Bizkaiko hondartzak, etengabe hobetzen
2006/07/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hondartzen kalitateaz ari garela, batez ere, hondartzetako instalazioen kalitatea, zaintza, segurtasuna, irisgarritasuna eta garbitasuna hartzen ditugu kontuan.
Horiek guztiak zaintzeko eta hondartzak itxura ederra --eta urtetik urtera hobea-- izateko, ordea, urte osoko lana dago atzetik. Bizkaiko hondartzetan buru-belarri dihardute lan horretan azken urteotan.
Bizkaiko hondartzetan ISO 9001 (kalitatearen kudeaketa) eta 14001 (ingurumenaren kudeaketa) ziurtagiriak lortzeko prozesua 2001eko ekainean hasi zen. Hondartzak balioztatzeko ISO 9001 eta 14001 arauak sartzea aurrerapauso handia izan da kostaldeko zerbitzuen etengabeko hobekuntzan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren zuzendariaren esanean. Izan ere, arau horiek etengabeko hobekuntza bermatzen dute: instalazioen hobekuntza, uraren eta hondarraren egoera egokia, zerbitzu onak, hondakinen kudeaketa aproposa eta abar.
Ingurumenaren aldeko apustua
Ingurumenaren aldetik, esaterako, hondartzetako energia elektrikoaren eta uraren kontsumoa murriztu beharko litzatekeela ikusi zuten lehendabizi. Horretarako, energia berriztagarrien erabilera sustatu zuten Bizkaiko kostaldeko zenbait hondartzatan; esate baterako, eguzki-panelak erabiltzen hasi ziren megafoniaren argindarra hornitzeko.
Halaber, ur-kontsumoa murrizteko hainbat erreduktore ezarri zituzten komunetan. Horiei esker, ur gutxiago ateratzen da, baina hiritarrak ez du ia aldaketarik sumatzen. Bizkaiko hondartza guztietan jarri zituzten erreduktoreak, eta Sopelako hondartzetako dutxetan ere egin zuten proba, modu esperimentalean besterik izan ez bazen ere. Dena den, emaitza onak lortu zituzten eta Arena eta Bakioko hondartzetan ere ezarri dituzte dagoeneko.
Hondartzak garbi izatea ere ezinbestekoa da. Bizkaiko hondartzak urte osoan garbitzen dituzte, eta uda-sasoian garbiketa-lanak ugaritu egiten dira. Baina hori ez da nahikoa. Hondakinak jasotzeari ez ezik horien kudeaketari ere erreparatu beharko genioke, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren zuzendariaren esanean.
Batetik, dibulgazio-kanpainak egiten dituzte hondakinak murrizteko eta, bestetik, zakarra modu egokian birziklatzeko kolore ezberdinetako zakarrontziak jarri dituzte hondartzetan, gaikako bilketa errazteko. Zakar organikoa eta plastikoak bereizteko, hain zuzen ere. Bestalde, itsasoak berak dakartzan hondakinak ere kontuan izan behar dira, batez ere oholak. Itsasertzean azaltzen diren ohol horiek bildu eta birziklatzera eramaten dituzte.
Kalitateko zerbitzua
Bizkaiko Foru Aldundiaren beste helburu nagusia kalitateko zerbitzua ematea da, hondartzak erabili eta horietaz goza dezagun, irisgarritasun-, segurtasun-, erosotasun- eta higiene-baldintza egokietan. Horrekin lotuta, pertsona guztiak, eta bereziki mugitzeko arazoak dituztenak, hondartzetara errazago heltzea lortu nahi dute.
Horretarako, ISO 9001 ziurtagiriaren kudeaketa-sistemaren arabera lan egiten dute. Kudeaketa-sistema horretan lan egiten duten pertsona guztiek argi izan behar dituzte eta ezagutu behar dituzte ezarritako helburuak. Guztien arteko antolakuntza, koordinazioa eta komunikazioa ere ezinbestekoa da. Halaber, egiten diren jarduerak aldiro berrikusi behar dira, akatsik ikusiz gero zuzentzeko eta kudeaketa-sistema bera hobetzeko.
Gaur egun, esaterako, hamabostean behin egiten ditu uraren azterketa analitikoak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak EAEko hondartzetan. Demagun une jakin batean isuri bat gertatu dela eta bainatzea debekatu dutela. Hori gertatuz gero, isuri horren zergatia aurkitzen saiatu behar da, eta hori konpontzeko lan egin. Ingurumen Sailaren zuzendariaren esanean, horrek ez du esan nahi, inondik inora, ziurtagiria galduko duenik hondartzak, betiere, arazoari irtenbidea topatzeko neurriak hartzen badira.
Arenako, Bakioko, Laidako, Lagako eta Karraspioko hondartzek lortu zituzten bi ziurtagiri horiek --ISO 9001 eta 14001-- lehendabizi, eta 2005ean Sopelako Arrietara-Atxabiribil hondartza gehitu zitzaien. Aurtengo udan Ispasterko Ogella eta Lekeitioko Isuntza hondartzek jaso dituzte.
Beraz, gaur egun zortzi hondartzak dute sistema hori. Gainera, pixkanaka Bizkaiko gainerako hondartzek ere kudeaketarako sistema hori izatea espero da. Orain arte, sistema horrek ekarri dituen hobekuntzak Bizkaiko 29 hondartzatan aplikatu dira.