}
Dava Sobel Zientzia-dibulgazioko idazlea

"Carl Saganen hitzaldi bat entzutean pentsatu nuen nire bizitzako gauzarik interesgarriena ari nintzela entzuten"

2010/07/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzia-dibulgazioaren izen handi bat da Dava Sobel. Urteetan New York Times egunkarian idatzi zuen zientziari buruz. Idazle ezaguna da, eta, gainera, Carl Sagan-en Cosmos telesail ospetsuan egin zuen lan. Liburuen produkzio txikia du beste dibulgatzaile batzuekin konparatuta, baina oso arrakastatsua; Iru ean izandako Zientziaren Komunikazioaren Kongresuan ilarak egin zituzten irakurleek, Sobelen sinadura eske. Elkarrizketa hau eskaintzeaz gain, Liburutegia atalerako gomendio bat egin zigun.
carl-saganen-hitzaldi-bat-entzutean-pentsatu-nuen-
ARG.: Eider Carton - Arg. Eider Carton
"Carl Saganen hitzaldi bat entzutean pentsatu nuen nire bizitzako gauzarik interesgarriena ari nintzela entzuten"
2010/07/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Nola hasi zinen New York Times egunkariarentzat lanean?

Harvard Unibertsitateko aldizkarian idazten nuen. Findings ( Aurkikuntzak ) izeneko zutabe bat nuen. Izenburu horren azpian ikerketan egindako aurkikuntzak edo topatzen nituen gauza txikiak biltzen nituen; zientziari buruzko artikulu laburrak ziren. New York Times eko jende askok irakurtzen zuen aldizkaria, eta hango norbaitek ikusi zuen nire zutabea, eta lanpostu bat eskaini zidan. Nire lehen lana asteko albisteen errebisioa zen; ez zitzaidan gustatzen, beste erredaktoreek astean zehar idatzitakoa berridazteko lana zelako. Baina aukera bat sortu zen Science Times en, egunkariaren zientzia-atalean. Eskaera egin nuen lanpostu horretara aldatzeko, eta hurrengo bi urteetan han egon nintzen.

Hemen idazlea zarelako zara ezaguna, eta zure liburu ezagunenetako bat Longitude da, nabigazioan longitude zehatza zehaztearen problemaren historia. Nola sortu zen liburua?

Istorioa Harvarden hasi zen. Hango Tresna Zientifikoen Museoko zaharberritzailea ezagutu nuen. Britainiarra zen, longitudearen problemari soluzioa eman zion John Harrison heroia bezala. Hark eman zidan ideia. Gero, 1993an, Harrisonen jaiotzaren 300 urteurrena ospatu zen, eta problemari buruzko sinposio bat antolatu zuten. Sinposioari buruz idatzi nuen Harvardeko aldizkarian, eta liburuen editore batek artikulua irakurri zuen. "Bihurtu dezakezu hau liburu?", galdetu zidan. Harvardeko aldizkaria mundiala izan da niretzat (barreak).

Ez du Harrisonen historia bakarrik kontatzen.

Bai, gai askorekin du zerikusia: mapak egitearekin, esplorazioarekin eta abar. Espainiako Felipe II.ak sari bat eskaini zuen longitudearen problemari soluzioa ematen zionarentzat. Galileok berak dirua jaso zuen Espainiako gobernutik. Hori guztia Harrison jaio baino bi mende lehenago hasi zen; oso istorio luzea da.

Pelikula bat ere egin zuten istorio horrekin.

Oso ona da, benetan. Michael Gambon-ek egiten du Harrisonena. Badakizu zergatik aukeratu zuten Gambon paper horretarako? Bada, erlojugilea delako, Harrison bezala. Mundiala zen Gambon erlojuaren piezatxoekin lanean ikustea; bazekien benetan zertan ari zen!

(Argazkia: -)
The planets liburua ere ezaguna da. Nola sortu zen hura idazteko ideia?

Batez ere astronomiaz gutxi dakien jendearentzat landu nahi nuen gai hori. Horregatik idatzi nuen idatzi nuen bezala, mota askotako istorioak nahasita. Saiatu nintzen planeta bakoitza gertuko gauza batekin erlazionatzen, irakurleari zientzia interesatzen ez bazaio ere. Astrologia, zientzia-fikzioa eta abar aipatzen ditut.

Ilargiari eskainitako kapituluan kontatzen duzu zure lagun bat Ilargiaren hautsa aztertzen ari zen zientzialari batekin maitemindu zela, zientzialariak oparitu ziola hauts pixka bat, eta zure lagunak jan egin zuela Ilargiko hauts hura. Egia al da hori guztia?

Bai! Benetako istorioa da (barreak). The Planets eta Longitude oso ezberdinak dira. Bi kontakizun-mota dira. Erronka handia izan zen; ideia asko nituen, eta aukeratu behar izan nuen. Bi urte eman nituen informazioa biltzen eta erabakitzen nola idatziko nuen liburua. Halako batean, nire agenteak eskatu zidan azaltzeko zein den eguzki-sistemaren eta galaxiaren arteko ezberdintasuna, eta pentsatu nuen: "ez daki ezer! Gizon azkarra da, baina ez daki ezer. Nola kontatuko diot hori?". Gertuko gauzen zerrenda bat osatu nuen, zientzia-fikzioa, olerkia, Biblia eta abar, eta bazegoen material nahikoa planeta bakoitzarekin lotzeko. Marte eta zientzia-fikzioa lotuko nituen; Jupiter eta astrologia; eta abar. Horrekin, baneukan liburua!

Beste liburu bat Galileo's daughter da ( Galileoren alaba ), Galileoren biografia bat, baina alaba baten ikuspuntutik.

Bueno, hiruretan onena da. Kontatzen duen istorioa gizatasun handikoa da. Alabak oso bizitza zaila izan zuen. Bere aitarengandik oso gertu zegoen; baina moja zen, eta ezin zuen komentutik irten. Beraz, aitak eta alabak etengabe idazten zizkioten gutunak elkarri. Galileok berak sartu zuen alaba komentuan, 13 urte zituenean, eta ez zuen inoiz alde egin.

Ondo dokumentatuta dago haren bizitza?
(Argazkia: EIDER CARTON)

Alde batetik, bai, gutun horien bitartez. Dena den, gutunek hamar urteko tartea besterik ez dute erakusten. Komentuan sartu zen data, adibidez, komentuaren beraren artxiboan azaltzen delako ezagutzen dugu.

Fikziorik ba al dago dokumentatu gabeko zatietan?

Ez, ez dago fikziorik liburuan. Gutunak itzuli nituen, eta Galileori buruz daukagun informazioarekin osatu nuen haria. Historia osatu ahal izan nuen; ez da eleberri bat. Izenburuarengatik, batzuek uste izan dute eleberria zela, baina ez da.

Carl Saganekin egin zenuen lan. Nola izan zen?

Cornell Unibertsitatearen lanpostu baterako eskaera egiten ari nintzen, eta, Cornellez gain, beste unibertsitate bat bazegoen hiri hartan. Nik beste unibertsitate hartan egiten nuen lan. Unibertsitate hartako ikasle batzuek egunkari bat jarri zuten martxan, eta eskatu zidaten Sagan elkarrizketatzeko. Saganek baiezkoa eman zidan. Oraindik ez zen ospetsua, Cosmos telesaila baino lehenagoko garaia zen. Hitzaldi bat emana zuen nire unibertsitatean, eta hitzaldi hura entzutean pentsatu nuen nire bizitzako gauzarik interesgarriena ari nintzela entzuten. Ez nekien askorik astronomiari buruz, baina, hari entzun ondoren, gehiago ikasi nahi nuen.

Elkarrizketa egin zenion, noski.

Oso atsegina izan zen. Ordubetez hitz egin genuen, gutxi gorabehera. Egunkarirako azkar egin behar nuen lan, eta, beraz, etxera iritsi eta segituan idatzi nuen elkarrizketa. Hurrengo egunean deitu nion, esateko bukatu nuela eta telefonoz irakurri nahi niola idatzitakoa, zuzena zela baieztatzeko. Izugarri gustatu zitzaion hori; alde batetik, oso azkar idatzi nuelako, eta, bestetik, emaitza argitaratu baino lehen erakutsi niolako. Zuzenketa gutxi batzuk egin zituen. Zientzia idazten nuen lehen aldia zen; bazeuden akatsak. Gero, esan nion Cornell Unibertsitaterako plaza baten eskaera egina nuela, eta berak esan zidan ea bere gomendio-gutuna nahi nuen. Eta lanpostua lortu nuen.

(Argazkia: EIDER CARTON)
Eta nola iritsi zinen Cosmos telesailean parte hartzera?

Telesaila egiten ari zirenean, pertsona bat zuten ekipoan, bidaietan sortzen ziren arazoei irtenbide bat emateko. Eta pertsona horrek ez zekien ezer astronomiari buruz. Eta Sagan asko haserretu zen horregatik. Esan zuen: "Hiru pertsonaren izenak emango dizkizuet, eta aukeratu ezazue bat lan hori egiteko". Ni nintzen hiru haietako bat. Freelance moduan egiten nuen lan. Beste biek benetako lanak zituzten, eta, beraz, ezin zuten hori egin. Nik bai, eta ekipoarekin bidaiatu nuen telesailaren zati batean.

Beraz, ikusi zenuen telesaila nola filmatzen zuten!

Eszena batean ere irteten nintzen, baina moztu egin zuten (barreak). Baina, adibidez, Grezian... eszena bat anfiteatro batean filmatu zen; gelaren erdian sua piztuta zegoen, Eguzkia simulatzeko. Eta antzokiaren eserleku-ilara bakoitzean banderatxo batzuk zeuden, bakoitzak planeta bat adierazteko. Ni goizean goiz joan nintzen leku hartara, eta ikusi nuen Saturnoren banderatxoa Marte eta Jupiterren artean jarria zutela, eta ez alderantziz. Nik aldatu egin nuen. Eta zuzendariak esan zidan: "Carl etortzen bada eta hori ikusten badu, akabatu egingo gaitu". Hori izan zen nik egindako gauzetako bat.

Roa Zubia, Guillermo
3
266
2010
7
012
Elkarrizketak; Bibliografia
Elkarrizketa
18

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia