}

Depresioa eta hesteetako mikrobiotaren alterazioa erlazionatuta daudela berretsi da

2022/12/15 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

depresioa-eta-hesteetako-mikrobiotaren-alterazioa
Depresioarekin erlazionatuta dauden bakterioak identifikatu dituzte Herbereetan egindako ikerketa batean. Arg. Wikimedia Commons, CC BY-SA 4.0

Azken urteotan egindako hainbat ikerketak iradoki du depresioa hesteetako mikrobiotaren eraldaketek sortua izan zitekeela, beste hainbat faktoreren artean. Orain arte, ordea, ez zegoen froga sendorik, laborategiko animaliekin egin zirelako eta laginak ez zirelako nahikoa esanguratsuak. Orain, ordea, pertsonekin egindako bi ikerketek berretsi egin dute ikerketa haiek iradokitzen zutena. Haietako batek depresioarekin erlazionatuta egon daitezkeen bakterioen generoak identifikatu ditu.

Depresio-sintomak dituzten 2.600 pertsona aztertu dituzte, eta ikusi dute haien gorozkietan hainbat bakterio-mota gutxitu edo ugaritu egin direla. Hortik ondorioztatu dute zein diren hesteetako mikrobiotan gertatu diren aldaketak. Ikerketaren arabera, hauek dira mikrobiotan eskasegi azalduko liratekeen bakterioen genero eta familiak: Coprococcus, Lachnospiraceae, Ruminococcaceae, Eubacterium ventriosum, Subdoligranulum eta Ruminococcaceae. Beste hauek, ordea, ugariegi azal litezkeenak: Sellimonas, Eggerthella, Lachnoclostridium eta Hungatella.

Bakterio horiek nerbio-sistema zentralaren funtzionamendurako neurotransmisore esanguratsuak sortzen dituzte hesteetan: glutamatoa, butiratoa, serotonina eta GABA. Eta haien gabeziak depresio-sintomak eragin ditzakeela uste dute ikertzaileek.

Zientzialari berek etniaren eragina aztertu dute bigarren artikulu batean. Izan ere, aurrez ikusi izan da hesteetako mikrobiota desberdina izaten dela etniaren arabera. Amsterdamen (Herbehereak) bizi diren hainbat etniako 3.000 pertsona aztertu dituzte (holandarrak, ghanatarrak, turkiarrak, marokoarrak…), eta ikusi dute, mikrobiota desberdina duten arren, depresioarekin erlazionatutako bakterioen generoak berak direla kasu guztietan.

Ikertzaileek onartu dute oraindik ebatzi gabe dagoela auzi honetan gako dena: ez dakite mikrobiota alteratzeak eragiten duen depresioa, edo depresioak eragiten ote duen mikrobiota eraldatzea. Zalantzak zalantza, ikerketen emaitzak esanguratsutzat jo dituzte, depresioa ulertzeko aurrerapauso bat eman delakoan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia