}

Dantza eginez, planeta salbatu?

2008/08/18 Arakistain Aizpiri, Lorea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Moda-modan daude. Klima-aldaketari aurre egiteko proposamenekin datoz. Ideia berri ugari dituzte, eta eurekin bat egin eta planeta salbatzeko eskatzen digute. Proposamen ausartak, berritzaileak eta erakargarriak egiten dizkigute. Guztiok batera planeta salbatu eta, gainera, ondo pasatuko dugula esaten digute. Heroi berriak dira... baina, ez, ez dira zientzialariak, ezta pentsalariak ere. Enpresariak dira.
Erresuma Batutik dator azken proposamena. Dantza eginez planeta salbatzeko gonbita jaso dugu. Surya da Londonen ireki berri duten dantzaleku jasangarriaren izena, lehen dantzaleku jasangarriarena, hain zuzen ere.
Dantzariei esker, dantzalekuak kontsumitzen duen energiaren % 60 lortzen dute
Gabriel Corby

Dantzalekua material birziklatuez osatu dute. Komuneko ura euritik hartzen dute zuzenean. Edari organikoak zerbitzatzen dituzte polikarbonatozko edalontzietan, eta, ondoren, birziklatzera botatzen dituzte. Bigarren eskuko objektuak erabiltzen ez dituztenean, bidezko merkataritzako dendetan erosten dituzte. Erakargarriena, ordea, dantza egiteko pista bera da. Dantzarien pausoek sortzen duten energia harrapatu, eta dantzalekuaren beraren funtzionamendurako erabiltzen dute. Lurra kuartzoz eta zeramikaz egina dago, eta oin-kolpe bakoitzak lurrari konektatuta dauden bateriak kargatzen ditu. Pista piezoelektrikoa da, beraz, eta dantzariei esker, dantzalekuak kontsumitzen duen energiaren % 60 lortzen dute. Gainerakoa eguzki-plaken bitartez eskuratzen dute.

Dantzalekuak berak ingurumena zaintzeaz gain, bezeroei ere konpromiso bera eskatzen die. Horretarako, sartu aurretik, konpromiso hori adierazten duen manifestua sinatu behar dute. Gainera, hara oinez, bizikletaz edo garraio-publikoan iritsi direla frogatzen duten bezeroentzat -ez du frogatzen erraza ematen!- sarrera doakoa da.

Dantzalekua ezagutzera eman eta klima-aldaketa geldiarazten laguntzeko marketin-kanpainaren barruan, Club4Climate web gunea sortu dute. Gune horretan, Dr. Earth delako pertsonaiak gidatzen gaitu planeta salbatzeko eginbeharrean. Pertsonaia bitxia da. Dantzalekuetan eta tabernetan ibiltzea ekintza espirituala dela eta horrela, dantzalekuz dantzaleku ibilita, Lurra salbatzea posible dela dio. Horretarako, dantzaleku jasangarrien sarea sortzeko proposamena egiten digu. Suryaren ereduari jarraitu nahi dioten dantzalekuek ingurumena errespetatzeko oinarriak jasotzen dituen dekalogoa errespetatu behar dute. Baldintzetako bat da irabazien zati bat ingumenaren edo animalien alde lanean diharduen elkarte bati ematea.

club4climate.com da egitasmoaren web gunea.

Ekologisten babesik ez

Surya dantzalekuaren irabazien zati bat Lurraren Lagunak gobernuz kanpoko erakundeari emango diote, betiere erakunde horrek iritziz aldatu eta laguntza onartzea erabakitzen badu. Izan ere, egitasmo honen aldetik ez duela ezer jaso nahi adierazi berri du erakundeak. Are gehiago, Club4Climate Suryaren web gunea euren izenaz baliatzen ari dela salatu dute.

Eta zergatik dago Lurra zaintzearen aldeko erakunde bat dantzaleku jasangarri baten kontra? Bada, Club4Climate egitasmoak, Surya dantzalekua eta beste dantzaleku batzuk zabaltzeko asmoaz gain, paradisuko uharte bat sortzeko asmoa ere badarabilelako ahotan. Mediterraneoan kokatuko lukete, eta 2010erako zabalik legoke. Turismorako leku sexy eta ekologikoa izango omen da, eta igerilekuan etzanda, koktel bat eskuan, planeta salbatuko omen dute bezeroek.

Lurraren Lagunak gobernuz kanpoko erakundeak ez du Club4climaten laguntzarik nahi
club4climate

Asmo horren aurrean, ingurumenaren izenean iruzur egitea leporatu dio Dr. Earthi talde ekologistak. Izan ere, itxura berde eta ekologikoa erakutsi bai, baina ez dute egia osoa esaten: uhartera hegazkinez iritsi beharko da, eta hegazkinek kutsatu egiten dute. Azken urteetan, gainera, hegazkinek sortua da karbono dioxido iturrien artean hazkunde handiena izaten ari dena.

Eztabaidak eztabaida, etikoa izan ala ez, ekologiaren aldeko eta klima-aldaketaren aurkako egitasmoak modan daude. Eta enpresariek negozioa ikusi dute. Zilegi da ekologiaren aitzakiaz negozioa egitea etikoa ez dela pentsatzea. Hala ere, ingurumena zaindu eta aldi berean ekonomikoki proiektu bideragarriak izateak ona behar luke. Berdea eta polita delakoan saltzen duten hori kea ez bada, noski.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia