}

Bizidunak lurrazalaren sorreran

2006/03/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Hipotesi harrigarri bat plazaratu dute Danimarkako geologo batzuek: fotosintesia egiten zuten bizidunek parte hartu zutela lurrazaleko granitoaren sorreran. Hipotesi horren aldeko frogak urriak dira, beste geologo batzuen ustez, baina lurrazala nola sortu zen azaltzen du, ikuspuntu berritzaile batetik.

Ustez, lurrazala sortu zen garai berean agertu ziren bizidun fotosintetikoak, duela 3.800 milioi urte, gutxi gorabehera. Datu hori ezin da ziurtzat eman, txikiak eta sinpleak zirenez nekez fosiltzen zirelako bizidun haiek, baina, aztarna batzuen arabera, hala uste dute geologoek. Horregatik pentsatu dute lurrazalaren sorreran eragina izan zutela .

Eragin hori granitoaren sorrera kimikoan datza. Lurra kimikoki oso homogeneoa zen planeta sortu zenean, eta, gerora, geruzaka antolatu zen. Prozesu hartan, basaltoak kanporantz egin zuen, urtutako harri eran. Lurrazalaren leku askotan horrelaxe geratu da, baina, geologo batzuen ustez, bizidunen ondorioz basaltoa granito bilakatu zen beste leku batzuetan. Fotosintesian, bizidunek eguzki-energia energia kimiko bihurtzen zutenez, energia gehigarria metatzen zuten, eta energia gehigarri horrek basaltoa kimikoki eraldatzen lagundu zuen. Bidea konplexua izan zen: basaltoa esmektita eta illita-buztina bilakatu zen, eta illita-buztinak granitoa sortzen laguntzen du.

Azken batean, hipotesiak esaten du bizidunek energiaren metagailu gisa jokatu zutela, eta bizia agertu ez balitz egongo zen oreka hautsi egin zutela. Hipotesi berritzailea da erabat, baina frogatzeko zaila.