COVID-19aren txertoa: osasunaren burujabetza ala ardura soziala?
2020/09/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientzialariek txerto bat diseinatzen dutenean, lehen helburua da txertoa hartuko duen pertsona babestea. Ez dadila gaixotu, edo, gutxienez, ez dezala izan gaixotasunaren ondorio larririk. Baina, zeharka, babes kolektiboa ere sor dezake, eta hor dago bere indarrik handiena: behar adina pertsona txertatuz gero, txertoa hartu ezin duten pertsona zaurgarriak babestu daitezke. Are gehiago, mikroorganismoaren zirkulazioa eten eta gaixotasuna desagerraraz dezake.
Txertoen historian badira hainbat adibide: baztangak 300 milioi heriotza eragin zituen XX. mendean, eta txertoak gaixotasuna guztiz desagerraraztea lortu zuen. COVID-19aren kasuan, oraindik oso espekulatiboa da txertoaz talde-babesa lortzeko aukera hori, ez baitakite zenbateraino izango den eraginkorra txertoa bera, zenbat denboraz babestuko duen, ezta zenbatentzat egongo den ere.
Osasunaren Mundu Erakundeak bi agertoki posible aurreikusi ditu: txertoa ekoizteko zaila bada, pertsona zaurgarrienak lehenetsi beharko dira: nagusiak eta biriketako gaixotasun kronikoa, kardiopatiak edo hipertentsioa dutenak. Osasun-langileak ere lehenetsiko lituzkete, haien bidez populazioan sar daitekeelako birusa. Baina, ekoizteko erraza bada, txertoa mundu guztiak hartzea gomendatuko du, zalantzarik gabe.
Taldeko zaurgarrienak babesteko estrategia
Hiru ikertzaileren iritziak bildu ditugu: Isabel Sola Gurpegui birologoa, COVID-19aren aurkako txerto bat garatzen ari dena; Federico Martinón-Torres pediatra, Osasunaren Mundu Erakundearen txertoen arloko aholkularia; eta Arantza Etxeberria Agiriano filosofoa, EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko ikertzailea.
Isabel Sola birologoak dio populazioaren % 60-70 txertatu beharko litzatekeela COVID-19aren aurkako txerto batek talde-babesa sor dezan. Birusak oinarrizko ugalketa-zenbakia (R0) 2,5ekoa duenez, immunizatu gabeko gizarte batean, kutsatutako pertsona bakoitzak beste 2-3 pertsona kutsatuko lituzke. Horietako bakoitzak beste 3 kutsatuko lituzke eta, horrela, etengabe. Esponentzialki zabalduko litzateke (1, 3, 9, 27, 81, 243…). Baina populazioaren % 70ari txertoa jarrita, pertsona bat kutsatzean, 3tik 2,1ek jada immunitatea izango lukete, eta birusak, gehienez, pertsona bakarra kutsatuko luke; bidea moztuko genioke. R0≤1 izanik, pandemia kontrolpean legoke.
“AEBn bezala hemen ere populazioaren % 50ek txertoa hartzeari uko egingo balio, pairatu dugun egoera berean egon gintezke berriz —dio Solak—. Kontuan hartu behar da txertoa hartzea ez dela aukera pertsonal hutsa, baizik eta gizartean eta osasun publikoan eragin zuzena du. Batek pentsa dezake: `Ez dut horrelako neurririk erabili nahi eta hiltzeko arriskua onartzen dut´. Bai, baina talde-babesa baldintzatzen ari zara. Agian, erabaki indibidual hori arduraz hartu beharko litzateke, eta isolamendua eskatuko luke”.
“Osasun publikoko arrisku-egoera batean, txertoa jartzera behartzeko mekanismoak ditu legeak herrialde guztietan. Osasun orokorra arriskuan dagoenean, txertoa banakako eskubidearen gainetik dago. Iraganean ikusi dugu —dio Federico Martinón-Torres pediatrak—. Baina ‘derrigortasuna’ ez da hitz egokia. Nire ustez, egokiena da mundu guztiak txertoa jartzeko aukera izatea”.
Epidemiek aldizka gizartea asaldatzeko arriskua
Gure bizimoduak eragindako larrialdi klimatikoa, habitaten degradazioa eta zoonosi berriak ikusita, litekeena da epidemiek aldizka gizartea asaldatzea. Behingoz, hausnartu beharko dugu krisialdi sozioekologiko honi adarretatik heldu nahi diogun, benetan gure kontsumo-eredua birplanteatzeko prest ote gauden. Izan ere, txertoek bere horretan ez dute ezer konponduko, ez badatoz beste neurri batzuen eskutik. Oraingoz, ordea, isolamendua eta txertoak dira gure aukerak.
“Gutako bakoitzak pentsatu beharko genuke zer jarrera pertsonal dugun gizakientzat hilgarriak diren birus pandemikoen aurrean. Badaude eta berriro ager daitezke, gustatu ala ez —dio Solak—. Norbaitek ez badu txertoen estrategia erabili nahi, bestelako zer irtenbide proposatzen du potentzial pandemikoa duten birusen aurka?”
Martinón-Torresek argi du konfinatzeak ezin duela izan irtenbidea: “Konfinamendu honetan biztanleria pediatrikoan estresa eta depresioa azaldu dira. Kontziente izan behar dugu ukatzen ari garela haurren hezkuntzarako eskubidea, garapen sozialerako eskubidea eta, are gehiago, baita garapen emozionalerako eskubidea ere. Oso argi izan behar dugu harreman sozialetarako eta bizitzeko eredua ere aldatzen ari gatzaizkiela”.
Talde askotan utzi ditu ondorio lazgarriak: mendekotasunak eta bestelako gaixotasunak dituzten pertsonengan, esaterako, errehabilitazioa eta tratamenduak eten egin direlako kasu askotan; pobrezian ala bakarrik bizi direnek egoera gogorrak bizi izan dituzte; eta, asko eta asko, senideen kontakturik gabe eta bakardadean hil dira.
“Txertoen derrigortasunaren auziak indibiduoaren eta komunitatearen arteko talka moduko bat sortzen du, maila kolektiboan heltzen bazaio bakarrik duelako arrakasta txertaketak —iritzi dio Arantza Etxeberria filosofoak—. Nik uste dut neurriak hartu behar direla komunitatea babesteko, baina ez dut uste epidemiologoek, birologoek eta medikuek bakarrik erabaki behar dutenik nola egin. Jakintza-alor asko kontuan hartuta aztertu beharko litzateke kontua. Gizarte-zientziek asko lagundu dezakete halako eztabaida zientifikoen inguruan. Haiei begiratu diezaiekegu ikusteko tokian tokiko jendeak zer pentsatzen duen, eragozpenak zein diren eta landu ote daitezkeen, nola zaindu baldintza sozioekonomiko zailengatik zaurgarriagoak diren populazioak…”.
“Gainera, txertoak osasun publikoko erreminta bat izanik, aztertu daiteke zein den talde-babesa lortzeko modurik eraginkorrena. Japonian, esaterako, urteko gripearen aurrean, adineko jendea babesteko, urte askotan haurrak txertatu dituzte eta ez adinekoak”.
Derrigortzea erabakiko balitz
“Beharrezko ikusiko balitz txertoa denek hartzea, agintariek har lezaketen aukera bat da zeharkako derrigortze-arauak ezartzea: hainbat zerbitzu baldintzatzea, txertoaren ziurtagiria izatearen arabera. Adibidez, txertatuta ez bazaude ospitalera ezin joan izatea, edo haurra txertatu gabe haur-eskolara eraman ezin izatea —dio Etxeberriak—. Zeharkakoak, betiere, ematen dizu uko egiteko aukera, baina, noski, burujabetzaren ikuspegitik oso gogorra da”.
Eta zer gertatuko litzateke herrialde batzuk eta besteek oso irizpide desberdinak jarraituko balituzte txertoarekin? “Bueno, horrek mugen kontrol zorrotza egitera behartuko luke —dio Solak—. Zergatik izan dute arrakasta polioaren edo baztangaren txertaketa-kanpainek? Bada, masiboki egin delako, guztiek ahalegin handia egin dutelako txertoa lurreko azken txokoraino eramateko. Birus-gordailurik ez dagoela bermatzeko modu bakarra da”.
Etxeberria tokian tokiko zientziaren alde azaldu da: “Ezin dira derrigortu neurri unibertsalak, jakin gabe toki bakoitzeko baldintzak zein diren. Hasteko, ziurtatu beharko genuke herrialde pobreek ere badutela txertoa erosteko aukera, bestela muga biologiko kezkagarriak sortuko genituzke munduan. Behingoagatik, patenterik gabeko txertoak garatzea gustatuko litzaidake. Baina ez gaitezen engaina, patenteak izango dituzte”. OMEk, txertoa lortzeko egon daitezkeen zailtasunak aurreikusita, salatu du zenbait herrialde beren mesederako akordioak sinatzen ari direla, eta gogorarazi du txertoak ondasun publikoa izan beharko lukeela.
Beldurrak airean
Nazioarteko gatazkak alde batera utzita ere, herritar batzuengan errezeloa sortzen du txertaketak: industria farmazeutikoaren eta osasun-sistemaren helburu ekonomikoen menpe sentitzen dira, eta, batzuetan, txertoen albo-ondorioen beldur ere badira.
“Ulertzen dut zalantzak izatea. Informazio nahasgarri asko ematen da”, dio Martinón-Torresek. Londreseko Txertoen Zentroko zuzendari Beate Kampman eta lankideek Nature aldizkarian argitaratu dutenez, beste gako bat ere badu auzi horrek: aurrera egiteko, ezinbestekoa da mediku eta zientzialariek herritarren kezkak entzuteko jarrera zintzoa azaltzea.
Edozein txertok segurtasun-proba zorrotzak gainditu behar ditu. Lehenik, erronka zientifiko bat dute: txertoa diseinatu eta osagaiak aukeratzea. Bigarrenik, erronka medikoa: eraginkorra eta segurua dela frogatzea. Ikerketaren fase klinikoa da hori, animaliekin egiten da lehenik, eta gizakiekin gero. Hiru langa gainditu behar ditu: lehenengo fasean, segurtasuna bermatu behar du, pertsona-kopuru txiki batean probatuta; bigarren fasean, immunitate-erantzunaren eraginkortasuna, ehunka pertsonatan probatuta; eta, hirugarrenean, birusaren eraginpean dauden milaka pertsonatan probatzen da, adin, sexu eta populazio-taldeen dibertsitatearen aldagaia sartuta. Orduan, medikamenduen agentziaren baimena lortzen badu, txertoa ekoizten hasten da. Benetako ingeniaritza-erronka bat da txertoa azkar, merke eta kantitate handitan sortzea. Hori dena gaindituta bakarrik hasten da laugarren fasea, milioika pertsona masiboki txertatzeko unea.
“1960an kasu bat egon zen, arnas birus sintzitialari aurre egiteko txertoan —gogoratu du Solak—. Txertaketa masiboarekin hasi zirenean, bi neraberi albo-ondorio oso larriak eta heriotza eragin zien, eta berehala erretiratu zen txertoa. Txertoek, berez, ez dute osagai toxikorik, toxikotasun-arazo horiek hasieratik ebaluatu dira entsegu prekliniko eta klinikoetan. Baina milioika eta milioika pertsona txertatzean, gerta daiteke ordura arte hauteman gabeko arazoren bat azaltzea. Izan ere, erantzun immunologikoa oso konplexua da: gerta daiteke immunitate-sistemak disfuntzio txikiren bat izatea, edo gaixotasun autoimmuneren bat, alergiaren bat...”.
Milioi bat lagunetik batean izaten dira arazoak, baina beldurra eragin dezakete. “Etikaren esparruan ‘efektu bikoitzaren arazoa’ deitzen zaio —dio Etxeberriak—. Arau bat jartzen da populazio osoaren onurarako izango dena, eta badakigu egongo dela kalteturen bat. Agian, milioi bat lagunen artean bakar bat izango da, baina, agian, hil egingo da. Arazoa da ezin dugula jakin nor izango den kaltetua eta hari ez eman”.
COVID-19aren kasuan, gainera, txertoak azkarregi garatzen ari ote diren kezka egon daiteke gizartean. “Abiadura izugarrian egiten ari dira txertoak, normalean sekuentzialki egiten diren faseak orain aldi berean egiten ari direlako. Oraindik merkaturatzeko lizentzia izan gabe, dagoeneko txertoak eskala handian ekoizten hasiak dira. Horrela, azkenean eraginkorra eta segurua izango balitz, lizentzia lortu eta hurrengo egunean, milioika dosi izango lituzkete ekoitzita, banatzeko prest —azaldu du Martinón-Torresek—. Baina arriskua ez dute herritarrek hartu, txertoa merkaturatzeko segurtasun-baldintzak beti bezain zorrotzak baitira; ekoizleek hartu dute arrisku ekonomikoa. Hori dena jakin gabe, normala da jendeak beldurra izatea”.
“Nolanahi ere, batzuetan, infoxikazioak berak sor dezake beldurra. Eta erabateko infoxikazioa bizitzen ari gara COVID-19arekin: txertoen garapena zuzenean ematen ari gara, futbol-partidak bezalaxe”.
Antibiotikoen larrialdia ate-joka
Martinón-Torresek argi du medikuntzaren eta giza osasunaren historiako aurrerapenik garrantzitsuena izan direla txertoak, ura edangarri bihurtzearekin batera. Horregatik, gizartearen zati bat txertoen aurka azaltzen denean, ezina sentitzen duela onartu du. “Arazo larriagoak baditugu medikuntzan: antibiotikoekiko erresistentzia da benetako mehatxu bat, inpaktu handia izan dezakeena. Kalkulatzen da 2030ean orain hutsalak diren infekzioen ondorioz hilko garela, eskura ditugun antibiotiko guztiek funtzionatzeari utziko baitiote, ezer egiten ez badugu. Eta, hain zuzen, txertoak dira antibiotikoekiko erresistentziak kontrolatzeko estrategiarik eraginkorrena. Garrantzitsua da denok honetaz jabetzea”.
Izan ere, baita infekzioak biralak direnean ere, pertsona batek immunitate-sistema ahula badu eta makaltzen hasten bada, ahultasun-koadro horretan, bigarren mailako infekzio bakterianoak agertzen dira, tratamendu antibiotikoa behar izaten dutenak. COVID-19agatik ospitaleratutakoei antibiotiko asko eman dizkiete, esaterako.
Ospitaleetan, bertatik bertara bizi dute antibiotikoekiko erresistentzien arazoa. Ospitaleratzen diren pazienteen ehuneko altu bat erresistentzia horien ondorioz iristen da bertara. “Antibiotikoen erabilera kontrolatu behar izan dugu, jendeak zentzu gabe erabiltzen baitzituen”, dio, kezkaz, Martinón-Torresek. Eskutik helduta doazen gaiak dira txertoak eta antibiotikoak: ardura soziala eta osasun publikoaren ikuspegitik heldu behar zaie antibiotikoei ere. Azken finean, jendeak beharrik gabe antibiotiko bat hartzen duen bakoitzean, arriskuan jar dezake bizirik irauteko behar duen beste norbaiten tratamenduaren eraginkortasuna. Litekeena da laster neurri zorrotzak hartzen hastea. Batez ere, oso epe laburrean arazo larri bilakatuko zaigulako. Seguruenik, COVID-19a baino dezente larriagoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia