Bizitzaren keinua
1996/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bizitza begetatiboa duten gaixoak begiak sarritan irekitzen eta mugitzen hastea, konortea berreskuratuko duenaren adierazle dela baieztatu dute britainiar adituek.
Gaur egun bizitza begetatiboa misterioa da ikerlari ororentzat. Lozorro gisako koma egoeraren eta konortearen arteko zerbait dela diote adituek. Gaixo horiek ez dute hitz egiten, ez eta mugimendurik egiten ere. Adituen ustez, “zuloan hondoratuta” dauden gaixoak dira eta begiak keinuka hasten badira, zulotik ateratzera (alegia, “iratzartzera”) doazela esan nahi du. Estimulazioaren bitartez, begiak ireki eta mugitu egiten ditu batzuetan gaixoak. Badirudi eraginkorra dela estimulatzearen teknika hori; begiak askotan ireki eta mugitzen dituzten gaixoak “esnatu” egiten baitira.
Aurrerantzean, adituek zentzuak estimulatzearen bideari helduko diete; oraingoz bederen, gaixoak betirako lozorrotik ateratzeko itxaropen bakarra baita.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia