David Gee: Politikak eta ekonomiak epe laburrean funtzionatzen dute; zientziak, epe luzean
2005/07/01 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zer funtzio du Europako Ingurumen Agentziak Europako Batasunean?
Gure helburu nagusia ingurumenari buruzko informazioa ematea da.Besteak beste, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen eskariei erantzuten diegu. Agentziaren partaide diren estatuetan, Europako ingurumen-politikak egin eta ezartzearen ardura dutenentzako egiten dugu lan. Erabakiak hartu behar dituztenak faktore garrantzitsu guztien jakinaren gainean egotea da asmoa. Hala, erabakiek ingurumen-arazoak barnera ditzakete legegintzan eta politika ekonomikoan, jasangarritasunerantz pausoak emateko. Horiez gain, bestelako erakundeentzat eta herritarrentzat ere egiten dugu lan.
Askotan, lan horiek gauzatzeko, nolabaiteko ikerketak bideratu eta ondorioak kaleratzen ditugu. Europako Batasuneko ingurumenaren egoerari buruzko txostena kaleratzen dugu, eta pil-pilean dauden gaiei buruzko irizpideak proposatu. Bestalde, Europa mailako lana koordinatzen dugu eta lan berak behin eta berriz egin daitezen eragozten saiatzen gara, informazio guztia erabiltzaileen esku jarriz.
Gainera, epe ertain/luzeko hainbat lan ditugu erakundearen sorreratik bertatik nahiz gerora hartutakoak, eta horien gainean ere hainbat txosten eta liburu kaleratu ditugu. Horien artean daude, adibidez, zuhurtasun-printzipioari buruz egindako lan eta txostenak ( Late Lessons from Early Warnings: The Precautionary Principle 1896-2000 ).
Zer-nolako mezua zabaldu nahi duzue lan horietan?
Besteak beste, erabakiak hartzean zientziaren ekarpenak kontuan hartzeko irizpide batzuk aurkeztu nahi ditugu. Hori egiten du, hain zuzen ere, zuhurtasun-printzipioak. Haren arabera, erabateko ziurtasun zientifikoa ez izateak ez luke aitzakia izan behar neurririk ez hartzeko. Printzipio horren bitartez, ekintza politikorako justifikazioa ematen da egoera konplexuetan. Osasunerako edo ingurumenerako balizko arrisku larriak edo kalte atzeraezinak eragozteko edo gutxitzeko neurriak hartu behar dira, egoera bakoitzean ebidentzia zientifikoaren maila egokia erabiliz, eta neurriak hartzearen eta ez hartzearen balizko onurak eta arazoak kontuan hartuz.
Historian zehar hainbat ikasgai atera daitezkeela uste dugu. Europan 1854an erabili zen lehen aldiz zuhurtasun-printzipioa, eta kasu interesgarria iruditzen zait. Urte hartan, Londresen, John Snow medikuak Sohoko iturri bat ixtea proposatu zuen kolera-izurriteari aurre egiteko. Zientzialari asko ez zeuden ados proposamenarekin, urak gaitza eragin zezakeelako frogarik ez baitzegoen. Hala ere, medikuak nolabaiteko harremana ikusi zuen ur horren kontsumoaren eta gaitzaren artean. Harremana zalantzazkoa izan arren, aholkulariak pentsatu zuen neurriak hartu eta oker egotearen ondorioak askoz samurragoak zirela zuzen egon eta neurririk ez hartzearen ondorioak baino, eta politikariek kasu egin zioten. Harremanaren froga hainbat urte geroago aurkitu zen. Gertaera hura garrantzitsua da zientziaren historian zuhurtasun-printzipioaren ikuspuntutik, baina ez hori bakarrik; epidemiologiaren hasieratzat hartzen dute askok.
Edonola ere, gehienetan ez zitzaien kasurik egiten 'ohar' haiei, eta historian zehar halako kasu asko daude. Adibidez, asbestoaren arriskuei buruz XIX. mendearen hasieran hitz egin zuten lehenengo aldiz zientzialari batzuek. Hala ere, 1998an debekatu zen substantzia hura Europako Batasunean. Ordurako bazekiten seguru ondorio kaltegarriak zituela, baina mende batez milaka eta milaka pertsonari egin zion kalte.
proposatu zuen, kolera-izurriteari aurre egiteko.
Zer faktorek izaten du eragina erabakietan?
Normalean, ebidentzia zientifikoaren maila ikusi behar da. Politikagintzan zalantzarik gabeko frogak eskatu dituzte historikoki neurriak hartzeko, eta, askotan, berehalako ondorio ekonomikoek ere eragin handia izaten dute. Interesen eragina argia izaten da batzuetan. Azken finean, politikak eta ekonomiak epe laburrean funtzionatzen dute. Zientziak, aldiz, epe luzean.
Hainbatetan ikusi da, gainera, ebidentzia zientifikoa gaizki erabili edo ulertu dela, eta, politikariek inolako arriskurik ez zegoela segurutzat jo dutenean ere, batzuetan arriskua benetakoa zela ikusi da. Hori da lehen aipatutako asbestoaren kasua, eta baita behi eroena ere. Esan beharra dago, gainera, zientzialariei buruzko iritziari kalte egin diotela horrelako hainbat 'ezustek'.
Horrelako erabaki okerrak osa larriak izan daitezke. Zerk sentiarazten gaitu inozoago? Neurririk hartu ez eta zerbait gertatzeak edo neurriak hartu eta ezer ez gertatzeak? Negatibo faltsuak sortzen dira askotan, alegia, zerbait kaltegarria ez zela uste izan arren, arriskutsua zela ikusten da azkenean. Gainera, negatibo faltsuak positibo faltsuak (kontrako kasuak) baino askoz arruntagoak dira, gure ikerketan ikusi ahal izan dugunez.
Bestalde, kontuan izan behar da nork ordaintzen dituen akatsak. Negatibo faltsuen ondorioak, normalean, hiritarrek ordaintzen dituzte, eta positibo faltsuenak, normalean, ekoizleek, eta horregatik egoten dira horrenbeste oztopo neurriak hartzeko ziurtasunik ez dagoenean. Hala ere, positibo faltsuek bigarren mailako onurak ere izan ditzakete epe luzean. Arrisku bati aurre egiteko neurriak hartzen direnean, adibidez, CO 2 emisioen eta klima-aldaketaren alorrean, klima-aldaketaren eraginak horren garrantzitsuak ez direla frogatuko balitz ere, energia garbiagoak garatzeko eginiko lan guztia onuragarria izango litzateke poluzioa gutxitzeko, material ez-berriztagarrien kontsumoa gutxitzeko, eta abar.
Baina hainbatek esaten du zuhurtasun-printzipioak erabiltzen duen zientzia ahula dela…
Egia da ez dela zientzia-ebidentziarik sendoena erabiltzen, baina zer da egokiena kasu honetan, zientzia irmoa ala erabilgarria? Zientziak hiru zutabe ditu, asoziazioa, kausalitatea eta ekintza-mekanismoak. Zientzia irmoa sortzeko zientzialariek hirurak jakin behar dituzte, baina bizitzan askotan ez dago astirik. Hamarkadak joan daitezke lehenengotik hirugarrenera heltzeko. Asoziazio estua ikusten bada, zuhurtasun-printzipioa aplikatu beharko litzateke politikagintzan besteei itxaron gabe, baina ikerketarekin aurrera eginez aldi berean.
Ziurtasun-maila gutxitzen denean, noski, oker egoteko aukera handitzen da, eta hori kezkagarria da askorentzat. Erabateko segurtasunak, ordea, zientzia sendoa baina politika ahulak egiten ditu. Gaur egungo beste arazoetako bat da, gainera, teknologia oso azkar aldatzen dela, eta, eraginak epe luzekoak badira, zaila da eragin kaltegarria frogatzea; baina horrek ez du esan nahi eragiten ez duenik. Asbestoaren adibidea ona da, eta transgenikoekin ere hori gertatzen ari da.
Printzipio honek berrikuntzak muga ditzakeela ere esate dute…
Nik esango nuke mugatzen dituen baino berrikuntza gehiago bultzatzen dituela. Izan ere, berrikuntza-monopoliorik ez egotea eragin dezake, eta funtzio bat betetzeko edo arazo bati aurre egiteko bide bat baino gehiago ikertzea bultza dezake. Modu horretan, maila globalean 'ezusteak' egotea eragotz daiteke, gainera.
Zuhurtasun-printzipioa nagusi da Europako politikagintzan?
Teorian beharko luke, baina oraindik ez da nagusi. Dokumentu eta proposamen guztietan aipatzen da, baina politikagintzan erabiltzen den beste espresio hutsal bat izan daiteke, aldaketak egiten ez badira. Apurka-apurka gero eta gehiago erabili arren, oraindik ez dago sartuta legeak egiten dituztenen buruan.
Hazkunde ekonomikoaren paradigmaren nagusitasunaren menpean ari gara lanean, eta ingurumenarekin lotutako gaiak ez daude benetan barneratuta. Oraindik, erabakiak ezbeharren arabera hartzen dira askotan, ikertzaileen proposamenen arabera hartu beharrean. Gaur egungo eredua aldatzeko laguntza handikoa izan daiteke publikoari erakustea ikerketa zientifikoaren nondik norakoak zein diren, elkarrizketa-eredu bat adostu eta interes-talde guztien elkarrekintza izateko. Bestalde, diziplina arteko zientzia bultzatzea ere ezinbestekoa da politikagintzan duen eragina hobetzeko.