Borroka neketsuak laster hiru hamarkada
2008/12/01 Orive Arroyo, Gorka - Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzaileaFarmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz | Zarate Sesma, Jon - Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzaileaFarmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egun, 33 milioi pertsona dago hiesarekin kutsatuta mundu osoan. Dena den, esperantza izateko datuak ere badira, 2008ko abuztuan Mexikon egin zen hiesari buruzko nazioarteko XVII. biltzarrerako Nazio Batuen Erakundeak prestatutako txostenaren argitara --147 herrialdetako datuen analisia egiten du txostenak--.
Adibidez, aurreko urteen aldean, murriztu egin da gaixotasunarekin lotutako heriotza-kopurua. Gainera, handitu egin da jaioberriak kutsatzea eragozteko erretrobirusaren aurkako tratamendua jasotzen duten emakume seropositibo haurdunen portzentajea; zehazki, % 19 handitu da 2005etik 2007ra. Denbora-tarte berdinean, 410.000tik 370.000ra jaitsi da umeetan izandako infekzio-kasu berrien kopurua. Are gehiago, egunetik egunera gehiago dira erretrobirusaren aurkako terapiaren unibertsaltasuna lortzeko neurriak hartzen ari diren herrialdeak. Esate baterako, unibertsaltasun terapeutikoa lortzear daude Botswanan, Brasilen, Txilen, Costa Rican, Kuban eta Laosen.
Hori gutxi balitz, gaixoen bizi-itxaropena asko handitu da birusa detektatu zenetik gaurdaino. Joan den uztailean The Lancet aldizkarian argitaratu zutenez, birusarekin kutsatutakoen bizi-itxaropena 13 urte luzatu da 1996 eta 2005 urteen artean Europan eta Ipar Amerikan.
Ikerketa Kanadako Simon Fraser Unibertsitateko eta Erresuma Batuko Bristol Unibertsitateko ikertzaileek zuzendu dute, The Antiretroviral Therapy Cohort Collaboration proiektuaren baitan, eta 20 urterekin erretrobirusaren aurkako terapia jasotzen hasi ziren 43.355 pertsonari egindako jarraipena izan da oinarria. Gaur egun, 70 urte ingurukoa da gaitzaren hasierako faseetan diagnostikoa jaso, eta tratamenduarekin orduan hasi ziren gaixoen bizi-itxaropena. Hiesa dutenen bizi-kalitatea asko hobetu da, beraz, eta, oro har, herrialde garatuetako gizartea duela urte batzuk baino kontzientziatuago dago.
Farmakoak ikusgarri
Horrez gain, zientziaren eboluzio bizkorrak berrikuntza interesgarriak dakarzkigu egunetik egunera. Esaterako, farmakoak garatzeko estrategia berriak. Erretrobirusaren aurkako terapia birusari ugaltzea eragoztean oinarritu da orain arte. Horretarako, bi entzima inhibitzen dituzten farmakoak erabiltzen dira, transkriptasaren inhibitzaileak eta proteasarenak. Bi familia horietako medikamentuekiko erresistentzia garatzen dute seropositibo askok, ordea, eta, horregatik, medikamentu berrien bila aritu dira zientzialariak.
Horien arteko bat erraltegrabir farmakoa da, eta 2008ko martxotik salgai dago Espainian. Farmako hori integrasen jarduera inhibitzen dutenen familiako lehenengoa da; integrasak inhibituz, GIBaren material genetikoa giza zeluletan barneratzea eragozten du. Oraingoz, birus-karga handia duten eta beste farmakoekiko erresistenteak diren pazienteetan bakarrik erabiltzea gomendatzen dute.
Emaitza ikusgarriak erakutsi dituzte botika berria jaso duten gaixoek. Azken datuen arabera, 48 asteko tratamenduaren ostean, birusa antzeman ezin daitekeen mailara murrizteko gaitasuna erakutsi du erraltegrabirrak. Hori gutxi ez, eta farmakoa gai da immunitate-sistemaren CD-4 zelulen kopurua areagotzeko. CD-4 zelulak erantzun immuneari hasiera emateaz arduratzen diren T motako linfozitoak dira, eta GIBak suntsitu egiten ditu. Hortaz, gaixoa babesik gabe gelditzen da bestelako birus zein bakterioen erasoen aurrean.
Erraltegrabirrarekin eman nahi den hurrengo pausoa da aztertzea zer emaitza ematen duen lehenengo tratamendu-aukera gisa hartzen hasten diren gaixoen artean. Ikertzaileen hipotesiaren arabera, erraltegrabirrak birusa errotik kendu ahal izango du sei edo zazpi urteko epean, eta, horri esker, gaixoak ez du bizi osorako tratamendurik hartu behar izango. Ikerketa horretan Bartzelonako Ospitale Klinikoko Gatell doktorearen eta Badalonako Germans Trías i Pujol Ospitaleko Clotet doktorearen taldeek parte hartu dute, besteak beste.
Hain emaitza itxaropentsuek bultzaturik, eta hiesa desagerraraztea posible dela ziurtatzeko, erraltegrabirrak GIBaren gordailuak suntsi ditzakeen edo ez ikertzen ari da Cloteten taldea. Hain zuzen ere, nahiz eta odoleko birusaren maila detektatzeko modukoa ez izan, GIBaren gordailuak ez badira suntsitzen, birusak berriz ere bikoizteko aukera izango luke, eta ezinezkoa izango litzateke gaixoa erabat sendatzea. Gatellen taldea, berriz, farmako berriaren albo-ondorioak nola murriztu ikertzen ari da.
Horrez guztiaz gain, garrantzitsua da aipatzea erretrobirusaren aurkako terapien helburu bakarra ez dela kutsatutakoaren osasun-egoera hobetzea. Birus-kopurua murrizteak, gaixoaren osasuna hobetzeaz gain, kutsakortasuna ere murriztu egiten du, eta normalean ez dugu kontuan izaten erretrobirusaren aurkako terapiaren beste funtzioetako bat profilaxia dela; izan ere, kondoia erabiltzearekin edo xiringak ez banatzearekin bakarrik lotzen dugu profilaxia.
Txertoak, ilun
Erretrobirusaren aurkako neurrien artetik amestuena txertoa da. 1983an GIBa isolatu zutenean, birusaren zabalkundea etengo zuen txertoa garatzeko aukera sortu zen. Are gehiago, handik gutxira, GIBaren antzekoa den katu-leuzemiaren birusaren aurkako txerto eraginkorra lortu zenean, pandemiari aurre egingo zion txertoa hurbilago ikusten hasi ziren ikertzaileak. Oraindik ez dute lortu, ordea. Azken 25 urteetan ahalegin handiak egin dira, eta diru asko bideratu da ikerketa horietara. 2006. urtean, adibidez, 933 milioi dolar inbertitu ziren GIBaren aurkako txertoa garatzeko proiektuetan.
Ikuspuntu farmakologikoari dagokionez, hainbat estrategia erabili dira txertoa garatzeko. Hasieran, immunologia-sistemaren erantzun egokia sortuko duten molekulak bilatzeari ekin zioten, alegia, birusa neutralizatzeko gai diren antigorputzen kontzentrazioa areagotuko duten immunogenoak bilatzeari. Ikerketa-lan handiaren ostean, ustez immunogeno egokia dena aurkitu zuten, hain zuzen ere, GIB-1aren gainazaleko 120-glikoproteina.
Horren harira, 120-glikoproteinaren aurkako txertoarekin egindako III. faseko bi entsegu klinikoren emaitzak argitaratu ziren 2005. eta 2006. urteetan --merkaturatu aurreko azken fasea da III.a--. Emaitzek erakutsi zuten txertoa 120-glikoproteinaren aurkako antigorputz-kopurua areagotzeko gai izan zela, baina ez zela gai pertsona osasuntsuak GIBaren kontra immunizatzeko. Hau da, 120-glikoproteinaren aurkako antigorputzekin txertatutako pertsonek txertatu gabekoek bezainbeste aukera dute GIBarekin kutsatzeko. Adituen ustez, txertoaren prebentzio-ahalmenik eza bi ezaugarri hauen ondorio da: birusaren aldakortasun genetikoa eta antigorputzei ihes egiteko duen gaitasuna.
Immunogenoan oinarritutako txertoaren emaitza txarrak ikusirik, T motako linfozitoetan jarri ziren indarrak. Bigarren estrategia horren helburua, aurrekoarekin konparatuz, ez zen profilaktikoa. Kasu honetan, T motako linfozitoen erantzuna estimulatuz, infekzioaren hasierako birus-kopurua murriztu nahi zen; izan ere, frogatuta dago horri esker gaixotasuna geldoago garatzen dela, eta birusa gutxiago transmititzen dela.
2007ko irailean argitaratu ziren T motako linfozitoen erantzuna areagotzera bideratutako lehenengo txertoarekin 3.000 pertsonatan eginiko entsegu klinikoaren emaitzak --V520 da txertoa, Merck enpresarena eta Estatu Batuetako osasun sailarena--. Tamalez, behin-behineko emaitzen analisiaren arabera, txertoak T zelulen erantzuna handitu arren, ez da gai infekzioaren hasierako birus-kopurua murrizteko. Hori gutxi ez, eta ikerketaren emaitzek agerian utzi dute txertatutakoek GIBarekin infektatzeko arrisku handiagoa dutela.
Oraingoz, beraz, badirudi etorkizuna iluna dela. Dena den, txerto babeslea bilatzeko bidean ez dute guztiek etsi. Esate baterako, martxan dago immunogenoaren eta T linfozitoen estrategiak bateratzen dituen III. faseko entsegu kliniko berri bat, Thailandiako 16.000 gizon eta emakumeren artean.
Entsegu horren lehenengo fasean, V520 txertoak aktibatzen zituenak baino espezifikoagoak diren T motako linfozitoak aktibatzen dituen txerto bat eman zieten boluntarioei, vCP1521. Bigarren fasean, berriz, 120-glikoproteinaren aurkako antigorputzez osatutako txertoa eman zieten. Era horretan, orain arte ikertutako bi estrategia terapeutikoak entsegu berean biltzea lortu da; batetik, T linfozitoak aktibatuz, zuzena ez den erasobidea jorratzen da, eta, bestetik, birusaren gainazaleko 120-glikoproteina zuzenean erasotzen da. Ikerketaren emaitzak 2009. urterako espero direnez, beharbada urtebete barru baikorragoak izango gara.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia