Burtsaren oinarrizko sekretuak
2006/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
"Bilboko Burtsa 2,58 puntu igo da gaurko saioaren bukaeran eta indize orokorra 1.955,20 puntukoa izan da". "Tokion hasitako jaitsierak Europa osoan izan du segida". Komunikabide guztiek ematen diote tarte bat burtsari buruzko informazioari. Hainbeste interesatzen ote zaio, bada, jendeari? Arrunta ote da edonork burtsan partaidetzak izatea?
Erantzuna baiezkoa da; gaur egun ohikoa da edonork parte hartzea burtsan, nahiz eta oso ondo jakin ez merkatu hori zer den edo zertarako den. Iñaki Herasek bereziki horientzat idatzi du liburua, burtsaren funtzionamenduaren oinarriak ezagutzea lagungarria izango zaielakoan.
Izan ere, nahiz eta komunikabideek burtsaren berri ematen duten, lehen baino informazio gehiago eskura izateak ez du ekarri jendeak hobeto ezagutzea. Hala eta guztiz ere, gero eta inbertitzaile txiki gehiago daude. Iñaki Herasen iritziz, neurri batean, ez da harritzekoa, azkenaldian interes-tasak oso baxu baitaude. Gehienentzat, ez du merezi dirua banketxean sartuta edukitzea, eta aurreztutako diruari etekina ateratzeko aukera bat izan daiteke burtsan parte hartzea.
Ardiak, iragarpenak eta tximeletak
Burtsan inbertitzean, arrazoi ekonomikoek ez ezik, eragile psikologikoek eta soziologikoek ere eragin handia dute jendearengan. Adibidez, inguruko lagunek burtsan dirua badute, eta irabazten ari direla esaten badute, ondokoari ere burtsan parte hartzeko gogoa pizten zaio. Eta hori oso ohikoa da gure inguruan.
Herasen ustez, ordea, kontuan izan behar da jendeak erraz esaten duela irabaziak izan dituela, eta, aldiz, isildu egiten dela galerak dituenean. Halaber, oroitzapen txarrak ezabatzeko eta garai onez gogoratzeko joera duenez gizakiak, burtsaren ikuspegi distortsionatua izateko arriskua dago.
Adituek ere aztertzen dute burtsako inbertitzaileen jokabidea, eta, aldagai psikologikoak duen garrantziaren adierazgarri, badira hainbat esapide. Horietako bat da 'artaldearen jokabidea', eta horixe ikertu zuten, besteak beste,
Mallorcako Azterketa Aurreratuen Mediterraneoko Institutuko Victor Eguiluz errenteriarrak eta Martin Zimmermann-ek.
Ikerketa hura Nature zientzia-aldizkarian argitaratu zuten, eta oso ezaguna egin zen. Fisikan erabiltzen den metodologiaz azterketa bat egin zuten, eta ikusi zuten esamesak direla finantza-merkatuen sustatzaile nagusietakoa. Nonbait, broker-ek informazio-pila izaten dute, ia denentzat berdina, eta horrek animalia-talde baten antzeko jokabidea izatera bideratzen ditu inbertitzaileak; ondorioz, burtsaren gorabeherak ez dira ausazkoak.
Beste esapide ezagun bat self-fulfilling prophecies da, alegia, esate edo egite hutsagatik betetzen diren profeziak. Herasen liburuan azaltzen da horren adibide bat. Azken urteetan, inbertsio- eta pentsio-funtsek sekulako dirutza mugitzen dute finantza-merkatuetan. Funts horietako bakoitza akzioz osatuta dago, eta milaka partaide txikiren ekarpenak biltzen ditu.
Duten indarra aprobetxatuz, ordea, funtsek tranpa egiteko aukera dute. Aditu-talde batek esaten badu funts jakin batek gora egingo duela, partaideak hara mugitzen dira. Ondorioz, akzioen prezioa igo egiten da, eta, beraz, esate hutsagatik profezia bete egiten da.
Eta beste arlo batzuetan erabiltzen den 'tximeleta-efektua' esapidea ere guztiz baliagarria da burtsan sarritan gertatzen den fenomeno bat izendatzeko. Horren haritik, esan ohi da New
Yorkeko burtsa hozten denean Europako burtsek doministiku egiten dutela. Are gehiago gaur egun, informatikak posible egin baitu burtsak elkarri lotuta egotea 24 orduz eta jarduera etengabea izatea.
Epe luzera...
Nolanahi ere, eragile horiek guztiak eta beste asko ere badirela kontuan hartu gabe, jendeak burtsan inbertitzen du; Herasen iritziz, gehienetan espekulatzeko asmoz. Epe motzean etekinak ateratzeko helburuarekin, jendeak akzioak erosten ditu, gero erosi dituen baino garestiago saltzeko, eta, hala, erosketa- eta salmenta-prezioaren arteko diferentzia eskuratzeko.
Hala ere, hori ez da burtsan parte hartzeko modu bakarra. Beste batzuek dirua jartzen dute akzioetan, eta hor uzten dute bi urtez, hiru-lau urtez... Hori da burtsan inbertitzeko modu klasikoa. Eta horixe egitea gomendatzen dute, hain justu, adituek. Haien esanean, burtsa da epe luzera etekin handiena ematen duen inbertsioa.
Alabaina, Herasek zalantzak ditu horren inguruan. Izan ere, zenbat
denbora da epe luzea? Liburuan ematen du erantzun bat: "Ekonomian, jakina da zer den epe luzea: esandakoa egia bihurtzeko behar den adina denbora, ez gutxiago ez gehiago". Eta Keynes ekonomilari ospetsuak esandakoa aipatzen du ondoren: "epe luzera denok hilda".
Beste inbertitzaile batzuek zuzenean egiten dituzte inbertsioak, Internet bidez. Epe motzean etekinak ateratzeko asmoa izaten dute, eta, horretarako, apalankatu egiten dira. Liburuko hiztegian azaltzen den moduan, inbertitzaile baten zorpetzea da apalankamendua. Inbertitzaile batek akzio bat edo beste finantza-produktu bat erostean, erosketaren balio osoa edo parte bat zorretan utzi duela adierazteko erabiltzen da termino hori. Inbertitzaile batzuk asko arriskatzen dira, eta berea ez duten dirua maileguz eskatzen dute, akzioak erosteko.
Horretan garrantzi handia du adinak. Topikoa dirudien arren, normalean bete egiten da, eta, zenbat eta gazteagoa izan inbertitzailea, orduan eta arrisku handiagoz jokatzen du, eta alderantziz. Argi dago, bai, soziologiak eta psikologiak lotura estua dutela finantza-ekonomiarekin, baina baita politikak ere.
Berezko logika
Burtsaren gorabeherak aztertzeko eta asmatzeko, hainbat teknika eta eredu garatu dituzte zientzialariek. Kaosaren teorian, estatistikan, probabilitatean eta beste hainbat teoria matematikotan oinarritzen dira ereduok, eta, horiek erabilita, burtsa nondik nora joango den iragarri nahi izaten dute adituek.
Alabaina, hainbeste aldagai izan behar direnez kontuan, ia ezinezkoa da eredu perfektua lortzea. Are gehiago aldagai horietako batzuk ezin direnean aurreikusi. Esate baterako, gerrek, atentatuek... sekulako eragina dute burtsan, eta askotan ezin dira aurreikusi. Nork asma zezakeen 2001eko irailaren 11n eraso hura gertatuko zela New Yorken? Hori gutxi balitz, pertsona bakar baten erabakiak ordura arteko joera iraul dezake. Zer gertatuko litzateke Bushek politika ekonomikoa bat-batean aldatuko balu?
Ezegonkortasuna burtsaren berezko ezaugarrietako bat da. Ekonomia errealarekin lotura badu ere, sarritan zaila da igartzen lotura horren logika. Askok esaten dute burtsak bere logika duela, eta horren arabera funtzionatzen duela. Eta, zenbat diru mugitzen duen aintzat hartuta, komeni da funtzionamendu horren oinarriak ezagutzea. Egin kontu: finantza-merkatuetan 21 bilioi dolar mugitzen dira, hau da, mundu osoko merkataritza-merkatuetan baino 50 aldiz gehiago. Beste era batera esanda, munduan dagoen lagun bakoitzeko 3.500 bat dolar mugitzen dituzte finantza-merkatuek. Bada zerbait.