarrizko osagaiak izaten dira, hala nola RNA, karbohidratoak...
Hanczyc, baina, askoz ere egitura sinpleago batetik abiatu da: olio-tanta batetik. Lehen esperimentuetan, nitrobentzeno olioa erabili zuen. Inguru oso basikoan jarrita, eta energia emateko gai kimiko bat gehituz (anhidrido oleikoa), olio-tantek "metabolismoa" zutela ikusi zuen; izan ere, inguru ahalik eta basikoenera mugitzeko eta gai kimikoarekin elikatzeko gai ziren. Hanczycen hitzetan, tanta "hilezkorrak" lortu zituen: energia emanez gero, mugimenduan jarraitzen zuten.
Hanczycek olio-tantekin ikertzen jarraitu du, eta ahalmen handiak dituztela uste du. Esaterako, bata bestearekin elkartzea saihesten dute; Hanczycen iritziz, nolabaiteko komunikazio kimikoa dutela esan nahi du horrek. Are gehiago: olio-tantetan iraganean izandako gertaerek etorkizunean eragiten dute; hortaz, memoria dutela esan daitekeela uste du ikertzaileak.
Orain, olio-tantak bere kasa ugaltzeko mekanismoaren bila dabil. Horrekin batera, lehenengo olio-tantak sortzeko erabili dituen gaien ordez, Lur primitiboan zeuden elementuetatik abiatuta haien parekoak sortzeko saiakerak egiten ari da. Besteak beste, olio minerala erabiltzen ari da, eta karbohidratoak eta beste konposatu organiko sinple batzuk, aminoazidoen aurrekariak izan daitezkeenak. Dagoeneko lortu ditu emaitza batzuk, eta olio-tanta berriek lehengoek zituzten jokabideetako asko dituztela adierazi du Hanczycek.
Adituek era guztietako iritziak eman dituzte Hanczycen lanari buruz. Batzuentzat interesgarria den arren, beste askorentzat olio-tanta horiek sinpleegiak dira biziduntzat jotzeko edo bizidun bilakatzeko, batez ere ez dutelako material genetikorik. Philipp Holliger Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileak esan zuen bezala, "softwarea jarri behar duzu hardwarean, funtziona dezan."
Hanczycek, baina, bere olio-tanten alde egin du, eta Lurreko lehen bizidunen aurrekariak izan daitezkeela adierazi ez ezik, urrutiago ere joan da, eta nonbait bizirik egon daitezkeela esan du, hala nola Lur sakonean hondoratuta. Edo eguzki-sistemaren txokoren batean; adibidez, Titanen, Saturnoren ilargi handienean, karbohidratoetan aberatsa baita satelite hori.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia