}

Daltonen daltonismoa

2017/06/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

daltonen-daltonismoa
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Geranioari begira gelditu zen, zur eta lur, ikusten ari zena ulertu nahian. Gaua zen, eta, kandelaren argitan, gorriak ikusten ari zen egunez urdinak ziren loreak. Fenomeno harrigarri hura ingurukoei erakusten hasi zenean, ordea, are harrituago gelditu zen: inork ez zuen kolore-aldaketa ikusten, anaiak izan ezik!

“Behaketa horrek frogatzen zuen nire ikusmena ez zela gainerako pertsonena bezalakoa”, idatzi zuen John Daltonek, 1794ean argitaratu zuen Extraordinary facts relating to the vision of colours lanean. Izan ere, bere teoria atomikoagatik, gasekin egindako lanagatik eta abar ospetsu egin zen arren, John Daltonen lehen lan zientifikoa gaur egun daltonismo izenez ezagutzen dugun asaldurari buruzkoa izan zen.

Lan horretan bere burua izan zuen ikergai nagusi. “Beti pentsatu izan nuen, nahiz eta ez nuen askotan esaten, zenbait kolore ez zeudela ongi izendatuta”, dio lanaren hasieran. “Nire zientziarako dedikazioan optikak arreta piztu zidan, eta oso ongi ikasi nituen argiaren eta koloreen teoriak, nire ikusmenak berezitasunik zuenik ohartu gabe. Baina, koloreen diskriminazio praktikoari ez nion arreta handirik jarri, pentsatzen bainuen haien nomenklatura nahasgarrian zegoela arazoa”.

1790ean botanika ikasten hasi zenean hasi zen konturatzen arazoak zituela zenbait kolore bereizteko: “Askotan galdetzen nion jendeari, serioski, lore bat arrosa edo urdina zen, baina adarra jotzen ari nintzela pentsatzen zuten”, idatzi zuen. “Baina ez nintzen ziur egon nire ikusmenaren berezitasunaz, 1792ko udazkenean, halabeharrez, Geranium zonalearen loreak kandelaren argitan ikusi nituen arte. Loreak arrosak ziren, izatez, baina egun-argitan zerua bezain urdin ikusten nituen nik, eta kandelaren argitan, berriz, harrigarriro aldatzen zen; ez zuen urdinetik ezer, ostera, nik gorri deitzen niona zen haren kolorea, urdinarekin kontraste handia egiten duen kolorea”.

Hori anaiari eta berari bakarrik gertatzen zitzaiela ikusita, pentsatu zuen herentziazko asalduraren bat izango zela, eta gaia ikertzeari ekin zion. Hasteko, hainbat koloretako zetazko zinta eskatu zizkion lagun tindatzaile bati, eta zinta haiekin konparatu ahal izan zuen bere koloreen pertzepzioa besteenarekin.

“Niretzat odola ez da botila-berde deitzen zaionetik desberdina. Eta nekez bereiz dezaket galtzerdiak odolez edo lokatzez zikinduta dauden”, deskribatu zuen. “Belarretik egina dut nire berdearen eredua. Niretzat ez da gorritik oso desberdina. Erramuaren hostoa eta lakre gorria bat datoz niretzat. Hala, berehala ondoriozta daiteke gainerakoekiko desberdin ikusten ditudala berdea edo gorria, edo biak”.

Xehetasun handiz deskribatu zuen koloreen espektroa nola ikusten zuen. “Soilik bi edo, gehienez ere, hiru kolore ikusten ditut nik, horia eta urdina deituko niekeenak, edo horia, urdina eta morea. Nire horian sartzen dira besteen gorria, laranja, horia eta berdea; eta nire urdina eta morea bat datoz besteenekin. Besteek gorria deitzen dioten hori itzal baten edo argi-falta baten modukoa da niretzat. Laranja, horia eta berdea, berriz, hori bizitik hori apalera modu jarraian doazen koloreen gisara ikusten ditut, edo horiaren ñabardura desberdin gisa, esango nuke nik”.

Anaiaz gain, koloreak desberdin ikusten zituen jende gehiago ere aurkitu zuen. “Behin, nire 25 ikasleri gaia azaldu nienean, bi konturatu ziren niri bezala gertatzen zitzaiela. Eta beste aldi batean berdin gertatu zen beste batekin [...] Ez dut aurkitu gurasoetan eta umeetan aldi berean gertatzen den kasurik […] Azpimarragarria da ez dudala berezitasun hau duten emakumezkoen kasurik aurkitu”.

Azkenean, Daltonek ondorioztatu zuen bere begietako humore beirakara urdinez tindatua egongo zela. Eta hori baieztatzeko, bere ikasle eta lagun izan zen Joseph Ransome doktoreari eskatu zion, hiltzen zenean begiak atera eta aztertzeko. Halaxe egin zuen Ransomek 1844ean. Daltonen begietako bat ireki, eta barruko edukia isuri zuen lupa batean. Humore beirakara normal-normala zen, ordea, gardena eta kolorerik gabea. Bigarren begiarekin beste proba bat egin zuen: atzean zulotxo bat egin, eta handik begiratu zuen, berdea eta gorria Daltonek bezala ikusten ote zituen behatzeko. Baina, berdea berde eta gorria gorri ikusi zituen.

Gaur egun badakigu erretinako kono izeneko zelula fotosentikorrei eragiten dieten hainbat akats genetikoren ondorioa dela daltonismoa. Daltonek asaldura deskribatu zuenetik 200 urtera, 1995ean, Londresko Unibertsitateko ikertzaileek haren begiak aztertu zituzten berriz. Kasu hartan, DNA-azterketa bat egin zuten. Eta ikusi zuten deuteranopia zuela; alegia, Daltonen konoei kolore berdearekiko (uhin-luzera ertainekiko) sentikorrak diren fotopigmentuak falta zitzaizkiela.

 

Bibliografia:

EMERY, A. E. (1988): “John Dalton (1766-1844)”. Journal of Medical Genetics 25(6), 422-426.

HUNT, D. M.; DULAI, K. S.; BOWMAKER, J. K.; MOLLON, J.D. (1995): “The chemistry of John Dalton’s color blindness”. Science 267, 5200, 984-988.

THE COLLEGE OF OPTOMETRISTS. “John Dalton – A Visual Error

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia