}

Biziaren gidaliburua denontzat

2006/04/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Biziaren gidaliburua denontzat
2006/04/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Poly Fotografos)
Zer adierazten du liburuaren izenburuak?

Konplexutasunaren zientziaren ikuspegitik, bizia sare gisa uler dezakegu. Irakurleari sare horretan murgiltzen lagunduko dion gida bat izango da nire liburua.

Biziaren kontzeptu horren barruan, arlo guztietara iristen saiatuko zara?

Hain zabala denez, ezingo dut nik bakarrik azaldu dena. Horregatik, nolabait gida bat egin nahi izan dut horretan sartu ahal izateko, eta sarreratxo batzuk markatuko ditut eta baliabide batzuk emango ditut, pertsona bakoitzak bere interesaren arabera informazioa zabaldu ahal izateko. Baina ezinezkoa da dena azaltzea.

Gutxi gorabehera, zer banaketa izango du liburuak?

Kapituluak hiru gai nagusitan banatuta daude, eta gai bakoitzari kolore bat esleitu diot. Lehenengo gaiak, urdinak, biziaren sarea orokortasunean aztertzen du. Hor, orokortasun horretan, bizidunek dituzten funtzionatzeko moduak islatu nahi nituzke.

Beste gai nagusi bati laranja-kolorea eman diot, eta gizakiaren nodoarena da. Sareak nodo batzuk ditu, eta nodoak haien artean elkartuta daude. Eta, gu, gizakia, biziaren sarearen barruan nodo bat gara.

Hirugarren gai nagusia biziaren oreka-egoera arriskuan dagoen edo ez aztertzen saiatzen da. Berde-kolorea eman diot. Horretan, iritzi bat izateko informazioa ematen saiatuko naiz.

Zuk zeuk iritzia sartzeko asmorik baduzu? Hainbat gai labainkorrak dira.

Bai. Badakit ez dagoela erabat objektiboa izaterik, baina saiatu nahi dut, zientziak gaur egun duen jakintza ezagutzera iritsi naizen heinean, dauden iritzi desberdinak islatzen. Azkenean, gogoeta egiteko aldez aurreko pauso bat izango da; ahalik eta gehien azaldu, eta gero bakoitzak bere iritzia osa dezala.

Begoña Arrate, eskultura eskuan duela.
Poly Fotografos
Koloreak eman dizkiezu gai nagusiei. Zer esan nahi dute kolore horiek?

Nik beti izan dut joera koloreak erabiltzeko, gauzak ikusiz errazago ulertzeko, eta, gainera, liburu honetan gai nagusi bateko kapituluak beste gaietakoekin tartekatu ditut. Ikuste hutsarekin, koloreek lagundu egiten didate jakiten kapitulu baten izenburua zein gairi dagokion.

Baina kolore horiek ez dute arrazoi jakin bat. Bai, ingurumenaren gaiari kolore berdea eman diot, baina urdina eta laranja jarri ditut nahiko ondo geratzen zirelako.

Aipagarria da liburuan gizakiak hartzen duen garrantzia.

Nire ustez, ingurua ezagutu nahi badugu, lehendabizi geure burua ezagutzea ere garrantzitsua da; edo, zerbait aldatu nahi badugu, lehendabizi geure burua aldatu nahi izatea. Nolakoak garen ulertzen badugu, agian hobeto ulertuko dugu biziaren sarearen barruan zer-nolako garrantzia dugun eta zer-nolako aldaketak egin ditzakegun.

Bestalde, hemen proposatzen ditudan gai batzuetan zerikusi zuzena dauka gizakiak, gaur egungo Lurraren egoeran eta beste hainbat gauzatan. Hori ez da iritzi-kontu bat, nahiko gauza objektiboa da. Eragin nabarmena dugu ingurunean, hura eraldatzen ari gara. Inolako beste konnotaziorik gabe, baina hori horrela da.

Koloreka antolatuta egoteaz gain, liburuak sare-egitura izango du. Zergatik?

Asko ari dira aldatzen gauzak gaur egun. Sare-egitura izugarrizko protagonismoa hartzen ari da giza jardueraren arlo guztietan. Egunero nabigatzen dugu Interneten, eta, nolabait, ohitu egin gara pixka bat sare-egitura baten barrenean mugitzen. Eta esan behar da zientziarekin batera gizartea ere aldatzen ari dela. Eta sare-egitura, zientzian ez ezik, beste arlo askotan ere nagusitzen ari da.

Roa Zubia, Guillermo
3
219
2006
4
032
CAF-Elhuyar sariak; Elkarrizketak
Dosierra
4