}

Deabru-lorategien misterioa argitu da

2005/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Deabru-lorategien misterioa argitu da
2005/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: m. Dohrn / BBC)

Deabru-lorategiak zuhaitz-espezie bakarra (edo ia bakarra) hazten den Amazoniako oihaneko guneak dira. Duroia hirsuta da zuhaitz hori. Bada, ikusi da horren erantzulea Myrmelachista schumanni espezieko inurria dela.

Ikerketarako, oso proba sinplea egin zen: D. hirsuta ez den beste landare bat landatu zuten deabru-lorategi batean, Amazonian hazten den zedro-espezie bat hain zuzen ere, eta inurriei landarera iristea eragotzi zieten lehenengo. Zedroa oihaneko beste toki batzuetan bezalatsu hazi zen. Ondoren, inurriei zedrora iristen utzi zieten, eta, bost bat egunen buruan, landareak hostoak galdu zituen eta hil egin zen. Ondorioa: inurriek hil zuten zedroa.

Inurrien jarduera gertuagotik jarraituta ikusi zuten azido formikoa sartzen ziotela zedroari hostoetan, eta hostoetatik landare osora zabaltzen zela pozoia.

Ikerketa, oraingoz, landare gazteekin bakarrik egin dute. Eta ez dakite landare edo zuhaitz heldu bati modu berean erasotzen dioten inurriek. Beste landare-espezie batzuen aurrean nola jokatzen duten ere ikusteko dago; izan ere, oso urriak izanagatik, badira D. hirsuta-z gain deabru-lorategietan hazten diren beste landare-espezie batzuk.

Berriak labur
10
1
215
2005
12
023
Ekologia