Dentistarengana, gustura-gustura
2002/10/18 Elhuyar Zientzia
Dentistarenean, askorentzat okerrenak zulagailuak ateratzen duen zarata eta sortzen dituen hauts eta dardarak dira. Orain, Science-n aurkeztu duten gailu bati esker, badirudi hori guztia gaindituko dela; izan ere, Israelgo Tel Aviv Unibertsitatean, mikrouhinetan oinarritutako zulagailu bat asmatu dute.
Materialak zulatzeko bestelako metodo batzuk probatu izan dira, hala nola, erradiazio elektromagnetikoak eta laserrak erabiltzen dituztenak. Baina garestiak dira. Mikrouhinak erabiltzen dituen gailua, aldiz, merkea da, eta oso emaitza onak ematen ditu: milimetro bat eta zentimetro bat bitarteko diametroko zuloak egin ditzake, baita material gogorrenetan ere (zeramika, hormigoia, basaltoa, silizea eta beira, besteak beste). Beraz, lan askotarako erabil daiteke.
Zulagailua orratz baten antzekoa da, eta haren bitartez igortzen diren mikrouhinek materiala urtzen dute puntu batean. Hasierako zulotxoa egin eta gero materialean gertatzen diren aldaketek energia gehiago xurgatzen laguntzen dute. Hala ere, zenbait materialekin ezin da erabili metodo hori; adibidez, zafiroaren fusio-puntua altuegia da, eta altzairua, berriz, beroaren eroale ona da, eta ezin da zuloa egiteko adina berotu puntu zehatz bat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia