}

Carlos Fernández-Jáuregui: "Ez da posible ur-baliabideak banaketa politikoaren arabera kudeatzea"

2008/05/01 Urruzola Arrate, Manex - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ur-baliabideei buruzko hainbat argitalpenen egilea da Carlos Fernández-Jáuregui (Sucre, 1950). Ur- eta ingurumen-zientzietan Unescoren aditua da, eta ardura nagusia izan du Nazioarteko Plan Hidrologikoaren Latinoamerikarako eta Kariberako garapenean.
Nazio Batuen Erakundearen Zaragozako Uraren Bulegoaren koordinatzailea
Carlos Fernández-Jáuregui: "Ez da posible ur-baliabideak banaketa politikoaren arabera kudeatzea"
2008/05/01 | Urruzola Arrate, Manex | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Fernández-Jáureguik ingeniaritza zibila ikasi zuen San Andresko Unibertsitate Nagusian (Bolivia), eta hidrologian doktorea da Berlingo Unibertsitate Teknikotik.
(Argazkia: E. Moreno Esquibel)
Zer helburu ditu "Ura bizi-iturri" ekimenerako Nazio Batuen Erakundearen Zaragozako bulegoak?

Erronka hirukoitza da. Lehendabizi, langile teknikoak biltzea nazioartean, eta baita nazio mailan babesa jasotzea ere. Bigarren erronka da Nazio Batuen Erakundearen milurtekoko helburuak 2015erako betetzea; eta, batez ere, edateko ura edo ur segurua eskuratzerik ez duen pertsona-kopurua erdira gutxitzea. Azkenik, bulego hau Nazio Batuen uraren inguruko berritzegune bihurtzea da hirugarren erronka.

Hain zuzen ere, Zaragozan aurtengo udan egingo den Expo 2008aren leloa "Ura eta garapen jasangarria" da.

Zaragoza Exporen egoitza bihurtu zenean, Uraren Hamarkadaren Bulegoaren egoitza izateko beste elementu bat gehiago lortu zuen Espainiak. Une honetan, Expok eta Nazio Batuen Bulegoak elkarrekin ekitaldi asko egiteko asmoa dugu, baina ekimenak ezberdinak dira: Expok hiru hilabeteko iraupena du, eta bulegoak askoz iraupen luzeagoa izango du.

2015erako helburuetako bat da ur-eskasiagatik hiltzen den pertsonen kopurua erdira jaistea. Jada ez dago inon urik soberan...

Nik uste dut uraren gaia kontzeptualki aldatu egin dela azken hamar urteetan, eta mito ugari ari direla desagertzen. Ez dago ur-eskasiarik, ur-baliabideen kudeaketaren krisia baizik. Arazoa ez da eskasia, arazoa gobernagarritasuna da.

Nola gobernatu behar da uraren krisia orduan, txiroenei eragiten dien krisia izanik?

Badira ezinbesteko baldintza batzuk. Lehenengoa: politikarien, teknikarien eta erkidegoaren parte-hartzearekin egin behar da ur-baliabideen kudeaketa. Eta erkidegoa azpimarratu nahi dut. Erkidegoak munduko oso leku gutxitan izan du aukera iritzia eman, erabaki eta ur-baliabideen kudeaketan eragiteko. Politikari eta teknikariek erabakitzen dute gehienetan. Bigarren ezinbesteko baldintza da ur-baliabideen kudeaketa arro hidrografikoaren edo akuiferoaren barnean soilik egitea; ez da posible ur-baliabideen kudeaketa probintzia edo estatu baten banaketa politikoaren arabera gauzatzea. Banaketa politikoak, munduko kasurik gehienetan, banaketa arbitrarioak dira.

Baina zer gertatzen da ur-baliabiderik ez duten estatuekin? Ur-iturri partekatuak, akuiferoak kasu, gatazka-iturri izan dira historian zehar... Uraren arazoaren irtenbidea gobernuen arteko elkarlanean baldin badago, ba al dago itxaropenerako arrazoirik?
Carlos Fernández-Jáuregui koordinatzailearen albokoa izan zen 2001etik 2006ra Unescoren Ur-baliabideak Ebaluatzeko Munduko Programan
WWAP, World Water Assessment Programme
(Argazkia: M. Urruzola)

Interesgarria da galdera. Garrantzitsua da jakitea ura ez dela gatazka-iturri; alderantziz, ura beti izan da elkarlanerako iturri. Beti egon dira akordio gehiago desadostasunak baino. Tamalez, egia da prentsarentzat askoz fotogenikoagoa dela albiste txar bat ehun berri on baino. Ur-baliabideen kudeaketa partekatua posible dela sinetsita gaude, eta uraren arazoa zuzentasun-arazoa eta giza eskubideen arloko arazoa dela ikustea guztion ardura dela uste dugu.

Nola hobetu daiteke planetako ur-baliabide erabilgarrien kudeaketa?

Uraren krisia gobernagarritasun-krisia da. Herrialde, probintzia edo autonomia baten ur-baliabideak hobetzeko, bost baldintza bete behar dira. Hasteko, maila goreneko ur-agintaritza neutralak sortu behar dira. Bigarrenik, herrialde horrek ur-baliabideen lege moderno bat izan behar du, ezagutzaren aurrerapenak barne hartzen dituena; erkidegoak modu eraginkorrean parte hartzea da erronka nagusia. Eta gobernagarritasun on baterako hirugarren baldintza da ura kudeatzeko gai diren giza baliabideak izatea; eta ez naiz ur-baliabideen ingeniariez soilik ari, baita kudeatzaileez ere: uraren inguruko heziketa jaso duten gerenteak behar ditugu. Laugarren baldintza finantza-baliabide egokiak izatea da, gizartearen beharrak islatzen dituzten ekintzak aurrera eramateko. Bosgarren baldintza, hau ere funtsezkoa, informazioa da; administrazio publikoaren kudeaketari buruzko informazioa jasotzea guztion eskubidea da.

Bost baldintza horiek betetzen badira, herrialde batek behar adinako gobernagarritasuna lortu duela esan dezakegu. Herrialde garatu askok ez dituzte denak betetzen, eta garabidean dauden herrialde batzuetan, berriz, baldintza guztiak betetzen dira. Eta horrek erakusten du uraren krisia ez dela soilik herrialde txiroena, gizakiaren arazoa dela.

Zer lehentasun izan behar lituzke duela gutxi sortu den Uraren Euskal Agentziak?

Erantzun hori ez dator Nazio Batuetatik, erkidegotik baizik. Izan ere, EAEko ur-baliabideen kudeaketaren egoeraren araberakoak izango dira azpiegitura-beharrak. Eskualdearen araberakoak dira lehentasunak.

Dena dela, uraren auzia ez da soilik kantitate-kontua, kalitate-kontua ere bada. Nolakoa da edaten dugun ura?

Uraren kalitatearen kontzeptua erlatiboa da. Urak segurua izan behar du, alegia, edateko ona. Toki horretan urak dituen osagaiak edo zaporea bigarren mailakoak dira. Ur guztiak dira onak Nazio Batuen Osasunaren Munduko Agentziak ezarritako arauak betetzen badituzte.

Kutsatutako litro bat urek ehun litro ur edangarri galarazten ditu. Uraren kutsadura-fokuak asko dira, baina kokaleku ezaguna dute. Zer egin daiteke?
" Kutsatzen duenak ordaindu dezala kontzeptua ez da zentzuzkoa"
Artxibokoa

Ura erabiltzen duenak baldintza berdinetan itzuli behar du gero ur hori jatorrizko iturrira. "Kutsatzen duenak ordaindu dezala" kontzeptua ez da zentzuzkoa, diru asko duenak kutsatu eta arazorik gabe ordaindu dezakeelako.

Ur-eskasiarik ez dagoela diozu, baina zuk esana da: "onartu beharra dago ura elementu amaikorra eta ahula dela, eta jakitun izan ez datorrela zerutik, bukatu egiten dela".

Niri eskolan erakutsi zidaten ura baliabide berriztagarria eta agortezina zela. Baina orain guztiz kontrakoa dela ikusten dugu: umeei jakinarazi behar diegu ura baliabide ahula eta amaikorra dela. Egunetik egunera, batez beste gero eta ur gutxiago dugu zuk eta biok. Zergatik? Biztanleria etengabe hazten ari delako. Alegia, ur-kantitate berdina gero eta jende gehiagoren artean banatu behar da. Gainera, jendeak gero eta bizi-kalitate hobea du, eta gero eta ur gehiago erabiltzen du. Klima-aldaketaren ondorioak ere hor daude: gero eta lehorte handiagoak, gero eta uholde bortitzagoak. Beraz, pentsatu behar dugu ura jada ez dela baliabide natural agortezin bat. Baina, era berean, urak giza eskubidea izan behar duela pentsatzen dugu, eta inori ezin zaio eskubide hori ukatu, bizi-iturria delako.

Hain zuzen ere, Nazio Batuen Erakundearen txostenak dio uraren eskubidea urratzen ari dela, eta hori eskandalu unibertsala dela.

Bai, hala da. Aurtengoa saneamenduaren urtea izendatu dute, ezin baita onartu hiru segundotik behin munduan haur bat hiltzea saneamendu segururik ez izateagatik. Hori onartezina da. Eta, "Ura bizi-iturri" ekimenerako bulegoa garen neurrian, batere salbuespenezkoa ez den helburua lortu behar dugu: jende horren erdiak saneamendu segurua izan dezala.

Eta beste erdiarekin zer?

Herrialde aberatsek herrialde pobreei laguntzeko dituzten betebeharrak oso handiak direla esan nahi du horrek. Konpromisoak laguntza-emate soila baino askoz handiagoa izan behar du. Ezin da legez kanpoko immigrazioari buruz hitz egin Europan, immigrazio horien iturburua jatorrizko lekuetako baliabide falta denean. Toki behartsuak indartzen badira, legez kanpoko immigrazioa desagertu arte gutxituko da ziurrenik. Badira hainbat elementu pentsarazi behar digutenak uraren auzia zuzentasun- eta etika-auzia dela.

Urruzola Arrate, Manex
3
242
2008
5
030
Elkarrizketak; Ingurumena; Hidrologia
Elkarrizketa
15

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia