Clive Sinclair, ordenagailuak etxeetara iritsarazi zituen aitzindaria
2021/12/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela urte askotik hona, ordenagailuen industrian AEBko eta Ekialde Urruneko enpresak dira nagusi ia erabateko. Europako konpainien pisua oso txikia da merkatu horretan. Eta eman lezake beti izan dela horrela. Alabaina, PCen aurretiko etxeko ordenagailuen garaian, zeresan handia izan zuten Erresuma Batuko konpainiek, eta haien artean, bereziki, Sinclair Research enpresak. Izan ere, haren sortzaile Sir Clive Sinclairri zor zaio ordenagailuak gure etxeetan masiboki lehenbizikoz sartzea 80ko hamarkadaren hasieran.
Clive Sinclair enpresari eta asmatzailea
Clive Marles Sinclair 1940an jaio zen, Londresen. Enpresaria eta asmatzailea, puntako gailu ezberdin ugari asmatu eta garatu zituen, sarritan bere garairako oso aurreratuak zirenak. Aurreratuegiak ere bai, eta, hori dela eta, haren produktuak itzelezko arrakastak zein erabateko porrotak izan zitezkeen.
1961ean, Sinclair Radionics enpresa sortu zuen, eta hamarkada batez irratiak, anplifikadoreak eta hi-fi ekipoak egin zituen. 1965ean, poltsikoko FM irrati bat egin zuen, Micro-FM, mundu mailan gisa horretako lehenengoa izan zena. Baina, arazo teknikoak zirela eta, ez zuen merkatuaren erantzun onik jaso. 70eko hamarkadaren lehen erdian, kalkulagailuak izan ziren haren produktu eta apustu nagusia. 1972an, munduko lehen poltsikoko kalkulagailua merkaturatu zuen, Sinclair Executive, oinarrizko funtzioekin, eta ikaragarri ongi saldu zen. 1975ean, Black Watch erloju digitala atera zuen. Arazo asko ematen zituenez, galera ekonomiko handiak sortu zizkion enpresari, eta gobernuaren laguntza eta esku-hartzea onartu behar izan zituen ez kiebra egiteko. Ordutik, eta hamarkadaren amaiera bitartean, polimetro digitalak egin zituen, arrakasta erlatiboz, eta Microvision TV-1 telebista eramangarria ere ekoitzi zuen, zeinak galera gehiago ekarri baitzizkion enpresari. Azkenean, 1979an, Clive Sinclairrek erabat galdu zuen Sinclair Radionics-en gaineko kontrola, eta utzi egin zuen.
Hala ere, gainera zetorkiona ikusirik, 1975erako sortuta zuen Sinclair Instrument enpresa. Eta Radionics utzi eta Instrument-en kontrola hartzean, izena aldatu zion eta Sinclair Research jarri, eta etxeko ordenagailuak ekoizten jarri zituen indarrak.
Sinclair Research: etxeko ordenagailuen iraultza eta zabaltzea
80ko hamarkadaren aurretik, ordenagailuak makina handi eta garestiak izaten ziren, enpresa-munduan kalkuluetarako erabiltzen ziren zerbitzari zentral handiak. 70eko hamarkadaren azken urteetan hasiak ziren mikroordenagailu izeneko ordenagailu txiki pertsonalak agertzen, nagusiki AEBko Apple eta Commodore moduko enpresen eskutik, eta IBM ere hasita zegoen bere PC saila prestatzen. Baina ordenagailu pertsonal txikiago horiek ere garestiak izaten jarraitzen zuten (1.000 dolar inguru) eta enpresetan eta gai serioetarako zuten erabilera ia bakarra. Clive Sinclairren ikuspegia, aldiz, askoz merkeagoak izango ziren eta etxeetan informatika ikasi eta programak egiteko izango ziren mikroordenagailuak egitea zen, benetako etxeko ordenagailuak alegia.
Bide horretan egindako lehenengo saiakerak 1980ko ZX80 eta 1981eko ZX81 izan ziren. Lehena 100 liberatik beherako prezioa zuen lehenengo ordenagailua izan zen, eta bigarrenak 70 libera balio zituen. Ahalmenez oso mugatuak baziren ere (1 kBko memoria soilik zuten!), BASIC programazio-lengoaia ikasteko eta saltseatzeko balio zuten eta arrakasta handia izan zuten, Erresuma Batuan batez ere baina baita hortik kanpo ere.
1982aren hasieran atera zuen bere asmakizun guztietatik ikonikoena eta bere bizitza osoko arrakastarik handiena: Sinclair ZX Spectrum ordenagailua. Aurrekoekiko hobekuntza nabarmenak zituen, bereziki memoria (16 edo 48 kBkoa zuen) eta koloretako grafikoak, prezio igoera oso nabarmenik gabe. Itxura polita eta erakargarria zuen, gomazko teklatua, BASIC programazio-lengoaia, programak kasetetan gordetzen ziren eta telebistara konektatu behar zen.
Spectrum-aren salmentak ikaragarriak izan ziren, milioi bat unitate saltzera iritsi zen munduko lehenbiziko ordenagailua izan zen, eta haren eragina itzela izan zen. Gazte-belaunaldi oso batek ordenagailuak ezagutu zituzten harekin, eta programatzen ikasi ere bai. Ordenagailuei etxeetarako bidea erakutsi eta ireki zien. Eta ordenagailuen aisiarako erabilera hasi zuen: ordura artekoak erabilera profesionalera eta hezkuntzara bideratuak izan baziren, Spectrum-aren erabilera nagusia, aipatutako beste horiek baztertu gabe, jokoena izan zen. Joko mordo bat atera ziren harentzat, eta softwarezko bideo-jokoen industria abiarazten lagundu zuen Europan zein mundu osoan.
Hurrengo urteetan Spectrum-aren beste modelo batzuk atera zituen, eta guztien artean 5 milioitik gora Spectrum saldu ziren (kontuan izan gabe klon ez ofizialak).
Beste gailu batzuen porrota eta enpresaren gainbehera
Clive Sinclair ez zen, baina, aparretan bertan goxo gelditzekoa, eta gailu berritzaile gehiago asmatzen eta merkaturatzen jarraitu zuen. Ordenagailuei dagokienez, aisia eta jokoez haragoko ordenagailu serio eta profesionalagoen merkatuan sartu nahi izan zuen, zeina ordurako IBM PC bateragarriak ari baitziren eskuratzen, eta 1984an Sinclair QL ordenagailua atera zuen. Baina ez zuen behar bezain ongi funtzionatzen, eta, ondorioz, ez zuen funtzionatu merkatuan ere.
Ibilgailu elektrikoekiko interesa aspalditik zuen Clive Sinclairrek, eta 1985ean Sinclair C5 jarleku bakarreko automobil elektrikoa atera zuen. Ideia ona bazen ere, hainbat arazo zituen. Eta telebista eramangarri batekin berriz ere saiatu zen, oraingoan TV80 poltsikoko telebista lauarekin. Biek porrot egin zuten atera eta berehala.
Aipatutako hiru gailuek ekarritako galerengatik, Sinclair marka eta haren produktu guztiak Amstrad konpainia lehiakideari saldu behar izan zizkion. Sinclair konpainiak jarraitu zuen, baina apenas izan duen langilerik edo produktu esanguratsurik geroztik, eta bat ere ez ordenagailuekin zerikusia duenik. Sir Clive Sinclairri dagokionez, ordenagailuen aitzindari izanagatik, haietatik eta edozein IKTtatik aldendu zen, Internet, e-posta eta are ordenagailuak ia ez erabiltzeraino. Aurtengo irailaren 16an zendu zen, minbizia luzaz jasan ondoren.
Jenioa zen Clive Sinclair, beti gauza ezberdin, berri eta aurreratuekin ari zen asmatzaile nekaezina. Baina arrakasta izan zuen kasuetan, segituan lehiakideak sartu eta merkatua jan izan diote, eta, izan ez zuenetan, sarri arazoa zen produktuak aurreratuegiak zirela bere garairako. Ez du behar besteko errekonozimendurik edo arrakasta ekonomikorik izan, eta denbora gutxiz egon zen gailurrean. Baina eztabaidaezina da ordenagailuen hedatzean izan duen eragina. Eta haren ZX Spectrum-ak belaunaldi bateko gazte asko liluratu eta informatikaren edertasunaz eta aukerez jabetzera eraman zituen, euren bizitzak aldatu eta informatikara bideratzeraino, artikulu hau sinatzen duen hau barne. Eskerrik asko, Sir Clive Sinclair.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia