}

Biziaren molekularik zaharrena

2001/05/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

ARN-molekulak bere burua kopiatzeko duen ahalmena saiodietan egiaztatu dute zientzialariek.

Zer da bizia? Biokimikaren ikuspuntutik, molekula batek bere burua kopiatzeko ahalmena izatea da. Definizio zehatza da eta horrela ulertzen dira sistema biologikoak. Baina biziaren euskarriak aztertuta, ezin da biziaren sorrerari buruzko informazio argia atera.

Biziaren euskarri nagusiak proteinak eta azido nukleikoak dira (ADN eta ARN). ADNaren funtzioa proteinak egiteko informazioa gordetzea da. Baina proteinak beharrekoak dira informazio hori eta proteina berriak egiteko. Horrek esan nahi du ADN-molekulak ez duela ahalmenik bere kabuz biziaren prozesuei eusteko; proteinen laguntza ezinbestekoa du.

Proteinek sintesi-lana egiten dute, baina lan hori egiteko informazioa azido nukleikoetan pilatuta dago, eta, beraz, haiek ere ezin diote azido nukleikorik gabe biziari eutsi. Beraz, oiloaren eta arrautzaren problemaren antzeko beste bat sortzen da.

Soluzioa, ordea, duela hamarkada batzuk gertatutako aurkikuntza batetik datorkigu. ARNari ahalmen katalitikoa aurkitu zitzaion, hau da, proteina bezala joka dezakeen azido nukleikoa dela, alegia. Eta noski, azido nukleikoa denez, informazioa gordetzen dute. Beraz, problemaren soluzioa izan liteke ARN bera izatea biziaren lehen molekula.

Ondorio hori teoriaren esparruan bazegoen ere, orain zientzialari batzuek saiodietan egiaztatu ahal izan dute ARNak ahalmen hori baduela. Science aldizkari espezializatuan aurkezten den bezala, molekula hori historiaurreko kopiatzailea izan litekeela esan daiteke eta, beraz, biziaren jatorria dela. Edozein modutan ere, ARNaren ikerketan ere aurrerapauso erraldoitzat har daiteke laborategietan egindako hori.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia