Denisovatik kanpoko lehen denisovartzat jo dute Tibeteko lautadan aurkitutako fosil bat
2019/05/02 Galarraga Aiestara, Ana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tibeteko lautadan 3.280 metroko garaieran topatutako masailezur bat Denisova haitzulotik kanpo topatutako lehen denisovarra dela ondorioztatu dute ikertzaileek. 160.000 urte ditu, eta, haren bidez, baieztatu dute hango biztanleak gizaki modernoa iritsi baino askoz lehenagotik zeudela egokituta garaiera handietara.
Denisovarrei buruzko orain arteko informazio guztia Denisova haitzuloan (Altai mendiak, Errusia) topatutako fosil-zati batzuetan oinarritzen zen. Hango aztarna batzuek erakutsi dute neandertalekin hibridatu zirela, eta analisi genetikoek, berriz, garbi utzi dute sapiensekin ere izan zutela harremana, denisovarretatik datozen ezaugarri genetikoak topatu baitituzte Asia, Australia eta Melanesiako populazio batzuetan.
Denisovarrei zor zaien ezaugarri genetiko horien artean dago EPAS1 aleloa, zeinak oxigeno gutxiko lekutan bizitzeko abantaila ematen dien Tibet inguruko biztanleei. Alabaina, Altai mendiak 700 metrora daude, eta, beraz, pentsatzekoa zen garaiera handigoan ere azaldu behar zirela haien arrastoak.
Tibeteko lautadan, Baishiya kobazuloan (Xiahe) aurkitutako masailezur horrek, beraz, informazio oso baliotsua eman du. Uranio/torio teknika erabilita, eta estaltzen duen karbonato-geruza ere aztertuta, 160.000 urte inguru dituela kalkulatu dute; hau da, Denisovako fosil zaharrenak adina. Azterketa morfologikoek, berriz, argi utzi dute ez dela ez Homo erectus ez neandertala; aldiz, parekotasun handiak ditu Denisovako fosilekin. Eta proteomaren analisiak ere denisovarra dela baieztatu du.
Xiaheko gizakia deitzen diote, eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte ateratako ondorio guztiak. Langzhou Unibertsitateko (Txina) eta Max Plank Institutuko (Alemania) ikertzaileek zuzendu dute ikerketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia