}

Creutzfeldt-Jakob sindromearen kontrako lehenengo tratamendua

2001/08/16 Astobiza, Amaia

Ikertzaile-talde baten ustez, orain arte paludismoa eta eskizofrenia tratatzeko erabili izan diren bi farmako Creutzfeldt-Jakoben gaixotasunaren aurka erabil litezke.

Stanley B. Prusiner biokimikariak zuzendutako ikertzaile-taldea saguekin esperimentuak egiten aritu da, eta, ikusi dutenez, orain arte paludismoa eta lanbliasia, alde batetik, eta eskizofrenia eta beste zenbait gaixotasun psikotiko, bestetik, tratatzeko erabili diren bi sendagai Creutzfeldt-Jakob-en gaixotasunaren aurka erabil daitezke. Bi sendagai horiek kinakrina eta klorpromazina dira, hurrenez hurren.

Creutzfeldt-Jakoben gaixotasuna gizakietan agertzen den entzefalopatia espongiformearen aldaeretako bat da. Entzefalopatia espongiformea prioiek eragiten dute, izaki bizidun guztietan agertzen den Prp-c proteinaren forma mutanteek osatutako partikula infekziosoek. Egoera naturalean, proteina horiek ez dute kalterik eragiten; forma mutanteak, ordea, neuronen azalean kokatzen dira, eta nerbio-sistemako endekapenezko gaixotasunak sortzen dituzte.

Izan ere, infektatutako proteinen espira-egiturak zabaldu egiten dira eta, gainera, ondoko proteinei lotu eta horien egiturak ere zabalarazten dituzte. Aldaketa horren ondorioz sortzen diren gaixotasunen artean, behi eroen gaixotasuna, scrapie-a (ardi- eta ahuntz-aziendetan) eta Creutzfeldt-Jakoben sindromea daude. Prioi infekziosoak berez,heredatutako mutazio genetiko baten bidez eta transmisioaren bidez ager daitezke.

Lehenengo saguekin, gero gizakiekin

Ikertzaileek aukeratu dituzten bi sendagaiek prioien aurka egiteko ezinbestekoa den ezaugarria dute: odol-fluxuaren eta neuronen arteko barrera zeharka dezakete. Kinakrina eta klorpromazina hartuta, Prp-cproteina osasuntsuak prioi infekzioso bihurtzea eragozten da.

Ikerketa egiteko, prioiekin infektatutako sagu-zelulak erabili zituzten. Lehenengo, zelula infektatuak sendagaiarekin tratatu zituzten. Gero, prioiak zeluletatik desagertu egiten zirela ziurtatzeko, tratamendua eten egin zuten, eta hiru asteren buruan prioirik ez zela agertzen ikusi zuten. Ikertzaileen ustez, hiru aste horiek beharrezkoak dira gaixotasuna benetan sendatuta dagoela esateko.

Saguekin emaitza onak lortu dituztenez, tratamenduak gizakiengan duen eragina ikusi nahi dute ikertzaileek. Orain arte bi kasu tratatu dituzte. Horietako bati, 20 urteko Rachel Forbes ingelesari, bi sendagaien konbinazioa eman zioten, eta 19 egunean bere egoera asko hobetu zela ikusi zuten. Hala ere, beste gaixoak ez zuen onera egin. Horregatik, ikertzaileek zuhur ibili behar dela uste dute. Hurrengo hilabeteetan saiakera gehiago egin nahi dituzte, sendagai bakoitzak bere aldetik eta bien konbinazioak gizakiengan duten eragina ongi aztertu eta horien erabilgarritasuna zehazteko.

Gainera, ikertzaileek ez dakite oso ongi farmakoek zein mekanismo erabiltzen duten prioiak zeluletatik ezabatzeko. Egindako esperimentuetan ikusi dutenaren arabera, ez dirudi kinakrina eta klorpromazina prioira lotzen direnik, hartara aldaketa beste Prp-c proteina osasuntsu batzuetara transmititzea eragozteko. Nolanahi ere, sendagai biek egiturari dagokion ezaugarri komun bat dute: egitura triziklikoa dute (hiru eraztunekoa), eta egitura horren erdialdetik molekulez osatutako albo-kate bat ateratzen da. Dirudienez, albo-kate hori ezinbestekoa da farmakoa eraginkorra izateko.

Ikerketa gehiago

Egingo dituzten hurrengo ikerketetan, sendagaiek, banaka edo konbinatuta, gaixotasuna aurreratua duten gaixoengan eraginik duten galderari erantzuten saiatuko dira. Prioien gaixotasuna inkubatzeko, hiru urtetik berrogeira behar dira; baina lehenengo sintomak agertzen direnean, gaixotasuna azkar garatzen da, eta, oro har, 12 hilabeteren buruan gaixoa hil egiten da. Aztertuko dituzten gaixo guztiak gaixotasunaren azkeneko fasean egongo dira, eta emango zaizkien dosiak paludismoa eta eskizofrenia tratatzeko erabiltzen ziren berak izango dira.

Kasurik hoberenean, prioiak desagerraraztea eta neuronetan sortutako kalteak konpontzea lortuko litzateke. Kasu horretan, gaixotasuna guztiz sendatuko litzateke, edo gaixoak onera egingo luke behintzat. Beste aukera bat, prioiak desagerrarazi arren, neuronetan eragindako kalteak konponezinak izatea da. Kasu horretan, baliteke farmakoak gaixotasunak aurrera egitea eragoztea. Hala ere, heriotza jada saihestezina izatea ere gerta liteke. Azkeneko aukera oraindik sintomarik ez dutenengan eragin profilaktikoa izatea da. Horrela bada, gaixotasuna mutazio genetiko baten bidez heredatu duten gaixoekin eta prioien kutsaduraren bidez gaixotu direnekin erabil liteke tratamendua.

Ikertzaileen taldean, neurologoak eta biokimikariak ari dira lanean. Ikerketaren buru Prusiner biokimikaria eta Carsten Korth neurologoa dira, eta ikerketaren emaitzak Proceedings of the National Academy of Science aldizkarian argitaratu zituzten, abuztuaren 14ko alean. 1997an, Prusinerrek Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen, entzefalopatia espongiforme izeneko nerbio-sistemako endekapenezko gaixotasuna prioiek eragiten dutela aurkitu zuelako. Egun, San Frantziskoko Kaliforniako Unibertsitateko Medikuntza Eskolan (AEB) ari da ikerketa-lanetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia