“Naturako organorik miresgarriena da garuna”
2017/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?
Zalantzarik gabe, garuna bera eta garunari buruzko ikerketak izan dira niretzat txundigarrienak eta nigan eragin handiena izan dutenak. Santiago Ramón y Cajalengandik hasita, haren marrazkiak, ikusten zuena deskribatzeko begirada zorrotza eta adimena asmatzeko nola funtzionatzen zuen egitura konplexu hark... Hasieratik liluratu ninduten, eta oraindik ere liluratuta naukate.
Alderdi zientifikotik Einsteinen, Newtonen eta Darwinen mailakoa izan da Ramón y Cajal ekarpena, eta, horrez gain, artista ere bazen. Eskuetan ditut bere irudiak biltzen dituzten bi liburu, 1972koak, orduko nire zuzendariak oparitutakoak nire ezkontza-egunean. Zoragarriak dira.
Gero ere beti txunditu nau garunak: Medikuntza fakultatean ikasten ari nintzela, iruditzen zitzaidan garuna kutxa magiko bat zela, misterioz eta sekretuz betea. Eta, oraindik ere, mikroskopioan begiratzean azaltzen diren paisaiak ezin ederragoak iruditzen zaizkit. Naturako organorik miresgarriena da.
Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?
Hainbeste gauza erantzun daitezke... Baina behin eskatzen hasita, gustatuko litzaidake ikustea botika eraginkorrak lortzen direla gaixotasun neurologikoei aurre egiteko. Alzheimerrerako, adibidez, ditugun botikak aringarriak dira, eta ez sendagarriak. Sendatu, ezingo da sendatu, baina bai arindu eta gerarazi.
Ikaragarri gustatuko litzaidake hori lortuko duen tratamendu baten sorreraren lekuko izatea, ikustea gai garela gaixo horiek pairatzen duten galera saihesteko. Izan ere, lazgarria izan behar du konturatzea bizi izan duzun guztiak, izan zarenak, ihes egiten dizula. Hori saihestea lortzen badugu, eta berdin zait nork lortzen duen, denok egingo dugu topa. Hau talde-lana da, eta denok ospatuko dugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia