Bukatu dira auto-ilarak!
2001/01/14 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Goizean goiz irratia piztu eta auto-ilaran gaudela zirkulazioaren egoeraren berri ematen ari direnean, zelako amorrua hartzen dugun, ezta? Bada bukatu da betiko. Hemendik aurrera, bide-bazterrera sartu, botoi bat sakatu eta airera! Aurreko auto guztien gainetik hegan itzuliko gara zuzenean etxera.
Gogoratzen al dituzu, irakurle, Blade Runner edo Bosgarren elementua filmetan agertzen ziren irudiak? Etorkizuneko hirietan auto guztiak altuera desberdinetan hegan alde batetik bestera, inolako oztoporik gabe.
Bada ez pentsa hain etorkizun urrutikoaz hitz egiten ari garenik gero. Kaliforniako Moller ingeniaria M400 Skycar (zeruetako autoa) izeneko ibilgailua garatzen ari da. Skycar-ak auto-itxura du. Izan ere, auto arrunt baten neurriak ditu gutxi gorabehera, eta edozein errepidetan ibiltzeko baimena du. Baina Batmobilaren itxura duen auto honek badu beste berezitasun bitxi bat... hegan egiten duela.
Skycar-a 6 metro luze da, hiru metro zabal eta lau pertsonak eroso bidaiatzeko lekua du. M400 Skycar-ak Harrier hegazkinen antzeko aireratze- eta lurreratze-sistema bertikala du, eta airean dagoenean zorrotada bidezko propultsiozko beste edozein hegazkinen moduan dabil. Aireratzeko 10 metroko diametroa duen zelaia baino ez du behar eta hegan dabilenean, 3.000 metroko altitudean 500 km/h-ko abiada hartzera hel daiteke.
Ez hori bakarrik. M400-ak edozein erregai arrunt erabil dezake (gasolina, gasolioa, gasa...). Oso kontsumo baxua du, 8 litro kilometroko, eta 1.500 kilometro egin ditzake erregai-tanga bete beharrik gabe.
Moller ingeniaria 1963an hasi zen aireratze bertikaleko ibilgailuak garatzen. Kaliforniako unibertsitatean ingeniaritza-irakaslea zen, eta XM-12 izena zuen bere lehen prototipoak hegan egiten zuen arren, oso ezegonkorra zen airean.Arazorik larriena motorra zen, motorrek indar handia behar baitzuten.
1985ean, karelez kanpoko motorrak egiten zituen Illinois-eko enpresa bati Wankel motako motor birakarien teknologia erosi zion. Ohiko barne-errekuntzako motorretan pistoiak zilindro barruan atzera eta aurrera dabiltza. Motor birakarietan, aldiz, triangelu itxurako errotorea biraka dabil errekuntza-ganberan eta errotoreak bira osoa ematean, lau aldiko konbustio-prozesu osoa hiru aldiz ematen da. Motor hauek potentzia eta pisuaren arteko oso erlazio ona dute eta mugitzen diren osagai gutxi dutenez oso fidagarriak dira. Gauzak horrela, lau urte geroago, 1989an M200X ibilgailua eraiki zuen. Itxura zirkularra eta bi pertsonentzako lekua zuen. Bertikalean aireratu, 20 metrora egonkor gelditu eta berriro lurreratzeko ahalmena zuen, baina ez zuen hegaldi luzeagorik egin.
Orain garatzen ari den M400 Skycar-ak lau motor ditu, bi aurrealdean eta beste bi atzealdean. Motor bakoitzak haizagailu bati eragiten dio, eta sortutako haizea xafla mugikor batzuetatik pasatzen da. Xafla horiek mugi daitezke, eta xaflen posizioaren arabera haizagailuek sortutako haizea beherantz edo atzerantz desbideratzen da. Horrela, aireratzerakoan lau haizagailuek beherantz bidaltzen dute haizea, eta airean daudenean atzerantz botatzen dute. Ordenadorearen bidez, haizagailu bakoitzaren indarra eta xaflen posizioa kontrolatzen da eta horrela lortzen da ibilgailuaren norabidea kontrolatzea. M400-ak ez du ez flap-ik ez inolako artikulazio mekaniko konplexurik.
Skycar-a gidatzea oso erraza izango da. M400-ak eskuzko aginte bi izango ditu. Ezkerreko eskuaz pilotuak altitudea kontrolatuko du, eta eskuinekoarekin abiadura eta norabidea kontrolatuko ditu
Oraingoz haize-tuneleko probak egiten ari dira, baina M400 Skycar-a 2003. urterako egongo omen da prest. Moller-en esanetan, lehenengo modeloek 400.000 $ (80 milioi pta, 3 milioi libera) inguru balio izango duten arren, produkzioa handitzean, 50.000 dolarrera arte jaitsiko da bakoitzaren prezioa (10 milioi pta, 400 mila libera). Auto arrunta baino garestiagoa, baina luxuzko autoak baino merkeagoa. Dagoeneko 100 eskaera baino gehiago jaso ditu Moller International enpresak.
Skycar-ak duen arazorik handiena, halako ibilgailuentzako egokia den aire-zirkulazioaren erregulazio falta da. Izan ere, gaur egun aire-espazioa militarren eskumena da, eta erregulazio-arau gogorrak ditu.Oraingoz, Skycar-ak beste edozein hegazkin homologatuk jarraitu beharreko arauak bete behar ditu. Baimendutako aireportuetan aireratu, hegaldirako aukeratutako bidea jarraitu, eta, nola ez, pilotuak hegazkin arruntak gidatzeko baimena izan behar du.
Halere, Estatu Batuetan hegazkin txikienak automatikoki gidatuko lituzkeen sistema garatzen ari dira. GPS satelite sistemaren bidez, ordenagailu zentralak hegazkinaren posizioa kontrolatuko du eta aire-espazioa hobeto kudeatzeko sistema izango da. Horrela, radar edo kontrol-dorrerik ez duten aireportuak ere erabili ahal izango dira aireportu handiagoetan aire-zirkulazioa gutxituz. Aldaketa hauek ez dira, noski, Skycar-ari zuzendutako aldaketak, baina bere etorkizunerako halabeharrezkoak izango dira.
1940. urtean, Henry Ford-ek aurreratu zuen: "Entzun nazazue ondo: hegazkinaren eta autoaren konbinazioa helduko da. Agian aurrekoak irribarrea sorrarazi dizu, baina badator". Ez zebilen, ez, hain oker amerikar asmatzaile handia.
7K-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia