}

Desagertutako izarren dirdira

2008/12/21 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Argiak segundoko 300.000 kilometroko abiaduran bidaiatzen du, baina hain urruti daude izar asko ezen haien argiak urteak behar baititu Lurreraino iristeko. Hala, hamar argi-urtera dagoen izan bat gaur hilez gero, beste hamar urtez ikusiko genuke oraindik haren dirdira! Hori hala bada, gaur egun begi hutsez ikusten ditugun izar guztietatik, zenbat daude jadanik itzalita?
Ziurrenik, begi hutsez ikusten dituzun izar guztiak oraindik bizirik daude
NASA/ESA/AURA/Caltech

Ez da erantzunik politena izango, baina…. ziur aski, bat bera ere ez. Zergatik? Ez da azaltzen erraza, baina dena distantzia- eta denbora-kontua da.

Lehenik eta behin, izarrak Lurretik zenbateko distantziatan dauden kontuan izan behar da. Lurretik gertuen dagoen izarra (Eguzkia salbu) Proxima Centauri izarra da, eta lau argi-urtera dago. Urrutien daudenak eta begi hutsez ikusten direnak, berriz, hamar mila argi-urtera egon daitezke. Lehenaren kasuan, haren argiak gugana iristeko, lau urte behar ditu; bigarren kasuan, hamar mila. Beraz, gertuen dugun izarrak gaur eztanda egingo balu, lau urtez ikusiko genuke haren argia eztanda hauteman baino lehen.

Baina izarren bizi-itxaropenak zeresan handia du. Jakin behar da izar masiboak (hau da, argitasun gehien dutenak eta begi hutsez ikusteko errazagoak direnak) direla bizitza motzeneneko izarrak. Izar txiki bat ehun mila milioi urte bizi daiteke. Izar ertain bat, hamar mila milioi urte. Azkenik, izar handienak, masiboenak, hamar milioi urte besterik ez. Gizakienaren aldean, bizitza izugarri luzea dute!

Izar supererraldoien eztandak dozenaka urtetik behin baino ez dira gertatzen.
Casey Reed/NASA

Beraz, izar bat eztanda egiten ikusiko bagenu, azken mota horretakoa izateko probabilitatea askoz handiagoa litzateke. Begi hutsez ikus daitezken izar supererraldoiak, masiboenak —Eguzkia baino 10, 20 eta 50 aldiz masiboagoak— supernoba moduan eztanda egingo dute, baina eztanda horiek dozenaka urtetik behin baino ez dira gertatzen. Gaur egun, kalkuluen arabera, ez dirudi horietako batek laster eztanda egingo duenik. Noizbait egingo dute, noski, baina noizbait hori hamar mila edo ehun mila urte barru izan daiteke. Eta, jakina, gaur egun bizirik dagoen pertsona bat bera ere ez da bizirik egongo hemendik hamar mila urtera.

Izarren eztanda ikusgarriak

Hori azalduta, normala litzateke norbaitek zera pentsatzea: supernobak, izarren eztandak, ikusi dira dagoeneko Lurretik, baita begi hutsez ere. Horrenbestez, eztanda ikusi baino lehenago ikusten genuen izarra, jadanik hilda zegoen. Baina, horretan ere, gure burua desengainatu behar dugu. Lurretik begi hutsez ikusi diren supernoba horiek eragin zituzten izarrak urrutiegi zeuden, eta, beraz, eztanda egin baino lehenago ezin ziren begi hutsez ikusi.

Izar txiki bat ehun mila milioi urte bizi daiteke; izar masibo bat, hamar milioi urte besterik ez.
GNU

Eta teleskopioz begiratuz gero? Teleskopio baten laguntzaz, urrutiago dauden izarrak ikus ditzakegu. Zenbat eta teleskopio ahaltsuagoa, orduan eta urrutiago ikusi ahal izango dugu. Baina unibertsoan, urrutiratzen hasten garenean, denbora-espazioan atzera egiten dugu. Zenbat eta urrutiago joan, orduan eta izar zaharragoak ikus daitezke; han baitaude unibertsoan sortu ziren lehen izarrak.

Kasu horretan, galdera bera egin genezake, baina alderatziz: Lurretik asko urrutiratzen garenean ikus daitezken izar horietako zenbat daude oraindik bizirik? Eta erantzuna aurrekoa bezalakoa izango litzateke. Ziurrenik, bat bera ere ez. Izan ere, izar horiek duela milioika urte sortu ziren eta asko beren bizitzaren amaierara iritsi dira jadanik.

Beraz, gogora ezazu gau izartsu batean zerura begiratzean —teleskopioz ez bada behintzat— ikusten dituzun izar guztiak bizirik daudela, eta hemendik milaka urtera Lurreko biztanleek izar horietako asko ikusiko dituztela, oraindik bizirik, dir-dir.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia