}

Brasilgo haurren leuzemia-kasuen igoera pestizidekin lotuta egon liteke

2023/11/15 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

brasilgo-haurren-leuzemia-kasuen-igoera-pestizidek
Arg. Agência Brasília / CC BY 2.0 DEED

Brasilen pestiziden erabilera handitzearekin batera haurren leuzemia kasuek gora egin dutela erakutsi du ikerketa batek. Ikerketak ez du lotura kausalik aztertu, baina ikusi dute populazioa pestiziden eraginpean dagoela ur-horniduraren bidez. PNAS aldizkarian argitaratu dute lana.

Azken hamarkadetan, Brasil munduko soja-ekoizle nagusia bihurtu da, eta, horrekin batera, baita pestizida arriskutsu gehien erabiltzen duena ere. Cerrado eskualdean soja-ekoizpena hirukoiztu egin da azken bi hamarkadatan, eta Amazoniako eskualdean, berriz, hogei aldiz handitu da. Pestiziden erabilera hiru eta hamar aldiz artean handitu da aldi horretan.

Ikerketa honetan 15 urtetako datuak aztertu dituzte: osasun-datuak, lurzoruaren erabilerarenak, azaleko uren egoerarena, eta datu demografikoak. Ikusi dute haurretan leuzemia-kasuak nabarmen handitu direla. Eta kalkulatu dute 2008 eta 2019 artean leuzemiaz hil ziren 10 urtetik beherako haurren %50 inguru pestiziden eraginarekin lotuta egon litezkeela.

Ikertzaileek azpimarratu dute nekazaritza intentsiboaren bultzada ekonomikoaren eta osasun publikoaren arteko oreka aurkitzea garrantzitsua dela; eta ezinbestekoa dela, beste herrialde batzuetan bezala, plagizidak zorrotzago arautzea, nekazaritza-praktika seguruak eta jasangarriak bermatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia