Biziaren katalizatzaile
2007/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Posible da esfarelita biziaren sorreraren bultzatzaileetako bat izatea. Harvard Unibertsitateko ikertzaile batzuek ikusi dutenez, esfarelita biziaren oinarrizko prozesu batzuk katalizatzeko gai da.
Esfarelita sufre- eta zink-mineral bat da, eta uste da bizia sortu zen garaian ugaria zela itsasoan; horregatik, biziaren sorrerarekin zerikusia izan omen dezake. Hala izan ote zen jakiteko asmoz, esfarelitarekin esperimentu hau egin zuten: ur esterilean sartu eta eguzkiaren argipean jarri zuten. Bada, hiru konposatu organiko oso interesgarri agertu ziren uretan, Krebs-en zikloan parte hartzen duten bost konposatuetako hiru, hain zuzen ere.
Krebs-en zikloa da bizidun guztiek energia lortzeko erabiltzen duten bide biokimikoa. Beraz, Krebs-en zikloa osatzeko behar diren konposatuen ikerketak biziaren sorreraren misterioa argitzen lagunduko du, eta litekeena da esfarelita izatea giltzetako bat.