}

Denok ez gara berdinak hiesarentzat

2005/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

td class="art-testua" valign="top">

GIBak gizon-emakume batzuk beste batzuk baino errazago infektatzen ditu. Infektatu eta gero ere, batzuek berehala garatzen dute gaixotasuna, eta beste batzuek, berriz, urteak iraun dezakete gaitzaren arrastorik gabe. Zergatik dago hainbesteko aldea batzuen eta besteen artean? Hori argitu nahian zebiltzan ikertzaileak aspalditik, eta orain badirudi erantzuna aurkitu dutela, neurri batean behintzat.

UTAH-ko Unibertsitatea

Science aldizkarian argitaratutako lan baten arabera, gene batean dago gakoa; zehazki, CCL3L1 genean. Nonbait, sistema immuneko zelula batzuetara sartzeko, birusa proteina zehatz batera lotzen da. Eta, hain justu, gene horrek kodetzen duen proteina ere sistema immuneko proteina horri itsasten zaio. Beraz, CCL3L1ek kodetutako proteina asko ekoizten bada, GIBak ez du apenas aukerarik sistema immuneko zeluletara sartzeko.

Oro har, gene bakoitzaren bi kopia izaten ditugu, bata amagandik jasoa eta bestea aitagandik, baina eboluzioan izandako aldaketen ondorioz, gerta daiteke populazio-talde batzuk gene jakin baten kopia gehiago izatea. Antza denez, hori gertatu da CCL3L1 genearekin.

Ikertzaileek ikusi dutenez, gene horren kopia gehiago dituzte txinpantzeek Afrikako gizakiek baino, eta horiek, berriz, Europako biztanleek baino gehiago. Eta frogatu dute kopia gutxi dituzten horiek errazago infektatzen direla, eta infektatuz gero, azkar garatzen dutela gaixotasuna.

Hiesaren aurkako tratamendua pazientearen ezaugarri genetikoen arabera egokitzeko aukerari ateak zabaldu dizkio ikerketak. Izan ere, erraz infektatzen eta gaixotzen diren horiek besteek baino tratamendu gogorragoak behar dituzte. Halaber, txertoa bilatzeko ere lagungarria izango da ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia