}

Blu Ray-rena ote da etorkizuna?

2009/05/17 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

DVDak bezalaxe, 12 cm-ko diametroa du, baita itxura bera ere, zehatz-mehatz. Horixe da Blu Ray diskoa, gaur egun gure etxeetan nagusi den DVDa ordezkatzeko asmoz jaiotako sistema. Haren aurrekariaren moduan, bideo- eta audio-euskarria da, baina, kasu honetan, bereizmen handiko irudiak eta dentsitate handiko datuak gordetzeko dago diseinatuta.
Blu Ray diskoak irakurtzeko, bere izenak dioen moduan, laser urdina erabiltzen da. (Argazkia: D. Correa )

Informazio-kantitate handia jasotzeko gaitasuna dauka, eta horixe da diskoaren bereizgarri nagusietako bat. Zenbaki bidez azalduta: orain arteko DVDak 9,4 gigabiteko ahalmena du, eta Blu Ray-k, berriz, 50 gigabitekoa.

Zergatik dute, baina, disko horiek informazio-kantitate handiagoa jasotzeko ahalmena? Azken batean, itxura bera dute batak eta besteak. Itxuraz gainera, bi disko-motak irakurtzen dituzten tresnek laser-izpiak erabiltzen dituzte diskoak irakurtzeko. Bi disko-irakurgailuek, ordea, kolore ezberdineko laser-izpiak erabiltzen dituzte: DVDak irakurtzeko laser gorria erabiltzen da, eta Blu Ray-ak irakurtzeko, aldiz, bere izenak dioen moduan, laser urdina. Disko-irakurgailuek erabiltzen duten laser-kolore horretan dago koska.

Bi laser horien uhin-luzera desberdina da: laser gorriak urdinak baino uhin-luzera handiagoa du. Argia uhin-itxurako mugimendua eginez mugitzen da. Argi-mota asko daude, ordea, eta bakoitzak mota bateko edo besteko uhinak “marrazten” ditu. Bada, laser-argiaren kasuan, laser gorriak egiten dituen uhinak zabalagoak dira laser urdinak egiten dituenak baino.

Laser urdinaren uhina estuagoa izanik, gai da espazio berean informazio gehiago irakurtzeko, eta, beraz, Blu Ray diskoek informazio gehiago gorde dezakete DVD-diskoek baino. Irudiak, gainera, askoz bereizmen handiagoarekin ematen ditu.

Aldaketak, etengabe

Orain dela 10-15 urte VHS bideo-sistema baztertzen hasi ginen. (Argazkia: P. Joseph )

Teknologiak etengabe egiten duenez aurrera, hainbat urtean behin horrelako “iraultzak” gertatzen dira. Ez dira urte asko pasatu, 10-15 bat, horrelako beste aldaketa handi bat jasan genuenetik: VHS bideo-sistema baztertzen hasi, eta DVD-irakurgailuei lekua egin genien etxean.

Ordura arteko VHS-zinta handien ordez, musika entzuteko diskoen tamainako diskoetan hasi ginen gustuko filmak ikusten. Itxura berriaz gainera, hainbat berrikuntza eskaintzen zituzten DVDek.

Batetik, diskoetan gordetako informazioa formatu digitalean gordeta zegoenez, ez zegoen zintarik; irakurgailuek laser bidez irakurtzen zuten informazioa. Ohiko zintetan gertatzen zen bezala, tarteka irakurgailuan trabatuta gelditzea saihestu zen horrela. Bestetik, iraupen luzeagoa eskaintzen zuten DVDek. VHS-zintek nahiko pattal jasaten zituzten urteen atzera-aurrerak; hondatuz joaten ziren, eta irudia gero eta okerrago ikusten zen. Gainera, diskoaren edukia zein hizkuntzatan ikusi aukeratzeko aukera ematen zuten DVD berriek.

Internetetik jaitsitako filmak ikusteko ez dago zertan disko-irakurgailurik behar. . (Argazkia: J. Rogers ).

Aditu askok jotzen dute orduko hura iraultza handi samarra izan zela. Blu Ray sistemarekin gauza bera gertatuko ote den ez dakigu, baina askok ezetz uste dute. Gehien entzuten den arrazoia da agian beranduegi iritsi dela gure eskuetara.

Beranduegi? Zergatik? Bada, asmatu zutenetik orain arte beste sistema batzuk ere garatu direlako, eta azkar-azkar hedatu direlako erabiltzaileen artean. Adibidez, flash deritzon memoria, USB-memoriek erabiltzen duten sistema. Litekeena da (batzuen ustez, litekeena baino gehiago da) beste bide horretatik joatea gure ohiturak, eta gero eta gutxiago erabiltzea diskoak, eta, beraz, disko-irakurgailuak. Ikusi besterik ez dago zenbat film jaisten diren Internet bidez...

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia