}

Citius, altius, fortius teknologiari esker

2003/01/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Garai batean, onenak irabazten zuen, buru hotza eta gorputz ahaltsua zuenak, alegia. Orain ere antzekoa gertatzen da, baina punta-puntan egoteko behar diren ezaugarri berezi horiek edukitzeaz gain, kirolariek zientziaren eta teknologiaren laguntza dute. Hain zuzen, zientziari eta aurrerapen teknologikoei etekin guztia ateratzen jakitean egon daiteke podiumean lehenengoa edo bigarrena izatearen gakoa.
Bainu-jantziak nabarmen aldatu dira; ikusi bestela marrazo-azalaren tankerako bainu-jantzi horiek.

Aldaketa urte gutxitan gertatu da. Gezurra badirudi ere, 1980ko hamarkadan, Zola Budd emakume hegoafrikarrak distantzia erdiko lasterketetan orduko marka guztiak ondu zituen, eta oinutsik egiten zuen lasterka! Gaur egun, berriz, jardueraren eta kirolarien
apeten araberako oinetakoak daramatzate. Bakoitzaren neurrira egiten dira, eta
aire-ganberaz, aireztatze-sistemaz eta beste hamaika aurrerapenez hornituta daude.

Arropen bilakaera ere ikusgarria izan da. Lehengo kotoizko elastiko eta galtzamotzen ordez, izerdia kanporatzen duten ehunez egindako arropak janzten dituzte. Diseinua erabat aldatu da: mugimenduak errazteko eta marruskadura gutxitzeko, elastikoak dira eta gorputzera egokitzen dira. Gainera, itxuraren aldetik, modari zuzenean lotuta daude; batzuetan, kirolariak berak jartzen du modan janzkera bat. Izan ere, goi-mailako atletak gizartearen izarrak dira.

Eta halaxe zaintzen dira. Fisiologiak gorputzaren funtzionamendua aztertzen du, eta dietetikak elikaduraren eragina osasunean. Hori guztia kirolari aplikatuta, kirolariek inoiz baino hobeto trebatzeko eta elikatzeko aukera dute. Horri esker, kirolarien gorputza egiten duten kirolari moldatzen da, zein gihar landu behar duten esaten zaie, eta errendimendu handiena lortzeko zer edan eta jan behar duten ere badakite. Gorputzean itsatsitako sentsoreen bidez, bihotz-taupadak neurtzeaz gain, odoleko hainbat parametro ere neur daitezke; hala, kirolari bakoitzaren gorputzak nola erantzuten duen ikus daiteke. Are gehiago, kirolariak eskumuturrean daraman monitorean ikus ditzake neurketa horiek.

Materialetan, oinetakoetan, teknikan... denean antzematen da aurrerapen teknologikoaren eragina.

Astronautei zuzendutako ikerketek ere izan dute aplikazioa kirolean. Astronautentzako prestatutako janari eta edari bereziak ezin egokiagoak dira behar den energia guztia toki gutxian eramateko.

Lurrean bezala, uretan

Teknika hobetzeko ere,
punta-puntako sistemak erabiltzen dira. Kirolarien mugimenduak iruditan jaso eta geldotzeko aukera dago, eta gero mugimenduak findu eta zuzendu egin daitezke. Gauza bera egiten da jaurtiketako kiroletan: gailuaren ibilbideari jarraipena egin eta jaurtitzean egindako akatsak antzeman daitezke.

Tresnak erabiltzen diren kirol guztietan egon dira aldaketak. Material berriak sortu dira, eta lehen baino tresna arinagoak, malguagoak, aerodinamikoagoak edota iraunkorragoak egin dira. Bizikletetan, esaterako nabarmena da bilakaera. Horri esker, txirrindulariek kilometro gehiago egiten dituzte egunean, azkarrago joaten dira, eta hori lortzeko ez dute ahalegin handiagoa egin beharrik.

Gainera, txirrindularien osasunaz kezkatuta, diseinu bereziko eserlekuak garatu dituzte. Medikuek egindako azterketen arabera, txirrindulari askok arazoak izaten dituzte ugal-aparatuan; eserlekuaren aurkako marruskadurak hantura, sentikortasun-galera eta sexu-arazoak sorrarazten ditu. Hori saihesteko, ugal-aparatuaren nerbioekin eta zainekin kontaktuan dauden zatiak kendu eta eserleku berezia asmatu dute.

Eta igerilekuetan zerbait aldatzea zaila iruditu arren, olatuen interferentziak saihesteko diseinatuta daude orain. Gainera, birak azkarrago eman ahal izateko, paretak ez dira lehen bezain labainkorrak. Bainu-jantziak ere berritu dira. Ian Thorpe-k Joko Olinpikoetan errekorra lortu zuenean, marrazoaren azalaren itxurako bainu-jantzia zeraman; ondotik, hainbatek erabili du modelo hori, nahiz eta jakin horregatik ez duela inolako errekorrik hausterik lortuko, noski.

Aire-ganbera, egitura berezia, aireztatze-sistema... zer ez dute oraingo oinetakoek?

Hain zuzen ere, horixe da aurrerapen teknologikoek egiten duten bidea: eliteko kirolarientzat asmatu, eta laster dira edonoren eskura. Zalantzarik gabe, asteburuko kirolzale saiatuarentzat jostailu politak dira. Eta, dena esatekotan, garestiak ere bai batzuetan. Baina motibazioan irabazten omen da.

Baloiak eta pilotak biribilak izaten jarraitzen dute

Futbolean baloia, botak, arropak, zelaia, teknika.... ia dena aldatu da. Arbitroarekiko gorroto-amodio jokoa eta iskanbilarako aukera dira bere horretan dirauten bakarrak: hau penaltia dela, bestea falta izan dela, eta, batez ere, harako hura jokoz kanpo zegoela gola sartu duenean... Orain, eztabaidarekin bukatzeko modua asmatu dute Alemanian.

Une oro jokalarien eta baloiaren kokapen zehatzak zein diren jakiteko, mikrouhinetan oinarritutako sistema bat aurkeztu dute. Jokalari bakoitzak kreditu-txartelaren neurriko mikrouhinen transmisore bat darama galtzerdian, zango-bizkarraren babeslean, eta baloiak berriz, babarrun-ale baten neurriko beste transmisore bat du barruan. Transmisore bakoitzak ehunka seinale bidaltzen ditu segundoko, eta seinale horiek 10 antenaren bidez jasotzen dira.

Datu horiek guztiak ordenagailu batean biltzen dira. Hartara, momentu bakoitzean jakin daiteke non dauden bai jokalariak bai baloia, eta jokoz kanpoko jokaldia gertatu orduko, alarma pizten da.Dena dela, ez ote dio horrek gatza eta piperra kenduko futbolari?

Kirolariak gizartearen izar bihurtu dira, eta haien janzkera eta itxura modan daude.

Pilotan, berriz, bestelakoa izan da teknologiaren eragina. Kirol tradizionala izan arren,
pixkana-pixkana izan dira aldaketak. Esate baterako, erremontean eta zesta-puntan plastikozko zestak erabiltzen dira, eta eskuzko jokorako pilotak ere izan du bilakaera. Oraingoek polipropilenozko edo latexeko bihotza dute, eta auskalo zenbat iraungo duen artisauak eskuz egindako pilotak. Askok uste dute pilota homologatzeko beharra dagoela, nahiz eta beste asko eta askoren iritziz pilota-aukeraketarik gabe jokoak xarma galduko lukeen. Nolanahi ere, EHUn polimerozko pilota garatzeko proiektu bat dute. Baten batek esango lukeen bezala: hamaika ikusteko jaioak gara!

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia