}

Bostehun zomorro baietz!

2005/02/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bat, bi, ehun, hirurehun... eta aspertu arte jarrai daiteke kontatzen. Izan ere, milaka eta milaka intsektu dabiltza inguruan bueltaka. Hala ere, Gipuzkoako Entomologia Elkarteak Aiako Harria natur parkeko intsektuak kontatu eta sailkatu ditu.
IXI

Aiako Harria natur parkea Gipuzkoako ekialdeko muturrean dago. Han dagoen mendigune paleozoikoan Euskal Herriko materialik antzinakoenak agertzen dira. Harri igneo batzuek azaleko material paleozoikoak metamorfizatu eta, higadurari esker, gaur egun agerian dago Aiako Harria osatzen duen granitozko masa ikusgarria.

Horren material ezberdinen zerrendetan antolatutako formazio bitxi hori dugu Euskal Herriko aberastasun geologikorik handienetakoa.

Aiako Harria hegi malkartsu, sakan eta ur-jauziek moldaturiko hainbat bailara estuk osatzen dute. Parkearen zati bat koniferoek estaltzen duten arren, bertako basoaren ordezkari bikainek ere irauten dute, hala nola, Añarbeko harizti-pagadiak, Endarako harizti-ameztiak eta Oianlekuko pagadiak. Baso horiez gainera, aberastasun biologikoagatik eta bitxitasunagatik gehien nabarmentzen diren landaredi-unitateetan azpimarratzekoak dira esfagnal txikiak, haitz silizeoak eta bazter babestuetako errekei loturiko komunitateak.

Fauna, izatez, eurosiberiarra da, gehienbat. Parkean 147 ornodun-espezie daude, basoetako piztiak (orkatza eta basurdea, adibidez) edota uretakoak (izokina, esaterako), besteak beste. Eta, hori gutxi balitz, milaka eta milaka ornogabe.

Sarearen laguntzaz biltzen dira intsektu gehienak.
Gipuzkoako Entomologia Elkartea

Parkea formazio naturalek bezain ongi edo hobeki janzten dute nortasunez behinolako meategiek. Aiako Harri osoan zehar barreiatuta agertzen diren klase horretako ustiategi industrialen hondakinek oso paisaia berezia moldatzen dute; alegia, ondare interesgarriz osatua. Historiaurretik iraun duten ondare kulturalak ere han-hemenka ikus daitezke, trikuharriak, tumuluak eta cromlechak, hain zuzen ere.

Eta batek baino gehiagok galdetuko du: eta zergatik Aiako Harria eta ez Aralar ingurua, esaterako? Horrelako ikerketak Aiako Harrian, Gorbeian, Aralarren, nonahi egin daitezke, eta batean zein bestean antzeko emaitzak lortuko lirateke. Kasu honetan, Aiako Harria aukeratzeko arrazoi nagusia hurbiltasuna izan da, gipuzkoar entomologoen esanean.

Ikerketa urratsez urrats

Ikerketa honen funtsa intsektu bila mendira behin eta berriro joatean datza; batez ere udaberritik udazkenera bitartean, neguan intsektuen jarduera moteldu egiten baita. Ikerketa 2000. urtean hasi zen, eta bost urte iraun du.

Mendira joan ez ezik, intsektuak harrapatu ere egin behar dira, eta horretarako besteak beste hiru metodo erabili dituzte: laginketa zuzena, argi ultramore bidezko tranpak eta amu bidezko tranpak.

Otea, hainbat intsekturen habitata.
Gipuzkoako Entomologia Elkartea

Laginketa zuzena egunez ibilbide ezberdinak egitean datza. Eta intsektu-sarearen laguntzaz intsektuak biltzen dira, noski. Metodologiarik ohikoena da hori. Eguneko lepidopteroen kasuan erabili da bereziki. Argi ultramorearen tranpa, izenak dioen bezala, gaueko iluntasunean hainbat puntutan argi ultramorea ezartzean datza; argi horrek intsektu asko erakartzen ditu, gaueko lepidopteroak eta zenbait koleoptero, esaterako. Amu bidezko tranpan, berriz, lur azpian usain handiko likidoz betetako ontziak jartzen dira, ozpinaren eta garagardoaren nahasketarekin, adibidez. Eta, horiez guztiez gain, koba barruan ere ibili dira intsektu bila.

Mendiko jarduna bukatuta, material guztia etxera ekartzen eta behar bezala prestatzen da. Izan ere, intsektu bakoitzak, edo, zehatzago esanda, ordena bakoitzak berezko tratamendua behar du. Ezberdintasun nagusia da batzuk lehorrean eta beste batzuk alkoholetan gordetzen direla. Esaterako, tximeletak, kakalardoak eta zimitzak lehorrean tratatzen dira; tximeletak hegoak zabalduta, eta kakalardo eta zimitz asko hankak zabalduta, kartoi mehe baten gainean jartzen dira. Tamaina txikiagoko intsektuak, ordea, alkoholetan gordetzen dira.

Ale guztiek ondo etiketatuta egon behar dute. Intsektuak ez du ezertarako balio etiketarik (lekua, altuera, data...) ez badu, hau da, bilduma entomologikoko intsektuek etiketa behar dute balio izateko.

Material guztia prest dagoenean, intsektu horiek identifikatu eta bakoitzari buruzko informazioa bilatzen da, liburuetan edota adituen laguntzaz, eta txostena osatzen da.

Eta, zer ikusi dute?

Natur parkeko goi-eremuetako landaredia. (Argazkia: Gipuzkoako Entomologia Elkartea.

Guztira 500 espezie bildu dituzte, urteko 100. Hori da, hain zuzen ere, proiektu honen hastapenetatik ipini zuten helburua. Eta baita lortu ere! Horietatik gutxi gorabehera dozena bat espezie berriak dira iberiar penintsulan. Besteak beste, Ceuthosphodrus navaricus vasconicus Errenteriako Landarbason dagoen koba bateko espezie endemikoa berraurkitu dute.

Talde, familia eta ordena askorentzat lehenengo datuak eman dituzte Euskal Herrirako, eta, zer esanik ez, Aiako Harria natur parkeko dibertsitatearen jakintza-maila izugarri handitu da.

Proiektuak intsektuei buruzko informazio berri ugari eman du. Izan ere, lepidoptero- eta koleoptero-ordenei buruzko datuak aurrez nahiko ezagunak baziren ere, Gipuzkoako Entomologia Elkartea ordena guztiak biltzen saiatu da. Horretarako, gutxi gorabehera 500 mendi-irteera egin behar izan dituzte, Euskal Herrian ez baita horrelako ezer egin orain arte. Arreta berezia jarri diote parkean dauden espezieen banaketari eta kontserbazioari dagokionez duten estatusari. Eta, horrez guztiaz gain, Aiako Harriaren inguruan entomologoen arteko sare moduko bat osatzea lortu dute, eta inork ez du zalantzan jartzen hori aurrerapauso garrantzitsua dela.

Azken finean, ingurua ondo ezagutu behar da. Mapekin pixkana parkearen azalera guztia ezagutzen joan eta horrela habitat gehienak aztertu. Gipuzkoako Entomologia Elkarteak egindako ikerketa-proiektua Aiako Harria Parke Naturaleko Entomofauna izenburupean aurkeztuko da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako, Errenteriako, Hernaniko, Irungo eta Oiartzungo udalen laguntza izan du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia