Bularreko esnea, hiesaren aurka laborategian
2006/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Laborategiko probetan oinarrituta, Amsterdamgo Unibertsitateko ikertzaile-talde batek adierazi du hiesaren birusaren aurkako eragina duela amaren esnean dagoen molekula batek.
Lewis X deitu diote molekulari, eta gluzido bat da. Nonbait, hiesaren birusa, kutsatzen dituen zeluletara sartzeko, aurrena beste zelula batzuetara lotzen da, zelula dendritikoetara, hain zuzen. Ikertzaileen arabera, Lewis X molekula ere horietara lotzen da. Ondorioz, hiesaren birusa lekurik gabe geratzen da, eta ezinezkoa zaio normalean infektatzen dituen zeluletara sartzea.
Gainera, zelula dendritikoak ugariak dira amigdalan, eta, beraz, Lewis X molekula erraz lotzen da zeluletara haurra esnea hartzen ari denean. Hala eta guztiz ere, adituek ez dute gomendatzen ama seropositiboek bularra ematea haurrei. UNICEFen arabera, urtean berrehun mila haurrek hartzen dute hiesaren birusa amaren esnearen bidez. Esneak Lewis X molekula izango ez balu, ordea, askoz gehiago izango liratekeela uste dute Amsterdamgo ikertzaileek.
Haiek aitortu dutenez, ikerketa oraindik hastapenetan dago, baina molekula mikrobizidetan probatzeko asmoa dute.