}

Bizipenak eta komunitatea, STEAM hezkuntzarako giltzarriak

2021/05/06 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna

Gazteen artean STEMen posizionamendua hobetzeko, funtsezkoa da haiei benetako, tokiko eta hurbileko lan-mundua eta mundu horretako protagonistak hurbiltzea.
bizipenak-eta-komunitatea-steam-hezkuntzarako-gilt
Arg. Pernan Goñi Olalde

STEM gaitasunak behar ditugu mundu jasangarri bat eta herritarren ardura eta gaitasun kritikoa sustatzeko, gizarte gisa aurrean ditugun erronka handiei aurre egin ahal izateko; eta, horretarako, STEM profesionalak behar ditugu. Izan ere, STEM arloa protagonismoa hartzen ari da, bai arrazoiketetan, bai konponbide-bilaketan. Hala ere, unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan matrikulatzen diren ikasleen datuei erreparatuta, ez dirudi nahikoa gazte dagoenik zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika ikasten (STEM), eta kezkatzeko arrazoi bat da hori. Era berean, kezkagarria da STEMeko ikasleen profila hain homogeneoa izatea: emakumeek, langile-klaseak eta talde etniko minoritarioek ordezkari gutxi dituzte.

Egora horretan, azken hamarkadetan, STEAM hezkuntzaren kontzeptua garatu da, zeinean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika diziplinartekotasunean lantzen baitira. A hizkia, "arte"arena, arteari, sormenari, humanitateei eta abarri erreferentzia egiteko erabili da, esanahi bat baino gehiago hartu ditu, eta, gaur egun, horien guztien ikuspegi integratzaile bat adierazten du.

STEAM hezkuntzak unean uneko erronkei erantzuteko behar diren metodologiak erabiltzen ditu, eta, beraz, etengabe ari da garatzen. Batetik, egungo eta etorkizuneko erronkei modu autonomoan aurre egiteko behar diren gaitasunak garatzen lagundu behar du. Bestetik, ikasleak ikastetxearen erdigunean jarri, eta lankidetza sustatu behar du; izan ere, proiektuekin lan egitea proposatzen du, ikasten dutenak zertarako balio duen jabetu daitezen, maila teorikoan landutakoa eguneroko erronketan aplikatuz.

Genero-berdintasunaren ikuspegitik, berriz, neskek STEM esparruan parte hartzea sustatzen duten metodologiak erabili behar ditu, zientzia eta teknologiako emakume profesionalak eredutzat hartuz, besteak beste.

Gazteen STEM posizionamenduan eragiten duten faktoreak

Sei eta bederatzi urte bitarteko ume gehienek esaten dute oso gauza interesgarriak ikasten ari direla zientzia-eskoletan. Ikasleek begi onez ikusten dute zientzialariek mundua hobetzeko egiten duten ekarpena, eta gurasoek uste dute garrantzitsua dela zientzia ikastea. Gero, ordea, STEM esparruan lan egiteko asmorik duten galdetuta, 10 eta 14 urte bitarteko gazte gehienak erabat mesfidati agertzen dira. Zer gertatzen da? Zergatik dute jarrera hori pubertaroan? Eta zer egin daiteke hori aldatzeko? Nesken kasuan, egoera are nabarmenagoa da. Ezer egin dezakegu?

Urte askoan, gazteei zuzendutako zientzia-dibulgazioaren arloan, helburuetako bat izan da “zientzia-bokazioak sustatzea”, eta zientziarekiko interesa pizteko edo, are, dibertitzeko antolatu dira ekintzak. Uste zen zientziarekiko interesa handitzeak STEM lanbideak areagotzea ekarriko zuela. Ez da hala izan, ordea. Erresuma Batuan egindako ASPIRES azterketek erakutsi dute interesa handitzeak ez dakarrela, berez, bokazio zientifikoak gehitzea.

Hainbat ikerketak agerian utzi dute eskola-eremutik harago zeinen garrantzitsuak diren familia-eremuak, eremu sozialak, ekonomikoak, pertsonalak... eta zer eragin duten gazteengan eta haien autopertzepzioan, bai eta etorkizunean izan ditzaketen bokazioetan ere.

Horrela sortu da "STEM posizionamendua" kontzeptua, zeina lotua baitago interesekin, asmoekin, identitatearekin, gaitasunarekin eta norbere buruarekiko konfiantzarekin. Eskolak funtsezko zeregina du STEM posizionamenduan, gizartearen eta familiaren atzetik. STEM inguruneak beharrezko du eskolak positiboki baloratzea zientziarekiko zaletasun handia duten ikasleak. Horretarako, beharrezkoa da gidatzea, sustatzea, animatzea, esperimentuak proposatzea, laborategietarako bisitak antolatzea, emakumezko zientzialariak edo STEM arloko langileak ekartzea, neska gazteei beren esperientziak konta diezaieten, eta mundu zirraragarri horretara hurbiltzea.

Estereotipoak

Zientziaren eta teknologiaren arloan lan egiten duten profesionalen inguruko estereotipoek eragina dute gazteek ikasketak aukeratzeko orduan. Hain zuzen ere, zenbait azterlanen arabera, STEM arloetako profesionalak aparteko talentua duten pertsonatzat (brainy) hartzen dituzte gazteek, eta gerta liteke horrek eremu horietako ikasketak baztertzera eramatea, gai sentitzen ez badira (Iturria: Young people´s science an career aspirations, age 10-14. King´s College London).

Descifrar el código: la educación de las niñas y las mujeres en ciencias, tecnología, ingeniería y matemáticas (STEM) txostenean (2019), Unescok azaltzen du STEM lanbideetako rol estereotipatuek eragin handia dutela neskengan. Hala, txostengileen arabera, autohautespenerako joera da neskek STEM hezkuntza hautatzeari uzteko arrazoi nagusia. Horretan, eragin nabarmena dute genero-rolen sozializazio-prozesuak eta ideia estereotipatuek, hala nola generoari eta STEMi lotutako estereotipoek.

Berdintasunik eza eta, bereziki, STEMen inguruko genero-desberdintasunak nabariak dira, baita haur txikietan ere. STEM arloko ikasketa gutxiago aukeratzen dituzte neskek mutilek baino, nahiz eta neskatoen ehuneko handi batek adierazten duen zientzia duela ikasgai gustukoena (mutilek baino gehiago). Neskek askoz joera handiagoa dute artearekin eta humanitateekin zerikusia duten ikasketak aukeratzeko. STEM profesionalaren irudi estereotipatuak urrundu egiten ditu harekin identifikatzen ez diren gazteak. Beste alderdi bat ere nabarmentzen dute ikerketek: STEM arloko gaiak albo batera uzten dituzte neskek, nerabezarora hurbildu ahala. Gatazka bat dago STEM identitatearen eta nesken identitate femeninoaren artean, eta ereduek eta erreferenteek zeregin garrantzitsua betetzen dute.

Etnia minoritarioetako ikasleen kasuan, are gehiago dira zientziarako nahia izatea zailtzen duten faktoreak, askotariko desberdintasunei aurre egin behar baitiete, eta STEM eremuko ikasketak egiteko zailtasuna areagotu egiten da faktore pertsonalak eta sozialak konbinatzen badira (adibidez, emakume arrazializatua izanda).

STEM posizionamendua hobetzea

STEM arloen eta gazteriaren artean dagoen alde handia murrizteko, batez ere nesken artean, beharrezkoa da Haur Hezkuntzatik bertatik STEM jarrera lantzea ikasle guztientzat, ez soilik STEM ikasketak aukeratu behar dituztenentzat.

Elhuyarrek STEAM bizipenak eta esperientziak sustatu nahi ditu gazteentzat; izan ere, STEM posizionamenduan benetan eragiten duten faktoreak hauek dira: ezagutzen ditugun pertsonak, familia-ingurunea, STEMen praktikan izandako esperientzia arrakastatsuak, aisialdiko ohiturak, eta hurbileneko familiako kideek egindako ikasketak; azken batean, “kapital zientifiko” delakoa.

Elhuyarrek, euskal zientzia-sisteman bitarteko eta dibulgazioko agente izanik, urte asko daramatza ildo horretan lanean, gure hurbileko komunitatea inplikatuz. Interesgarria da errealitatearen, bertakoaren eta hurbilekoaren ikuspegia eskaintzea, eta protagonistak zein diren erakustea.

Gai sentitzeak esan nahi du ikasgelan esperientzia arrakastatsuak izatea eta horregatik onartua izatea; benetako erreferente positiboak izatea; lanbide-arloko STEM testuingurua ezagutzea; laborategiak probatzea eta ikasleek ezagutza eraikitzen parte har dezaten sustatzea: esate baterako, laborategian edo lantegian lan egitea; azoketan parte hartzea; ikasgelan hainbat trebetasun sustatzea; sormen-lana; pentsamendu kritikoa; profesionalei entzutea; gelan ematen diren mezuak berrikustea genero-klixeak gainditzeko; bakoitzak egindako ahaleginari balioa ematea, bukaeran arrakasta lortzeari garrantzia kenduta...

Ikerketek erakusten dutenez, STEM esparruko emakumeen erreferentziak oso positiboak izan daitezke nesken hezkuntza-prozesuan. Horregatik, ikasleen eta STEM arloko langileen topaketak gero eta gehiagotan egiten ditugu, ikasleek aukera izan dezaten beren ezaugarrien (profesionalen eta pertsonalen) eta STEM arloko profesionalaren ezaugarrien kidetasuna neurtzeko.

Funtsezkoa da STEM identitatearen eraikuntza sustatzea. Gazteek, eta batez ere neska gazteek, erreferente positiboak behar dituzte: emakumeek, etnia desberdinetako pertsonek, kultura desberdinetakoek, maila sozioekonomiko desberdinetakoek egin dituzten ekarpenak ikusarazi behar dira; ez bakarrik maila profesionaleko arrakastak, bizi-arrakastak ere bai. Erreferenteak behar ditugu neskek beren burua haietan islatuta ikus dezaten, eta hau pentsa dezaten: “litekeena da STEM niretzat izatea”.

Topaketak STEMeko profesionalekin, gazteak inspiratzeko

10 eta 19 urte bitarteko gazteen etorkizuneko aukeretan eragin positiboa izan nahi du Elhuyarrek, STEAM hezkuntzako ekintzetan metatutako esperientziari esker eta zenbait euskal erakunderen laguntzarekin. Hori dela eta, zenbait motatako topaketak proposatzen ditu STEM profesionalak, gazteak inspiratzeko argitalpenean. Gida horretan bertan, talde-gogoeta baten emaitza gisa, zenbait gomendio eta adibide bildu dira, irakasleentzat eta STEM arloko profesionalentzat. Besteak beste, hauek proposatu ditugu:

Laborategiko berriketak: Zientzia Azokan parte hartzen duten ikasleek mota honetako jarduera bat egiten dute beren proiektu zientifikoa garatzen ari direnean. Proiektua garatzen ari den gazte-talde bakoitzak STEM profesional baten bisita jasotzen du, eta profesional horrek lagundu egiten die, laborategian edo lanean ari diren tokian. Metodologiari buruzko aholkuak jasotzen ditu taldeak bere proiekturako, eta, horri esker, dimentsio errealagoa hartzen du. Gainera, eta beste guztiaren gainetik, ikasleek laborategia edo ingurune profesionala eta han aritzen diren profesionalak ezagutzeko aukera dute.

Zenbait indargune dituzte topaketa hauek. Alde batetik, edukiei baino garrantzi handiagoa ematen diogu harremanak sustatzeari, eta, horretarako, profesionalei eskatzen diegu beren ibilbide pertsonal eta profesionalari emateko garrantzia, batez ere, eta saiatzeko gazteen ideiak desmitifikatzen. Bestetik, oso interesgarria da ikastetxeen eta STEM profesionalen arteko harremana sustatzea. Estereotipoei aurre egiten ere laguntzen dute bisita horiek: irudia, bizimodua... Eta , nola ez, talde txikitan elkartuz gero, harremana gertuagokoa da.

Zientzia Attack: ekintza honen bidez, STEAM tailerrak eskaintzen zaizkie gazteei eskolaz kanpoko orduetan, interesatzen zaizkien arloetan esperimentatzeko. Lantegi monografiko oso praktikoak dira, eta esperimentuak egiteko, ikertzeko eta ukitzeko aukera ematen dute. STEM arloko profesionalek diseinatu eta Elhuyarren aholkuarekin osatutako jarduerak proposatzen dira, eta duten balio handiena da ikerketako edo STEM arloko emakume profesionalek ematen dituztela gehienetan.

Zientzia bada nesken kontua: jarduera honetan —zeina CIC nanoGUNE nanoteknologiaren ikerketa-zentroak diseinatu baitzuen hasieran—, ikerketa-zentroko ikertzaileek gidatuta, «egun batez nanozientzialari» izateko aukera ematen zaie Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko neskei. Lau-bost ikasleko taldetan, emakumezko ikertzaile profesionalek lagunduta, lan-dinamika bat egiten da. Hiru ordu inguruko jarduera izaten da, eta ekintza horren indargune nagusia da etxekorik eta irakaslerik ezean beren buruarekin konfiantza handiagoa hartzen dutela neskatoek. Oso hurbileko topaketa bat izaten da. Parte-hartzaileek ikertzaile bat eta haren ingurune profesionala eta lan-tresnak ezagutzen dituzte.

Ikertzaile txikien biltzarra. Bi saiotan banatzen da jarduera hau: lehenengoan, benetako ikertzaileek erronka bat jartzen diete ikasleei, eta azalpen batzuk ematen dizkiete. Hilabete geroago, kongresu-formatuan, lantalde bakoitzak bere emaitzak erakusten dizkie ikasgela osoari eta ikertzaileei. Amaitzeko, talde osoa elkartu eta ondorioei buruzko eztabaida egiten da. Bi saioen artean, ikertzaileak eta ikasleak mezu bidez komunikatzen dira, zalantzak argitzeko edo egindako aurrerapenak azaltzeko.

Jarduera honen indargune nagusia da ikasleak ikertzailearen azalean jartzen direla, eta ikasten dutela nola egin behar den esperimentu bat; hots, metodo zientifikoa erabiltzen ikasten dute. Gaiak egokitu egiten dira adinaren arabera, eta jarduera egokia da eskola-ume txikiagoentzat ere.

Lau proposamen horiek egiten ari garen lanaren adibide batzuk besterik ez dira. STEM hezkuntza benetan gazteei hurbiltzea eta haien STEM posizionamendua hobetzea epe luzeko lana da, eta beharrezkoa da hainbat eragileren arteko elkarlana. Bide luzea dago oraindik, baina gakoa da aipatu ditugun esperientzia eta bizipen horiek eskaintzea ikasleei, komunitate osoa inplikatuta.

 

Bibliografia

Archer, L., Moote, J., MacLeod, E., Francis, B., & DeWitt, J. (2020). ASPIRES 2: Young people’s science and career aspirations, age 10-19. Londres: UCL Institute of Education.

Couso Lagarón, D., & Grimalt-Álvaro, C. (2019). «Raising self-efficacy in STEM education to provide opportunities for all». In D. Couso Lagarón & C. Grimalt-Álvaro (eds.), STEM is for you. Experiences in raising self-efficacy from the STEAM4U project (103 or.). Bartzelona: Argitalpen Zerbitzua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa

Descifrar el código: la educación de las niñas y las mujeres en ciencias, tecnología, ingeniería y matemáticas (STEM), Unesco, 2019

Enseñando ciencia con ciencia, Fundación Lilly y FECYT, 2020.

Profesionales STEM, para inspirar jóvenes, Elhuyar 2019.

Educación STEAM y profesiones STEM, para inspirar jóvenes, Elhuyar 2020.

 

Jatorrizko artikulua: 

Cuadernos de Pedagogia, 519. zk., Hileko Gaia Atala, 2021eko apirila

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia