}

Biziaren etxea

2008/06/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Orain artean, Lurra da bizia garatzeko kondizio egokiak betetzen dituen planeta ezagun bakarra. Gizakiok Lurretik haratago ere bilatzen dugu bizia; urrutira gabe, Marten. Handia litzateke Marten bizia egon zela egiaztatzea, edota Lurraren antzeko ezaugarriak dituen eta, beraz, bizia izateko probabilitatea duen planetaren bat aurkitzea. Baina, oraingoz behintzat, bizirik ez da topatu Lurretik kanpora. Zer du, bada, berezia Lurrak bizia izateko?
Biziaren etxea
2008/06/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: NASA)
Bizia sortzeko, ingurune eta kokapen egokia behar da. Eta Lurra Esne Bideko izar aproposenetik --Eguzkitik, alegia-- distantzia egokienean kokatuta dago. Eguzkia energia asko erradiatu ahal izateko behar bezain handia da, baina, aldi berean, haren tamaina berehala ez ahitzeko bezain txikia da. Izan ere, izarrak, zenbat eta handiagoak izan, orduan eta azkarrago ahitzen dira, oro har. Eguzkia hamar aldiz handiagoa izango balitz, sortu eta 10 milioi urteren buruan desagertuko zatekeen, eta ez 10.000 milioi urteren buruan, eta, hortaz, gu geu ez ginateke hemen izango. Halaber, zorionekoa da Lurra, orbitatzen duen lekuarengatik. Izan ere, orbitan gehiago hurbilduko bagina, Lurreko ur guztia lurrunduko litzateke; eta, alderantziz, aldenduko bagina, guztia izoztu egingo litzateke.

1978an Michael Hart astrofisikariak zenbait kalkulu egin zituen, eta ondorio honetara iritsi zen: Lurra ez litzateke bizitzeko leku egokia izango Eguzkitik % 1 aldenduko edo % 5 gerturatuko balitz. Dena den, denborarekin, datu horiek berrikusi ostean, zertxobait eskuzabalagoak direla esan liteke. Alegia, gure planetan bizia izateko arazoak egongo lirateke Eguzkitik % 15 aldenduko edo % 5 gerturatuko balitz. Hala ere, ez pentsa aldea handia denik, alde eskasa izaten jarraitzen du.

Alde eskas horren adierazle garbia da Artizarra. Lurraren antzeko tamaina eta konposizioa ditu, baina Lurra baino 40.000 milioi kilometro gertuago dago Eguzkitik. Lurra Eguzkitik 150 milioi kilometrora dago, gutxi gorabehera; Artizarra, berriz, 110 milioi kilometrora.

Eguzkiaren energia gugana baino bi minutu lehenago iristen da hara, eta, gehiegizko berotasun horren eraginez, garai batean, planeta ez zen gainazalean ura gordetzeko gai izan; ondorioz, karbono dioxidoa atmosferan pilatu eta berotegi-efektua areagotu egin zen. Gainera, ez dago oso argi, baina ur hori lurruntzean Eguzkitiko izpi-ultramoreek ur lurruna disoziatu zuten, eta hidrogeno-atomoak espazioan zehar barreiatu ziren eguzki-haizeak eramanda; oxigeno-atomoak, berriz, karbonoarekin konbinatu ostean, karbono dioxido gehiago eratu zen, Artizarra itogarri bilakatzeraino.

Lurra hirugarren lekuan dago Eguzkiaren inguruko planeten artean. Animaliak eta landareak bizitzeko behar dituzten baldintzak betetzen dituen eguzki-sistemako planeta bakarra da.
NASA/JPL

Gaur egun, 470 ºC-ko tenperatura dago han (beruna bera ere urtzeko adinako beroa), eta presioa Lurreko presio atmosferikoa baino 90 aldiz handiagoa da Artizarraren gainazalean (giza gorputzak jasan ahalko lukeen baino handiagoa). Eguzkirantz hurbilduz gero, beraz, hori da arazoa. Urrunduz gero, berriz, arazoa hotza litzateke, Marten gertatzen den legez. Han egon litekeen ur apurra izoztua legoke.

Hortaz, planetaren kokapenak eta, beraz, tenperaturak bermatzen du ur likidoa egotea, eta, halaber, bizidunak egotea. Izan ere, ura (likido-egoeran, noski) ezinbesteko osagaia da bizidunentzat.

Biziaren neurria

Kokapena ez ezik, Lurraren beraren ezaugarriak ere lagungarriak dira bizia garatzeko. Segur aski, haur bati Lurraren tamainaren berri galdetuz gero, handia dela erantzungo du. Espaziotik behatzen duten astronautek, berriz, txiki ikusten dute gure planeta. Nolanahi ere, Lurraren tamaina edo masa Eguzkitik nahiz beste izarretatik jaso ditzakegun erradiazio kaltegarrietatik babestuko gaituen atmosfera bat izateko adinakoa da.

Lurra Eguzkitik gertuago egongo balitz, ura lurrundu egingo litzateke, Artizarrean gertatzen den legez.
Po-Chedley Geology
Datu garrantzitsua da hori, masa txikia duten planetak ez baitira aproposak bizia garatzeko, bi arrazoirengatik. Batetik, planeta horien grabitatea txikia denez, atmosfera kontserbatzea lan nekezagoa da. Izan ere, planeta hori osatzen duten molekulek aukera gehiago dute aldentzeko eta espazioan galtzeko eguzki-haizeak jotzen duenean. Horren harira, atmosfera sendo bat ez duten planetek bizirako oinarrizko elementuen gabezia (karbonoarena, hidrogenoarena, oxigenoarena eta nitrogenoarena) eta erradiazioarekiko eta meteoritoekiko babes txikia dute, besteak beste.

Bestetik, planeta horiek berehala galtzen dute sortzeko prozesuan sobratutako energia, eta geologikoki hilik daudela esan ohi da. Izan ere, ez dute sumendirik, ez lurrikararik, ez eta jarduera geologiko esanguratsurik ere. Horiek guztiek bizirako oinarrizko materialak ematen dizkiete lurrazalari, eta tenperaturaren moderatzaileetako bat, karbono dioxidoa, atmosferari.

Jarduera geologiko horiek guztiak plaken tektonikaren teoriaren laguntzaz azal daitezke Lurrean. Lurreko plaka tektonikoak nola desplazatzen diren (2,5 cm urteko desplazatzen dira, eskuetako azazkalak hazten diren abiadura berean) eta sumendiak eta lurrikarak, esaterako, planetako toki jakin batzuetan soilik zergatik gertatzen diren azaltzen digu teoria horrek.

Ilargirik gabe ezberdina litzateke Lurreko bizia.
NASA

Lurraren dinamikotasun hori, gainazalean ez ezik, nukleoan ere beha daiteke (gutxi gorabehera 3.000 kilometroko sakoneran). Gune horretan metalak dira nagusi, batik bat burdina eta nikela, eta Lurreko biziaren garapenean eragiten dute. Izan ere, gure planetaren bereizgarri diren fenomeno magnetikoen eta elektrikoen erantzule dira. Lurrak eremu magnetiko indartsu bat du, planetak barrenean iman bat izango balu bezala, eta eremu magnetiko horrek, atmosferarekin batera, Eguzkitik nahiz oro har espaziotik jasotako erradiazio kaltegarrietatik babesten gaitu.

Planetaren kokapen egokia eta haren ezaugarriak ez ezik, planeta hori orekatuko duen funtsezko beste osagai bat behar du Lurrak egungo bizimoduarekin jarraitzeko: Ilargia.

Satelite osagarria

Zenbait zientzialariren arabera, Ilargirik gabe bizia ez litzateke posible izango Lurrean, ez behintzat gaur egun ezagutzen dugun bizia. Ilargi gehienak txikiak dira haien planetekin alderatuta: Marteko Fobos eta Deimos ilargiek, esaterako, 10 kilometroko diametroa besterik ez dute. Gure Ilargiaren diametroa, ordea, Lurraren diametroaren laurdena baino zertxobait handiagoa da, eta, tamaina horri esker, egonkortasuna edo oreka ematen dio Lurrari. Halaber, Ilargiaren grabitateak Lurrean duen efektuari esker, Lurrak bizia garatzeko abiadura eta angelu egokiekin biratzen du.

Hainbat robot bidali dituzte Martera, besteak beste, urik badagoen edo ez argitzeko, eta bizitzarik dagoen edo egon ote den jakiteko.
NASA/JPL/Maas Digital
Hasteko, Ilargirik gabe, Lurrak zortzi ordutik behin biratuko luke, 24 ordutik behin egin ordez, eta, hortaz, urtean 8 orduko 1.095 egun izango genituzke. Lurraren biratze-abiadura hori izango balitz, argi dago animaliek nahiz landareek beste modu batera eboluzionatuko luketela. Izan ere, egungoen moduko egunek, 24 ordukoek, gauetik egunerako tenperatura-aldaketak samurragoak egiten laguntzen digute, besteak beste.

Ilargirik gabeko Lurraren beste ezaugarrietako bat haizea izango litzateke, gaur egungoa baino askoz ere haize indartsuagoa. Izan ere, zenbat eta errotazio-abiadura handiagoa, orduan eta haize handiagoa ibiltzen da planetetan. Jupiterren, adibidez, oso nabarmena da hori (Jupiterrek 10 ordutik behin itzuli bat egiten du).

Baina ez pentsa Ilargia betiko denik. Izan ere, Ilargia Lurraren hatzaparretatik aldentzen ari da, nolabait esateko, urteko lau zentimetro. Beraz, 2.000 milioi urteren buruan oso aldenduta egongo da, eta ez da gai izango oreka horri eusteko. Egoera horretan, bizirik egongo ote litzateke? Batek daki. Gaur egungo biziarekin alderatuta, ezberdina, seguru. Ez pentsa eboluzioa geldirik egongo litzatekeenik. Egun laburragoek eta haize indartsuek nahi eta nahiez eboluzioan eragina izan beharko lukete. Logika-kontua besterik ez da.

Ura ezinbesteko osagaia da bizidun ororentzat.
Luc Viatour/GFDL/CC

Azken finean, ezaugarri- edo kondizio-multzo handi batek mugatu du Lurra, eta horrek egin du posible bizia garatzea. Horren harira, Lurra eta bizia, bizia eta Lurra tandem askaezinak dira egun ezagutzen dugun planeta den bezalakoa izateko. Bizia nola sortu zen ez dago guztiz garbi, baina garbi dago sortu, sortu zela, eta hortik aurrera etengabe eboluzionatu duela; eboluzionatzearekin batera, Lurra bera eraldatu ere egin da, gainera! Ez pentsa Lurra sortu zeneko kondizio berdinetan bizi garenik, bizitzeko egokia den planeta bat jaso arren hori ere egokitu baitugu.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
243
2008
6
023
Biologia; Ingurumena; Geologia
Dosierra
16

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia