Deabru-lorategien sortzaileak
2005/09/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Amazoniako euri-oihaneko eremu batzuetan, oso gauza bitxia gertatzen da: zuhaitz-espezie bakarra hazten da. Hango biztanleek “deabru-lorategi” deitzen diete toki berezi horiei, benetako deabrukeria baitirudi espezie bakarra hazteak eremu horietan. Ez da naturala hori gertatzea, inguruan hainbeste motatako landareak egonda. Zalantzarik gabe, naturaz gaindiko zerbaitek sortu behar ditu eremu horiek. Hori uste dute, behintzat, Amazoniakoek.
Alabaina, deabrukeria horren atzean zer dagoen argitaratu dute Nature zientzia-aldizkarian: deabrua inurri bat da. Myrmelachista schumanni izena du inurriak, eta Duroia hirsuta zuhaitzaren zuloetan bizi da. Eta, itxura denez, esker onekoa da inurria, babesaren eta segurtasunaren trukean, gainerako zuhaitz-espezieak akabatzen baititu. Horretarako, hostoetan pozoia sartzen dute inurriek, azido formikoa.
Jokabide horri esker, babesa ematen dieten zuhaitzei hedatzen laguntzen diete inurriek, eta, hala, inurri-koloniak berak ere hazteko aukera gehiago ditu. “Deabru-lorategi” bakoitzean hirurehun zuhaitz eta milioika inurri bizi daitezke, eta ehunka urte iraun ditzake lorategiak.
Goiko argazkian deabru-lorategi bat dago, behean inurri bat pozoia sartzen landare arrotzaren hostoan, eta ondoan landarean hostoak galtzen pozoiaren eraginez.
Argazkia: Nature