Cecilia Payne. Hidrogenozko izarrak
2013/01/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sir Arthur Eddington hitzaldi bat ematen ari zen, 1919an Gineako Golkoko Principe uhartera egindako espedizioaz. Espedizio hartan, eguzki eklipse batean egindako neurketekin frogatu ahal izan zuen Einsteinen erlatibitatearen teoria. Cecilia Payne gaztea ustekabean joan zen hitzaldi hartara, txiripaz; azken unean lagun batek joaterik ez eta sarrera eman ziolako. Baina, hitzaldi hark guztiz sorgindu zuen. "Munduaz nuen ikuspegia erabat aldatu zen --idatziko zuen bere autobiografian--, nire gelara bueltatu nintzenean, konturatu nintzen hitzaldi osoa hitzez hitz idatz nezakeela... Uste dut hiru gauez ez nuela lorik egin. Hainbeste astindu zen nire mundua, ezen nerbio-krisialdi baten antzeko zerbait izan bainuen". Astronomo izango zela erabaki zuen.
Lehendik ere argi zuen zientzialari izan nahi zuela. Areago, ezinegonik zegoen momentu hura noiz iritsiko: "beldurrak hartzen ninduen pentsatzean ikertzen hasteko adinera iristen nintzenerako dena aurkituta egongo zela". Eskolan zegoela esperimentu bat ere egin zuen, otoitzaren eraginkortasuna ikertzeko. Azterketak bi taldetan banatu zituen, batzuetarako otoi egin zuen arrakasta eskatuz, eta besteetarako ez. Bigarren kasuan emaitza hobeak lortu zituen.
Eddingtonen hitzaldia entzun zuenean, natura-zientziak ikasten ari zen Cambridgeko Unibertsitatean. Baina hitzaldia eta gero, argi zuen astronomiaren bidetik jo nahi zuela. Denbora batera, Cambridgeko Behatokian egin zen jardunaldi batean, Eddingtonekin aurrez aurre egoteko aukera izan zuen, eta bere desioa azaldu zion. Pentsakor gelditu zen hura, une batez, baina, "ez dut arazo gaindiezinik ikusten" erantzun zion. Hainbat liburu irakurtzeko gomendatu zion gero, baina Paynek irakurriak zituen denak ordurako. Behatokiko liburutegira sartzeko baimena eman zion, orduan, eta bertako astronomiako aldizkari zientifiko guztiak eskura jarri zizkion. Mundu bat ireki zitzaion.
Cambridgeko ikasketak bukatu zituen, baina emakumea izanik, ez zioten lizentziaturarik eman (1948 hasi ziren Cambridgen emakumeak lizentziatzen). Paynek bazekien Ingalaterran gehienez ere irakasle izan ahalko zuela. Eta ez zen hori berak nahi zuena. 1922an Harvardeko Behatokiko zuzendari Harlow Shapley-k Ingalaterrara egin zuen bisita batean, Paynek ez zuen aukera galdu: Harvardera joatea gustatuko litzaiokeela esan zion, astronomian ikertzera. Eddingtonek berak ere horixe gomendatu zion; astronomian aritu nahi bazuen Estatu Batuetara salto egitea zuela onena, Harvardeko Behatokira, esaterako.
Shapleyri ere hitz egin zion Eddingtonek Payneri buruz: "Uste dut etorkizun handia izan dezakeela... gainera, kartsua eta energia handikoa da lanean". Eta ez ziren haiek izan Shapleyk Payneri buruz entzun zituen lore bakarrak. Jende guztiak ezin hobeto hitz egiten zion gazte hari buruz.
Hurrengo urtean joan zen Payne Estatu Batuetara. Harvardeko Behatokian emakumeak hartzeko beka-programa bat jarri zuten martxan, eta Payne programa hartako bigarren ikaslea izan zen.
Shapleyren gidaritzapean doktoretza egin zuen. Lan bikaina egin ere: tesian izarrak zerez eginak zeuden azaltzera iritsi zen. Izarren espektroak aztertuz, izar guztiek funtsean konposizio berdina zutela aurkitu zuen Paynek; batez ere, hidrogenoz eta helioz osatuta zeudela. Hala, garai hartan uste zenaren kontrara, Paynek zioen Eguzkiak ez zuela Lurraren konposizio bera, eta, areago, Eguzkian, eta gainerako izarretan, hidrogenoa beste elementu guztiak baino milioi bat aldiz ugariagoa zela.
Payneren emaitzak sinestezinak ziren, ezinezkoak. Aditu guztiak konbentzituta zeuden Eguzkiak Lurraren konposaketa bera zuela, eta elementuak proportzio berean zeudela. Tesia argitaratu baino lehen, Shapleyk Princetongo Unibertsitateko Henry Norris Russel adituari bidali zion. Eta hark honela erantzun zuen: "Argi dago ezinezkoa dela hidrogenoa metalak baino milioi bat aldiz ugariagoa izatea". Paynek, azkenean, ohar bat jarri behar izan zuen tesian: "kalkulatutako hidrogenoaren eta helioaren ugaritasunak, seguruenik ez dira errealak".
Baina urte gutxiren buruan, argi geldituko zen Paynen kalkuluak zuzenak zirela. "Ez dago gozamen handiagorik, onartutako ideien arabera uler ez daitekeen zerbaitekin topo egitea baino" idatziko zuen Paynek.
Aurkikuntza handia izan zen. Baina, hala ere, doktoretza ondoren, ez zuen lanpostu ofizialik izan Harvardeko Behatokian. 1927tik 1938ra Shapley-ren laguntzaile gisa aritu zen. Eta baldintza kaskarrak zirela eta, inoiz lana uztear ere egon zen. "Alde materialetik, emakumea izatea desabantaila handia izan da. Soldata txikien, estatus-faltaren, aurrerakuntza motelen eta abarren istorio bat izan da... Biziraupen-kasu bat izan da, ez indartsuenarena, baizik eta setati eta saiatuenarena", kontatuko zuen autobiografian.
Paynerentzat ez zen erraza izan zientzialari-karrera. "Iritsi naiz desiratzera lan zientifiko oro anonimoki argitaratu dadin, bere balio hutsagatik egin dezan aurrera edo atzera. Baina ez da desio errealista bat, badakit hori" zioen. Bokazio irmoa zuen, ordea. Eta argi utziko zuen horren beharra gerora ere: "Ez egin karrera zientifiko bat fama edo diruaren bila. Badira modu errazagoak eta hobeak horiek lortzeko. Beste ezerk asetzen ez bazaitu soilik egin; ez baituzu seguruenik beste ezer lortuko. Zure saria izango da igotzen zaren heinean horizontea hedatu egiten dela ikustea".
Bizitza osoa pasa zuen Harvarden; denbora gehiena izar aldakorrak ikertzen. 1938an Shapleyk lortu zuen Payne astronomo gisa kontratatzea. Handik ia 20 urtera, 1956an, professor titulua eman zioten eta Astronomia Departamentuko buru izendatu. Eta 1976an astronomoen komunitateak bere bikaintasuna aitortu zion Henry Norris Russell Saria emanda. Saria jasotzeko ekitaldian honela esan zuen Paynek: "zientzialari gaztearen saria zerbait ikusten edo ulertzen munduko lehenengo pertsona izatearen zirrara da. Ezin daiteke ezer konpara esperientzia horrekin".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia