Botilako uraren energia-zama
2009/03/21 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Dela beharrezko informazioa falta dutelako, dela kalkuluak egitea zaila delako edo dela beste arrazoiren bategatik, botilako urik ez erosteko deia egiten duten kanpainek, blogek, albisteek eta abarrek, oro har, ez dituzte zenbakietan arrazoitzen beren argudioak. Hutsune hori bete dute Kaliforniako Pacific Institute ikerketa-erakundeko bi ingurumen-zientzialarik, eta botilako ura kontsumitzaileen eskuetaraino eramateko zenbat energia xahutzen den kalkulatu dute.
Environmental Research Letters aldizkarian eman dute egindako ikerketaren berri. Zientzialarien arabera, batez beste, 1.100-2.000 aldiz energia gehiago erabiltzen da kontsumitzaileen eskuetaraino botilako ura eramaten txorrotako ura eramaten baino. Hori kalkulatzeko, botilako ura botilatzearen prozesu osoa hartu zuten kontuan: plastikozko botila bat egitea, ura prozesatzea, etiketatzea, botila urez betetzea, botila ixtea, botila saltokiraino garraiatzea, eta ura edan aurretik hoztea. Esaten dute 2007an 100-150 milioi upel petroliok ematen duten energia xahutu zela munduan botilako ura kontsumitzaileetaraino eramaten.
Urrats guztien artean, energia gehien kontsumitzen dutenak botilak egitea eta garraiatzea dira. Egindako ikerketan berri eman dutenez, ur-botilak fabrikatzeko 50 milioi upel petrolio erabiltzen dira urtero, Estatu Batuetan bi egun eta erdian kontsumitzen duten petrolio-kantitatea. Bestalde, ur-botilak garraiatzeko xahutzen den energia egin beharreko distantziaren araberakoa da; eta, batzuetan, milaka kilometro egiten dituzte ur-botilek, munduaren mutur batetik bestera eramaten baitituzte. Fiji uharteetan azaleratzen den ura, adibidez, mundu osoan saltzen dute.
Merezi du?
Zerk eramaten gaitu botilako ura edatera? Estatu Batuetako Worldwatch ikerketa-institutuan argitaratutako txosten batean esaten dute kontsumitzen den botilako uraren hiru laurden hamar bat herrialdetan kontsumitzen dela, txorrotako ura edateko inongo arazorik ez duten hamar herrialdetan, hain zuzen.
Inork pentsa lezake botiletan erosten dugun urak gure etxeko txorrotako urak baino kalitate hobea duela, eta, hori dela eta, hobea dela gure osasunarentzat. Baina, egia esan, uste horrek ez du zertan egia izan. Kaliforniako ikertzaileek esaten dutenez, Estatu Batuetan 2006an saldu zuten botilako uraren % 44 txorrotatik hartutako ura izan zen.
Txorrotako ur hori tratatu egiten dute, gehienetan, eta garbitutako ur gisa saldu. Ura tratatzeko, destilatu, iragazi, argi ultramorez irradiatu eta alderantzizko osmosia egiten diote, besteak beste. Baina, funtsean, txorrotako ura da, botilaratutako eta batetik bestera garraiatutako txorrotako ura.
Argitaratutako ikerketan ez dute zehazten zenbat energia xahutzen den txorrotako ura txorrotaraino irits dadin. Eta horixe kritikatzen dute beste aditu batzuek; alegia, behar bezala alderatu ahal izateko datu hori ere eman behar zutela. Ikertzaileek, ordea, esaten dute asko aldatzen dela leku batetik bestera txorrotako urari egiten dioten tratamendua, eta, horrenbestez, horretarako beharrezkoa den energia. Dena dela, ziur esaten dute ura botilaratzea baino askoz merkeagoa dela, energiaren ikuspuntutik.
Ortzadar-e n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia