}

COVID-19aren txertoa ikuskizun

2020/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

covid-19aren-txertoa-ikuskizun

Orotariko Euskal Hiztegian, ikuskizun hitzak adiera bat baino gehiago ditu. Izen gisa, lehen adierak espektakuluren sinonimotzat du. Eta, neurri batean, horixe bihurtu da azken egunotan txertoen garapena.

Lasterketa betean, saio klinikoen hirugarren fasean dauden konpainiak beren hautagaien eraginkortasunaren aldeko propaganda egin dute, norgehiagoka nabarmenean: lehenik, Pfizerrek (AEB) eta Biontechek (Alemania) bereak % 90eko eraginkortasuna duela esan zuten; segidan, Sputnik txertoak % 92koa duela bota zuten errusiarrek; eta handik gutxira Moderna estatubatuarrek %94,5era igo zuten langa. Pfizerrek ez zuen etsi: lehen iragarpenetik hamar egunetara, eraginkortasuna % 95era iritsia dela baieztatu dute.

Iragarpenek dantzan jarri dituzte burtsak, komunikabideek lerroburuak bete dituzte, eta agintariek erosketak eta txertaketa-planak agindu dituzte, txertorik izan gabe oraindik (Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak, azaroaren 13an: «Behar ditugunak baino dosi gehiago erosiko ditugu». Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, 22an: «Urtarrilean hasiko dugu txertaketa-kanpaina»). Era askotako espektakuluak daude, hala nola zirkua eta antzerkia.

Sufrimendua, pairamena da ikuskizun hitzaren bigarren adiera hiztegian, eta erantzukizuna hirugarrena. Eta gatazka eta helburu adierazteko ere erabiltzen dela dio, hurrenez hurren. Adiera horietatik, zein egokituko zaio hobeto txertoari? Ikusteko dago. 

Eta, hain zuzen, hori da ikuskizun hitzaren adiera, izenondo gisa erabiliz gero: ikusteko dagoena. Izan ere, konpainia horietako bakar batek ere ez du txosten zientifikorik aurkeztu, prentsa-oharrak baino ez. Eta guztiek onartu dute oraindik ez dituztela bukatu hirugarren faseko probak. Alegia, ikerketak ondo doazela baieztatu dute, amaitu aurretik, eta emaitza zientifikoak aurkeztu gabe.

Iragarritakoa ontzat joz gero ere, ez dute zehaztu infekzioa eragozteko edo sintomak arintzeko eragina duten, COVID-19arekiko talde kalteberenentzat egokiak ote diren, ezta babesak zenbat denbora irauten duen ere, edo banaketa bidezkoa izango ote den. Haietako batek, adibidez, zailtasunak izango ditu banatzeko, - 70 ºC-ko tenperaturan gorde behar baita, eta begien bistakoa da, lehen kolpean, ez direla eskuragarri egongo lehentasuna duten guztiak txertatzeko adina dosi.

Ikuspegi ekonomikotik, ikuskizuna (lehen adieran) ez da arraroa. Ohikoa da merkaturatu nahi diren produktuak iragartzea merkatuak zirikatzeko eta aurrez irabaziak lortzeko, produktua oraindik esku-artean izan gabe ere. Jokabide horrek, ordea, zalantza etikoak sortzen ditu, kasu honetan produktua ez baita huskeria bat, bizitzak salba ditzakeen zerbait baizik.

Gainera, lasterketa azkarrak errezeloa eta zalantzak hauspotu ditu gizartean. Horregatik, funtsezkoa da pauso guztiak gardenak izatea, argi komunikatzea eta ondo azaltzea inongo sendagairik ez duela merkaturatzeko baimena eskuratzen, segurua eta eraginkorra dela frogatu arte. Merkaturatu ondoren ere, jarraipen zorrotza egiten zaio, saio klinikoetan agertu ez den albo-ondorioren bat azalduko balitz, lehenbailehen hauteman eta esku-hartzeko.

Bestalde, itxaropena piztetik puztera hizki bakarraren aldea dago, baina diferentzia oso da handia. Luze baino lehen, oso litekeena da txerto bat edo gehiago egotea merkatuan; horri esker, heriotza asko eragotziko dira, eta gizarte osoak hartuko du arnasa. Baina, hala eta guztiz ere, inongo txertok ez du erabateko irtenbidea ekarriko, ezta % 100 eraginkorra izanda ere. Itxaropena behar dugu; ez promes puztuak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia