Dagoenean bonbon, ez dagoenean... eragin
2004/10/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Euria naturan urak egiten duen zikloaren atal bat da. Itsaso eta ozeanoetako ur-lurrunak kondentsatu eta hodeiak eratzen ditu, landareen lurruntzeak eta arnasketak bezala. Aire bero eta hezeak gora egiten du, eta altuera handira iristen denean, ur-lurruna kondentsatu eta tantak sortzen dira —oso altuera handietan izotz-kristalak ere bai—.
Tantatxoak oso txikiak direnez, airean orekan egoten dira, baina elkartzen hasi eta handiagoak bihurtzen dira. Tamaina jakin bat hartzen dutenean —0,5 milimetrotik gorakoa—, gehiegizko bihurtzen dira haize-lasterrentzat eta erortzen hasten dira. Euria egiten du.
Lainoei ura kentzen
Aipatutakoa, gutxi gorabehera, euriaren prozesua izango litzateke. Azaltzeko erraza da, kopiatzeko ez hainbeste. Euria eragiteko dantzez eta errezoez haratago gizakia sarritan saiatu da euria modu artifizialean eragiten, baina arrakasta osorik ez du lortu orain artean. Hala ere, nolabaiteko lorpenak badaude.
Euria modu artifizialean lortzeko abiapuntua lainoak dira, lainoak bonbardatzea alegia. Zilar ioduroa erabiltzen da bonbardaketetan, hegazkin bidez edo misil bidez barreiatuta. Substantzia horiek, behar bezala lainoztatuz gero, kondentsazio guneak eragiten dituzte. Nukleo horiek lainoetako tantatxoak bereganatzen dituzte, eta beherantz erortzen dira.
Zilar ioduroaz gain, elur karbonikoa —izoztutako karbono dioxidoa— edo izotz-kristaltxoak modu berean eta helburu berarekin erabili izan dira. Substantzia horrekin ere lortu dute euria eragitea, baina emaitzak ez dira hain onak izan. Hori bai, substantzia bera apur bat naturalagoa da. 1970eko hamarkadan erabiltzen hasitakoak dira teknika horiek guztiak.
Sistema horiek erabilita, lortu izan da eta lortzen da euria eragitea. Baina ezin esan oso arrakastatsua denik, batetik euria ez delako beti lortzen, ez delako ziurtatzen; bestetik, oso garestia delako. Beraz, euri artifizialaren sorreran ikerketa-lerro berriak ireki dira.
Lainoak sortzen
Euria modu artifizialean lortzeko, bonbardaketen gerra-estrategia alboratuta iturrira jo dute nazioarteko proiektu bateko partaideek: lainoak sortu nahi dituzte modu artifizialean. Bruselako Unibertsitate Askea, Israelgo Ben Gurion Unibertsitatea, eta NASA erakundea daude Geshem —euria hebreeraz— proiektuan. Kolore beltzeko xaflez baliatu nahi dute. Xaflek eguzki-izpien beroa xurgatuko lukete, eta, horri esker, ura lurrundu egingo litzatekeenez, laino artifizialak eratuko lirateke. Datorren urterako abian izango omen da Israelgo basamortuan kokatutako proiektu pilotua.
Proiektuaren oinarri zientifikoa bero-uharteak dira, inguruak baino askoz ere tenperatura altuagoa duten guneak. Gune horiek ur-lurruna duen aire beroa gorantz igotzea eragiten dute, ura kondentsatu egiten da, eta inguruetan lainoak eratzen dira. Fenomeno hori XX. mendean nabarmendu zen batez ere, hiriak bizkor-bizkor eta ikaragarri hazi zirenean. Uste da horren ondorioz aldaketa meteorologikoak ere gertatu zirela, eta, besteak beste, euriteak areagotu egin zirela. Estatu Batuetako Los Angeles hiria aipatzen dute ikertzaileek adibide modura.
Xafla ilunen bidez, Geshem proiektuak bero-uharteen fenomenoa simulatu nahi du. Proiektu pilotuan bi kilometroko azalera estali nahi dute, eta tenperatura altuak lortu, airearen eta lurrunaren dilatazioa errazago gerta dadin. Teorian, inguruko lurruna gorantz igoko da, hozten hasi, kondentsatu, lainoak eratu eta prezipitazioak hasiko dira.
Une honetan, ikertzaileak xaflak egiteko material egokienaren bila dabiltza. Material horrek beroa erraz xurgatu beharko du, biodegradagarria izan beharko du poluziorik ez eragiteko, eta merkea —bestela ez litzateke errentagarria izango—. Material egokiena aukeratzen dutenean, xaflak jartzen hasiko dira. Kasu honetan, Neguev-eko basamortua aukeratu dute, itsasotik gertu dagoelako. Izan ere, proiektuak arrakasta izan dezan, gune hezeek, ur-lurrun dentsitate handikoek, gertu samar egon behar dutela uste dute ikertzaileek, gehienez 100 edo 150 kilometrora.
Euriaren erabilera
Zertarako nahi du, baina, gizakiak eguraldia —euriteak kasu honetan— menperatu? Lehorteei aurre egiteko, ur-eskasiari aurre egiteko, nekazaritzaren beharrei erantzuteko… izango lirateke gehienen erantzunak. Eta, bai, horretarako bai, baina ez horretarako bakarrik. Kontrakorako ere ari dira erabiltzen. Laino gehiegi pilatzen ari dela, zaparrada bortitzegiak espero direla, harria botatzeko arriskua dagoela… euria eragin eta arazoa konponduta.
Airearen poluzioari aurre egiteko ere erabili izan dira zilar ioduroz eragindako euriteak, hiriguneetan nagusiki. Euria bikaina da airea garbitzeko, eta hainbat kasutan poluzioa desagerrarazteko irtenbide bakarra izan da.
Baina, esan bezala, gehienetan lehorteei aurre egitea dute helburu euria modu artifizialean lortzeko saiakerek. Eta saiakerez hitz egin behar oraindik, egunero erabiltzen ari diren arren eta dagoeneko urte batzuk badituzten arren, teknikek ez dutelako euririk bermatzen. Oraingo proiektua, berriz, proiektu besterik ez da oraindik. Urte batzuk barru beste zerbait izango da; edo, ikuspegi zientifikotik begiratuta, agian ez.
Bestelako arazoak
Teknika garestiak eta ziurtasunik gabekoak dira euria modu artifizialean eragitekoak. Baina badago arazo gehiago, eta ez nolanahikoak: segurua al da euria eragitea? Pekin hiria adibide bikaina da.
Pekinen Joko Olinpikoak egingo dira 2008. urtean. “Joko berdeak” iragarri ziren arren, lehortea handia da azken urteotan. Hori ikusita, euria modu artifizialean eragiteko teknikak erabiltzeko agindua eman dute agintariek azken urteotan. Pekindarrek dagoeneko badute “euri artifizialen aroa”, uztaila eta iraila bitartean. Denbora-tarte horretan, 23,77 milioi metro kubiko ur lortu zituzten iaz. Aurten aroa luzatu egin dute, apiriletik irailera, eta iazko kopurua gainditzea lortu dute. Guztia zilar ioduroa erabilita. Kontua da, lehortea handia izan arren, noizbehinka euri-zaparradak ere botatzen dituela modu naturalean, eta, desoreka handia izanik, uholdeak sortzen direla.
Zientziarekin zerikusirik ez duten bestelako arazoak ere sortu ditu euria lortzeko teknika artifizialen erabilerak. Izan ere, norenak dira lainoak? Txinak, berak, hain handia izanik, eman du horrekin zerikusia duen berririk. Pasa den uztailean, Txina erdialdeko Henan probintzian kanoi-hotsa izan zen nagusi. Luohe hiritik 765 bonba jaurti zituzten egun bakar batean laino-multzo baten aurka. Hirian bertan 50 milimetro euri bota zuen, eta 81 milimetro inguruetan. Laino-multzoa mugitzen hasi zenean, beste lau hiritatik euria eragiteko kanoikadak jaurti zituzten.
Hirietako batean 100 milimetro ur jasotzea lortu zuten, gutxiago beste bitan, eta 27 milimetro besterik ez laugarrenean. Euriteari esker, lehortea apur bat arintzea lortu zuten, baina emaitzak ez zituen guztiak gustura utzi, batzuek besteek baino ur gehiago jaso zutelako. Atmosferako baliabideen inguruko legeriarik ez dago Txinan; hortaz, bost hirietako biztanleak eztabaidan ari dira. Eskulan eta baliabideetan diru asko xahutu dute, eta ez dute espero zuten emaitzarik jaso. Hirien artean izan beharrean, auzia herrialdeen artean gertatu izan balitz?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia