C hepatitisean % 97ko sendatze-tasa lortu da metadona-erabiltzaileetan
2022/12/26 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
C hepatitisaren aurkako botika berrien sendatze-tasak % 95etik gorakoak diren arren, gaixotasunaren prebalentzia oso handia da metadona bidezko mantentze-terapia egiten duten erabiltzaileen artean, pertsona horiek zailtasunak izaten baitituzte mediku-arreta jasotzeko eta tratamendua behar bezala egiteko.
Zailtasun horiek gainditzeko, Donostiako Bitarte adikzioen zentroan zirkuitu bat diseinatu dute, psikiatrarekin elkarlanean, berariaz paziente horientzako. Besteak beste, adikzioen zentroan bertan bateratu dituzte espezialistaren balorazioa eta botikak ematea, eta pazienteei jarraipen pertsonalizatua egin diete. Hala, pazienteen % 87 tratatzea lortu dute, % 97ko sendatze-tasarekin.
Horrez gain, tratamendua hasi aurretik, eta sendatu eta urtebetera, test psikometrikoak egin dizkiete, egoera kognitiboa, psikiatrikoa eta bizi-kalitatearen pertzepzioa baloratzeko. Izan ere, azterketa askotan, C hepatitisa antsietatearekin, depresioarekin eta bizi-kalitate eskasarekin lotzen da, eta, gaixotasuna sendatzen denean, sintoma horiek hobetu egiten direla iradoki izan da. Alabaina, ikerketan ez dute aurkitu alderik, tratamenduaren aurreko eta ondorengo emaitzen artean.
Ikerketa Ylenia Pérez Castañoren doktoretza-tesiaren emaitza da, eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Luis Bujanda Fernandez de Piérola eta Juan Arenas Ruiz-Tapiador doktoreen zuzendaritzapean egin du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia