}

Camaronen bluesa: mangladiak

1998/07/01 Malo, Juan | Olano, Jose Miguel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zangoz betetako zuhaitz baten irudia da mangladien ezaugarririk aipagarriena. Bere itxuraz gain, mangladiak osatzen dituzten zuhaitzek ur gazitan bizitzeko moldaketa ugari dute. Beste ekosistema tropikaletan bezala mangladien azalera murrizten ari da. Ekuadorren, berriz, mangladiak arin ari dira desagertzen, zeren mangladiak dauden lekuetan otarrainskak hazteko piszinak ipintzen ari baitira.

Rhizophora ren sustrai zangoluzeek mangladiei itxura bixia ematen diete.

Banaketa

Itsasoa da munduan kormofitoek (ehun baskularra duten goi-mailako landareek) kolonizatu ez duten gune bakarra. Lehorreko ekosistemetan nagusi izan arren, oso espezie gutxik (Thalassa, Zostera, Posidonia...) lortu dute itsasoan bizitzea. Kormofitoek itsasoko ur gazitan oinak busti besterik ez dute egiten.

Zenbait kormofito gai dira marearteko eremuan irauteko, baina itsasoaren eragina txikia den aldeetan soilik. Lur/itsaso interfasean bizi diren landare-formazio guztien artean, dudarik gabe, biomasa eta konplexutasun estrukturalik hadiena dutenak mangladiak dira. Tropiko eta subtropikoko mareartean bizi diren komunitate oihandarrak sartzen dira izen generiko horretan. Formazio hauen banaketa latitude baxuetara mugatuta dago, baina bere mugak oso aldakorrak dira goaien arabera.

Itsasoko korronte epelaren eraginpean dauden lekuetan, Kariben, adibidez, mangladiak 27°ko latituderaino irits daitezke (adibidez, Floridako kostaldean). Aldiz, korronte hotzeko kostaldean (eta horrek klima ere lehorrago egiten du) oso gradu gutxi urruntzen dira Ekuadorretik. Esate baterako, Hego Amerikako Pazifikoko kostaldean, Humboldt korrontetik hurbil, mangladiak Peru eta Ekuadorren arteko mugaraino iristen dira soilik, (3°ko latituderaino).

J.M. Olano

Hain ingurune estresagarrian bizitzeko, landareek bereziki egokitu behar izan dute. Sustrai eta ehunak itsasoko gatzen kontzentrazio handia jasan behar dute; giro anaerobioak sustraien arnasa eragozten du; gainera, sustratu hain mugikorrean tinko irauteko ere egokitu behar dute. Bestalde, haziek muturreko baldintza horietan hazteko gaitasuna behar dute izan. Efizientzia desberdinez bada ere, mangladiko landareek oztopo horiek guztiak gainditzea lortu dute.

Kormofitoen prozesu zelular gehienak ezin dira burutu itsasoko konposizio eta kontzentrazio ionikoan eta, horrexegatik, hau zuzentzeko estrategiak erabili behar dira: gatza hosto eta sustraietan aktiboki iraiztea, galtzera doazen hosto zaharretan metatuz kanporatzea, edo saparen kontzentrazio osmotikoa aldatuz itsasoari ura “lapurtzea”.

Mangladiko zuhaitzek aukera hauetako bat gutxienez hautatu dute. Rhizophora edo mangle gorriak gatzaren sarrera mintza zelularrean blokeatzen du. Bere sustraien jariakinen presio osmotikoa oso altua da (35-60 atm), itsasoko urarena baino altuagoa (25 atm). Baina gatzen kontzentrazioa ez da oso altua (1,2 eta 1,5 mg/l artean) eta kontzentrazio osmotikoaren igoera produktu organikoak askatuz lortzen da. Ura prozesu osmotiko eta mikroiragazketaren bidez barneratzen da landarean.

Avicennia germinans edo mangle beltzak gatz-kantitate handia hartzen du bere kontzentrazio osmotikoa igotzeko, eta horrela ura “zurgatzeko” gai da. Ioi desberdinen arteko desoreka ekiditeko, bere hostoek gatza aktiboki kanporatzen duten guruinak dauzkate. Hauek epidermian kokatuta daude eta bere entzimek Na/K erlazioaren menpeko aktibitatea dute.

Ubarroiak mangladiko zuhaitzetan oso ugariak dira.
J.M. Olano

Mangladietako lurrak anoxia-arazoak ditu, hutsarteak urez eta ez haizez beteta daudelako, eta gainera, zama organikoa altua eta deskonposizioa oso aktiboa delako, dagoen oxigenoa murriztu egiten delarik. Horrexegatik, goitik sustraietara oxigenoa eramateko mekanismoak behar dira. Rhizophorak bere zango itxurako sustraietan lentizelak (arnas egiteko poroak) ditu. Morak eta Pelliceriak ere lentizelak dituzte, baina ohol-sustraietan. Avicennia eta Lagunculariaren egokitzapena da interesgarriena: hauen sustraietatik pneumatoforoak irteten dira —gorantz, geotropismo negatiboz hazten diren sustraiak— eta uretatik irteten dira, itsasbeheretan behintzat. Kanpotik ikusita kebideen antza dute, baina barruan belaki parenkimaz beterik daude, gasen elkartrukea egin ahal izateko.

Behin egarria asetu eta arnas egiteko prest daudelarik, mangladiko zuhaitzek ingurune mugikorrean tente egon behar dute. Sustratua, lohi eta urez beteta, oso mugikorra da, egunero itsasgoraren eta itsasbeheraren indarra sentitu behar baita (marea, adibidez, lau metroraino irits daiteke Ozeano Barean). Rhizophorak lortu du egokitzapenik ikusgarriena: enborra sustrai zangoluzeen bidez altxatzen da eta lokatzaren gainean flotatzen duela esan daiteke. Avicenniak eta Lagunculariak , ordea, sustraia azal radialak dituzte, horrela oinarria handiagoa izatea lortzen dutelarik. Pelliceriak eta Morak , lehen esan bezala, ohol-sustraiak dauzkate.

Bizitzeko baldintza guztiak beteta, espezie hauek heltzeko gai izan behar dute; ez da erraza landareak itsasgora guztietan urpean geratzen direla bizitzea. Beraz, lehenbaitlehen hazi behar dute. Presio ebolutibo horrek mangladiko zuhaitz guztien konbergentzia sortu du. Mangleen haziak oso handiak dira (adibidez, Morarenak 1.000 g edo gehiagokoak dira). Denak bibiparoak dira, hau da, adarren gainean hozitzen dira denborarik ez galtzeko, eta forma bera dute, buruz behera ez erortzeko. Hori gutxi balitz, flotatzeko gauza ere badira, horrela, behar izanez gero, beste hondartzaren batera korrontearen eraginez iristeko.

Mangladien ekosistema

Ibai honen ertzetik hamar metro atzerago mangladiak moztuta zeuden. Hala ere, lertxunak mangladiko sustrietan arrantzaren zain segitzen du.
J.M. Olano

Mangladiak ez dira ekosistema dibertsoak, landare-espezie gutxi bizi baita bertan. Kasu batzuetan muturrera iristen da arazo hori: badaude zuhaitz-espezie bakarreko mangladiak.

Kontuz, hala ere, esandakoarekin. Ekosistemak ez dira espezieen zerrenda hutsak eta espezie-kopurua ez da beti garrantzitsuena. Ekosistemak, izan ere, ez daude multzo itxietan, eta beren arteko erlazioek sare bat ehoten dute. Landare-espezie gutxi eduki arren, mangladietan gertatzen diren prozesuek sekulako garrantzia dute kostaldeko ekosistemetan.

Mangleen hostoek anitz elikagai dituzte eta sare trofiko aberats baten oinarri dira. Espezie askok bizitza-faseren bat gainditu ahal izateko mangladietara jo behar dute halabeharrez. Horregatik, mangladiak desagertzeak aurreikus ezin daitekeen inpaktua eduki lezake kostaldeko gainerako ekosistemetan. Gauzak ez dira basoetan bezala, non elikagaien mugimendua ia bertikala den; mangladietan, ekosistema urtarretan bezala, ezaugarri horizontala ere oso garrantzitsua da.

... eta otarrainskak

Lur estero-gaziak Ekuadorrean ia desagertu egin dira. Hemen pumaren aztarnak ikusi genituen.
J.M. Olano

Guk uste baino garrantzitsuagoa da zer jaten dugun, mahaiean esertzean ditugun lehentasunak, eta horien aldaketak. Hirugarren Munduko herrialdeetako ekonomiek Lehen Munduko herriak lehengaiez hornitzen dituzte eta merke, gainera. Normalean, herrialde bakoitzak produktu bat edo bi saltzen ditu nazioarteko azoka horretan. Horrexegatik, gure lehentasunak aldatzen direnean produktu batetik bestera (arabica kafearen ordez, robusta kafea, adibidez) edota edozer gauza bat-batean erabat “pozointsua” bihurtzen denean (azukrea, adibidez) herrialde hauetan sekulako desoreka ekonomikoak sortzen dira. Zeinen gogorrak diren merkatuaren legeak!

Hemen otarrainskaren (camarón, Ekuadorren esaten zaien bezala) istoria azalduko dugu, produktu batek ingurunearen kudeaketa eta egoera erabat alda ditzakeela ikusteko. Baita prozesu horiek guztiak guk uste baino hurbilago ditugula ohartarazteko ere.

Kamarona edo Pennaeus vannamei gure otarrainskaren antzeko espeziea da. Itsaso Barean bizi da. Bere bizi-zikloa ezaguna da: itsaso zabalean hasten da bere bizitza, emeak hara baitoaz arrautzak errutera; larba-fasea bertan igaro ondoren, postlarba kostaldera mugitzen da, estuarioetara, elikagai askoko lekuen bila eta, normalean, mangleen sustraien artera; han bizi dira, hondoko organismo bezala, heldutakoan berriro itsasora bueltatzeko.

Otarrainsken arrantza oso garrantzitsua da kostaldeko biztanleentzat.
J.M. Olano

Kamarona betidanik egon da arrantzaleen ikusmiran; harrapaketa 8.000 t/urte ingurukoa izan da 1979-1989 urteen bitartean. 1969an akuikulturarako erabiltzen hasi zen, nahiz eta hasieran kopuru txikitan. Hamar urte geroago, urteko produkzioa 4.000 tonakoa zen, oraindik itsasoan harrapatutakoa baino gutxiago. Baina urte horretan esponentzialki hazten hasi zen, Ekuadorreko hirugarren dibisa-iturria izateraino heldu zelarik (petroleoaren eta bananoaren atzetik). 1989. urtean produkzioa 70.000 tonakoa izan zen.

Kamarona ia bakarrik esportaziorako erabiltzen da, lapurtutakoak besterik ez baitira sartzen merkatu nazionalean. Erosle nagusia Estatu Batuak izan dira, baina azken urteotan Europako merkatuaren garrantzia handitu egin da, Espainiakoa bereziki (146 milioi dolar 1992. urtean).

Kamaronen akuikultura postlarbak lortuz hasten da, horretarako hiru modu egonik. Errazena, eta gehien erabiltzen dena, postlarben arrantza da. Aktibitate horren inguruan ia 10.000 pertsonek egiten dute lan Ekuadorreko kostaldean soilik, batzuek urte osoan, baina gehienek hilabete batzuetan. Postlarba guztiek ez dute balio: Pennaeus generoak hiru espezie dauzka Ekuadorren eta soilik Pennaeus vannamei erabiltzen da. Besteak bota egiten dira, gehienetan hondartzara eta bertan hiltzen dira. Itsasotik hazlekuetarako bidean, berriz, asko hiltzen dira, postlarben ia % 80, gutxi gora-behera.

Bigarren sistemak ez du postlarbarik harrapatzen, eme ernariak baizik. Hauek laborategietara saltzen dira postlarbarainoko zikloa bete dezaten. Beste leku batzuetan, oso gutxitan, ziklo osoa, ugalketa barne, laborategian egiten da. Teknika honen bidez kamaronen industriak barietatea hobetu ahal izango luke, produktibitatea handiagotuz. Horrela, neurririk gabeko ustiapena ere murriztu egingo litzateke.

Kamaroneratako bizi-baldintzak nahikoa gogorrak dira; hemen hamabost lagun bizi ziren. Hamabost egun lan, hiru libre: soldata, 4¢ eguneko gehi mantenua.
J.M. Olano

Fase honen ondoren, postlarbak kamaroneratara saltzen dira. Postlarbak erostea da prozesu osoaren zatirik garestiena, kamaronera erdihedagarrientzat behintzat. 1984. urtean, postlarbak oso garesti zeudela, gastuen % 44 izan zen.

Kamaronera gehienak ez dira beste munduko gauza: lurrez eginiko igeritokia, kanale-sare batez urez hornitzen direnak. Kamaronak pentsuz elikatzen dira, tamainu eta pisu egokia lortu arte; orduan, piszina hustu eta lurrean harrapatzen dira, hogerlekoak balira bezala. Normalean prozesu honetan antibiotikoak barra-barra erabiltzen dira, gaixotasunen arriskua oso altua delako. Ura ere maiz aldatzen da, mantenugaien kontzentrazio altuek algak gehiegi haztea ekar ez dezaten. Horrela enpresa hauek nahikoa poluzioa sortzen dute. Aktibitate honen garapena Ekuadorreko ingurugirorako oso kaltegarria izan da, itsas ekosistementzat gehienbat. Eta ez bakarrik lehen aipatu dugun arazoengatik.

Kamaronerak kasu askotan mangladietan edo lur estero gazietan kokatzen dira. 1989an kamaronera modura erabilitako 118.000 Ha-tatik, 38.500 lur estero gazietan zeuden eta ekosistema honen % 75 desagertu egin zen. Beste 38.000 Ha lehen mangladia zen lekuetan egin ziren, ekosistema honen % 15 suntsituz (CLIRSEN 1987). Mangladiak gero eta azkarrago ari dira desagertzen: 1984-1987 urteetan, urteko tasa % 1,28 izan zen eta 1991 (CLIRSEN 1991) % 1,8.

Hemen ikus daitekeenez, kamaronerak nahikoa sinpleak dira.
J.M. Olano

Zergatik gertatu da hau? Bi arrazoi daude; alde teknikotik ikusita hobe da igeritokia uretatik hurbil kokatzea, horrela ponpaketarako gastuak murrizten baitira. Bigarrena negargarria da: Ekuadorren, Espainian bezalaxe, barruti itsastar-lehortarra publikoa da. Horren esanahia? Ekuadorren (horrela izan zen Espainian ere) jaberik ez du eta edonork erabil dezake txanpon bat ere eman barik.

Gainera, prozesu hau zuzentzea ez da erraza, industria horrek Ekuadorren dituen baldintzengatik. Kamaronera Ha batek 0,59 tona baino ez du ematen; oso gutxi, Mexiko, Txina edo Hondurasen tona baino gehiago ematen dutela kontuan izanik. Ekuadorren errentagarritasuna ez da produktibitatearen bidez lortzen, kostuak gutxiagotuz baizik: inbertsio urriak eta soldata baxuak (eguneko 5$ edo gutxiago).

Egon badaude urak ez nahasteko, kamaronera urrunago edukitzeko teknologiak. Mangladien aldeko legeak (teorian) ere badaude. Baina enpresa gehienen ideologia inbertsiorik gabe dirua egitea denez, ez dute aldaketa hauek egiteko borondaterik. Zenbaitzutan, enpresak kapitalizatuta, egoera hau aldatu egin da, baina salbuespenak dira. Nola jarraituko ote du kamaronen bluesak?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia