}

Bizitza ezkertiarra da

2001/02/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Biologiaren misterioetako batek ispiluekin du zerikusia. Atomo berdinez osatutako molekula biologiko asko bata bestearen ispilu-irudiak direlako, eskuak bezala. Atomo berdinak dituzte, baina ez dira berdinak, eta propietateak ere desberdinak dituzte. Bizidun guztien proteinak, bakterioenak eta gizakienak barne, aminoazido "ezkertiarrez" eginak daude eta ADN-helizeak, aldiz, "eskuindarrak" dira. Baina, zergatik?

Egin berri den ikerketa baten arabera, era bakarrekoak izatea molekula horien jatorriarekin erlazionatuta dago. Nature aldizkarian argitaratu denez, sortu zireneko jatorrizko zopan irauteko asmatu zuten estrategiaren ondorioa da. Biderkatzeko gai ziren molekulek soilik lortu zuten aurrera egitea eta gaur arte eredu bera errepikatu dute.

Material organiko sintetikoak osatzen dituzten molekulen erdia ezkertiarra (L-enantiomeroa) izaten da eta beste erdia eskuindarra (D-enantiomerioa); hau da, forma berdina duten arren, espazioan hartzen duten konfigurazioa bata bestearen isla balitz bezalakoa da. Bizitza, ordea, L-aminoazidoez dago egina, eta ezaugarri hori dela-eta homokiralak direla esaten da.

Ikertzaileek peptidoak, hau da, proteina-zatiak, erabili dituzte mundu biologikoa zergatik dagoen homokiraltasunaren menpe jakiteko, eta emaitzek molekula homokiralek erraz biderkatzeko gaitasuna dutelako gailendu zirela erakutsi dute.

Hori erakusteko lau peptido-zati erabili dituzte, bakoitza soilik D- edo L-aminoazidoez osatua. Peptidoak nahasi eta zein konbinazio gertatzen diren aztertu dute.

Emaitza esanguratsua izan da, lortutako produktu ia guztiak homokiralak izan batira. Behin eratuta, eredu bezala jokatzen dute euren biderkatze-prozesua azeleratuz. Molekula heterokiralek, aldiz, ez dute biderkatzeko halako estrategiarik erakutsi.

Ikerketa honek bizitzaren hastapenetan L eta D motako materia neurriz kanpo egotea nahitaezkoa ez zela iradokitzen du, molekula homokiralek oparo biderkatzeko estrategia garatu baitzuten.

Badirudi biderkatzeko gaitasuna zuten peptido homokiralek funtsezko zeregina bete zutela bizitzaren hastapenean, eta gaitasun hori homokiraltasunaren menpe zegoelako gailendu direla era horretako molekula biologikoak. Oraindik ez dakite, ordea, zergatik izan ziren aukeratuak L-aminoazidoak, eta ez eskuin- erakoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia