Burbuila kosmikoa
2001/03/30 Elhuyar Zientzia
Magallanesen Hodei Handia Esne-bidetik, hau da, gure galaxiatik, nahiko hurbil dago, gutxi gorabehera 165.000 argi-urtera, eta hego-hemisferioan begi hutsez ikus daiteke. Unibertsoko izar gehienak orain dela milaka milioika urte sortu ziren arren, izar-multzo hori 30.000 urte inguru agertu zela kalkulatu dute; beraz, astronomiaren ikuspuntutik, gertakari berri bat dela esan daiteke.
Izar-multzoak sortutako burbuilak 25 argi-urteko diametroa du eta irudiaren erdiko izarra, N83B, eguzkia baino 30 aldiz handiagoa eta 200.000 aldiz distiratsuagoa da. Izar horrek igorritako argitasunak eta "haizeak" hurbileko gasa kanporatu eta hutsune handi bat sortu du bere inguruan.
Frantziako, Estatu Batuetako eta Alemaniako astronomoak nebulosaren egitura aztertzen ari dira, horren osagai diren gas, hauts eta erradiazioaren arteko erlazioa ezagutzeko. Bereizmen handiko irudi horri esker, adibidez, gas-hodeia argitzen duten banakako izar batzuk ikus ahal izan dituzte.
Irudia Hubble -ren kamera baten hiru iragazki-banda estuz egindako irudiekin osatu da. Kolore gorria H-alfa ionizatutako hidrogenoarena da eta tenperatura hotza adierazten du; berdea ionizatutako oxigenoarena da; eta urdina, beroena, H-beta ionizatutako hidrogenoarena da.
Informazio gehiago Interneten:
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia