}

BTEK, Euskadiko Teknologiaren lehenengo interpretazio-zentroa aurkeztu dute gaur goizean

2007/04/19 Lopez Viña, Rakel - Marketin sailaElhuyar Fundazioa

Euskadiko Teknologiaren lehenengo interpretazio-zentroa izango da BTEK, eta gaur goizean aurkeztu dute Bilbon. Teknologiaren interpretazio-zentro honek Bizkaiko Parke Teknologian irekiko ditu ateak 2008ko azken hiruhilekoan, eraikitzen ari diren 602 eraikinean, hain zuzen, eta Euskal Herriko horrelako lehenengo zentroa izateaz gain, estatuko lehenengoa ere bada.

BTEKen helburua da kultura teknologikoa eta berritzailea gazteen artean sustatzea. Horrenbestez, abangoardiako eraikin hori erakusketa iraunkor bat izateaz gain, erakusketa tenporalak eta tailerrak antolatuko ditu ikasleentzat. Ateak irekitzen dituen lehenengo urtean 3.000 bisita inguru izatea espero da.

Erakusketa iraunkorrak gaur egun sendotuta dagoen teknologia hartuko du gaitzat, eta hiru eremu izango ditu: Internet, etxea eta garraioak. Interneteko guneari dagokionez, bisitariek, esate baterako, sistema elektronikoak, teknologia digitala, sarearen funtzionamendua, GPS eta hori bezalako sistemak... ezagutzeko aukera izango dute. Etxeko eremuan, aldiz, besteak beste, gai hauek landuko dira: energia nola aurreztu, ingurumen adimenduna, jasangarritasuna, biozientziak, eguzki-energia eta hidrogenoa energi-iturri gisa. Azkenik, garraioaren gunean, aerodinamika, elektronika, materialak eta mekanika landuko dira, besteak beste.

Proiektu honen fundatzaileak Bizkaiko Teknologia Parkea, Elhuyar Fundazioa eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa dira, eta orain dela gutxi horiei Euskal Herriko Unibertsitatea eta Tecnalia eta IK4 korporazio teknologikoak elkartu zaizkie. Bestalde, proiektua aurrera eramateko, honako erakunde hauen babesa dute: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, Bizkaiko Foru Aldundia eta Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia