Botswana hiesaren kontrako 95-95-95 helburua lortu duen hirugarren herrialdea bilakatu da
2022/08/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Botswanak GIB/HIESaren gaineko Nazio Batuen Programa Bateratuaren helburua gainditu duela jakinarazi dute, Hiesaren XXIV. Nazioarteko Biltzarrean (Montreal). Aurrez, beste bi herrialdek baino ez dute lortu helburu hori: Suitzak eta Eswatinik, biak ere 2020ko abenduan.
Hiesaren kontrako Nazio Batuen programa horren barruan, 2030erako hiru helburu betetzeko erronka jasotzen da: GIBarekin bizi direnen % 95ak bere diagnostikoa ezagutzea; diagnostikoa ezagutzen dutenen %95ak tratamendu antirretrobirala jasotzea; eta tratamendua jasotzen dutenen %95ak birusa maila detektaezinean izatea odolean. 95-95-95 izenarekin ezagutzen da erronka hori, eta Botswanak gainditzea lortu du: GIBa dutenen % 95ak ezagutzen du diagnostikoa; haietatik % 98ak jasotzen du tratamendua; eta azken horietatik % 98etan birusa maila detektaezinean dago.
Urteak behar izan ditu hori lortzeko. 2002an, Afrikako lehen herrialdea izan zen antirretrobiralak doan eskaintzen herritarrei. 2004an, osasun-zerbitzuetara jotzen zuten guztiei GIBaren testa egiten hasi ziren. 2013an, positibo emandako haurdunentzat eta edoskitzen duten emakumeentzat programa bat jarri zuten, amek haurrei transmititzea eragozteko. Eta azken planean (2018tik 2023ra), berrikuntza ugari sartu dituzte, hala nola tratamendu prebentiboa, autotesta, eta atzerritarrei ere tratamendua doan eskaintzea.
Horretarako, azken urteetan 100 milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte, % 60 gobernuak jarrita, % 30 Nazio Batuen programak, eta % 10 Funts Globalak. Emaitza hiesaren ondorioz hildakoetan ikus daiteke: 2002an 21.000 izan ziren; 5.800 2013an; eta 4.600 iaz.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia