}

Clarity, organoak garden bihurtzeko teknika

2013/04/10 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

clarity-organoak-garden-bihurtzeko-teknika
Clarity metodoaren bidez garden bihurtutako sagu-garuna. Arg. Kwanghun Chung and Karl Deisseroth, Howard Hughes Medical Institute/Stanford University

Stanford Unibertsitateko bioingeniari-talde batek Clarity izeneko metodologia garatu du, organoak garden bihurtzeko, inola kaltetu gabe. Hala, posible egin dute haien barne-egitura eta –elkarrekintzak zehaztasun handiz behatu ahal izatea. Nature aldizkarian eman dute asmakuntzaren berri.

Ikertzaileentzat ez da erraza sistemen barruko elkarrekintzen berri izatea: prestakinetan zatitu behar izaten dute aztertu beharreko ehuna edo organoa, eta, gero, emaitzekin berreraiki egiten dute.

Ikertzaileek bazekiten lipido-geruza bikoitzek zailtzen dutela ehunetan argia eta azterketetan erabili ohi diren molekulak sartzea. Hortaz, ehunen egitura inola kaltetu gabe lipidoak erauzteko sistema bat sortzea pentsatu zuten. Ez zen edonolako erronka, mintzen osagai nagusiak baitira lipidoak, hau da, egiturari eta biomolekulei eusten dieten osagaiak.

Bada, lipidoen euskarri-funtzioa ordezkatzeko, hidrogelezko sare bat sortu zuten, ehunen gainerako osagaiak ez zitezen beren jatorrizko lekutik mugitu. Hala, ehunak erabat “muntatuta” zeuden, baina guztiz gardenak eta makromolekulekiko iragazkorrak ziren. Azterketan, sagu-garun bat erabili zuten.

Nature Video

.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia