Charles Darwinen Nazioarteko Eguna
2007/02/12 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Jirafak ez du lepo luzea garatu akazien goialdeko hostoak jan ahal izateko. Alderantziz. Jirafak lepo luzea garatu duenez, posible du akazien goialdeko hostoak jatea. Eboluzioan aditua den ia edozeinek defendatzen du ideia hori gaur egun.
Baina Charles Darwin britainiarrak ez zuen hori pentsatu. Aitzitik, Espezieen jatorria liburu ospetsuan, proposatu zuen hautespen naturala zela eboluzioak aurrera egiteko duen modua. Hosto goxoak daude akazien goialdean? Bada, onena, lepo luzea izatea.
Ideia berritzailea zen, iraultzailea, eta sekulako aurrerapausoa izan zen biologian. Baina, gerora, zalantzan jarri zuten kontzeptu hori biologoek (behintzat, Darwinek berak proposatu zuen moduan). Eta okerrena; Darwini ere zalantza handiak pizten zizkion hautespen naturalak, bizitzaren bukaera aldera batez ere.
Orduan, zergatik miresten dugu Darwin? Ez zuen eboluzioaren ideia proposatu (besteak beste, Erasmus Darwinek, Charlesen aitonak, proposatu zuen). Gainera, ez zuen asmatu eboluzioaren mekanismoa azaltzen.
Berdin du. Darwinek frogatu zuen eboluzioa benetakoa dela; bizidun guztiok arbaso bakar batetik sortu garela. Eta hautespen naturala proposatuta, biologia ulertzeko bide berri bat zabaldu zuen. Eta ez hori bakarrik; Espezieen jatorria liburuarekin lau haizeetara zabaldu zuen eboluzioaren ideia. Gizartea aldatu zuen.
Horregatik ospatzen da urtero haren jaiotzaren urteurrena: otsailaren 12a, Darwinen eguna. Hemendik bi urtera, gainera, berrehungarren urteurrena ospatuko du gizarteak. Efemeride handia izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia