}

Bizitza heriotzaren ondoren

2001/05/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zenbait ikerketa berriren arabera, gaur egun organoekin egiten den antzera, egunen batean zelulak heriotzatik atera eta bizitzara eramatea ahal izango dela diote Nature aldizkarian.

Estatu Batuetako Salk Institutuko Fred Gage-k eta bere taldekideek gorpuen garuneko ama-zelulak kulturetan hazi dituzte. Ama-zelula horiek, banantzean, neuronak ematen dituzte. Teknika hori etikoki onargarriagoa izango dela uste dute. Izan ere, orain arte ama-zelulak fetuetatik hartzen ziren, baina horrek eztabaida asko sortzen zituen.

Ikertzaileek oraindik ez dakite zer ondorio izango dituen beren lanak. Esate baterako, post mortem zelulek fetuenak baino banantzeko gaitasun txikiagoa dute. Bestalde, ez dakite zehazki zein zelula-motatan bereiz daitezkeen.

Dena dela, helduen garunak banandu eta bereiz daitezkeen zelulak dituela frogatu du ikerketa horrek. Gageren esanean, transplanteetan erabiltzeaz gain, gaixoen garunetako zelulak suspertzeko baliagarria izan daiteke. Horrela, neuronak galtzen diren gaixotasunentzako, hala nola, Alzheimerrarentzako eta Parkinsonarentzako, balizko tratamendu bati bidea zabaltzen zaio.

Gagek eta bere taldekideek lortutako zelulek hilabeteak iraun dituzte bizirik eta, geroago erabiltzeko asmoz, izotz daitezke.Gagek dionez, gorpuetatik beste ehun batzuk lortzeko zelulak hartu ahal izango dira. Alabaina, emailearen adina eta hil denetik pasatutako denbora kontuan hartu beharko direla ohartarazten du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia