}

Botiken dosiak altuegiak dira hasieran

2002/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

AEBetako eta Herbehereetako bi unibertsitatetan ikerketa bana egin dute, eta ondorio bera atera dute: merkaturatu ondoren, botiken % 20en dosia behar baino altuagoa dela ikusten da, eta, gero, dosi hori jaitsi egin behar izaten dute.

Dirudienez, farmazia-enpresek presio handia jasotzen dute dosia lehenbailehen erabaki dezaten, eta artean ikerketak lehenengo faseetan egoten dira. Hori dela eta, askotan behar dena baino bi aldiz dosi handiagoa daramate botikek kaleratzen direnean, eta, sendagileek gaixoetan zer eragin duten ikusi arte, ez da dosia jaisten.

Hala ere, sendagai-multzo bati juxtu kontrakoa gertatzen zaio: antibiotikoak. Izan ere, denbora batez erabili eta gero, dosia handitu egin behar izaten da. Ikertzaileen ustean, erresistentzia azaltzen delako gertatzen da hori.

Nolanahi ere, oso garrantzitsua da botikek hasieratik dosi egokia edukitzea; hartara, bai albo-ondorioak bai farmazia-kostuak txikiagoak izango lirateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia