}

Desagertzear dauden espezieak

2001/09/30 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Betidanik, eboluzioaren legeak horretara bultzatzen duelako, klima-aldaketak direla medio edo kataklismoen ondorioz desagertu izan dira espezieak. Baina XIX. mendearen amaieratik, zuzeneko edo zeharkako eraginak tarteko, eboluzioaren legeak hankaz gora jarri dituen gizakia da animaliak desagertzearen eragile nagusia.

Asko hitz egiten da desagertzear dauden espezieei buruz, baina arazo horri erroetatik heltzeak zezenari adarretatik heltzeak bezainbat beldur ematen duenez, gehienetan, halako edo horrelako espezie bat desagertzear dagoela esatearekin konformatzen gara, nahiz eta konklusio horietara heltzea ez den uste bezain erraza, ezta gutxiago ere!

Desagertzear dauden espezieak berreskuratzeko, deuseztatutako habitata bere onera ekartzea izaten da egokiena.

Espezie bat desagertzeko arriskuan dagoela esateko hainbat datu hartu behar izaten dira kontuan, besteak beste, banaketa geografikoa, populazio maila, ezaugarri biologikoak, ugaltzeko berezitasunak eta dituen mehatxuak. Orokorrean, banatze eremu txikia, indibiduo gutxi, berezitasun eta sentsibilitate handia eta ugaltze-ziklo luzea dituzten espezieek desagertzeko aukera handiagoa izan ohi dute.

Hala ere, ildo nagusi horien azpian ezjakintasun handia egon daiteke eta, hain zuzen, horregatik da hain zaila espeziea benetan arriskuan dagoen edo ez zehaztea. Adibidez, maiz, indibiduoak kontatzea lan zaila izaten da, eta kasu batzuetan ezinezkoa ere gerta daiteke animaliaren tamaina txikiagatik edo oihanean barna sartzea zaila delako. Afrikako elefantearen kasuan, esaterako, kalkuluak 500.000 eta 800.000 indibiduo artean daude. Hala ere, arazo nagusia espeziearen biologia definitzea izaten da. Besteak beste, jateko ohiturak, gaixotasunekiko sentsibilitatea eta ugaltze-zikloa izaten dira garrantzitsuak, baina, zoritxarrez, hutsune eta ezjakintasun handia dago oraindik ere.

Baina noiz esan daiteke espezie bat desagertzeko arriskuan dagoela? Ondorio horretara heltzeko, indibiduo kopurua eta desagertarazi dezakeen mehatxua identifikatu behar dira. Ondoren, probabilitateak kalkulatu eta mehatxuaren aurrean espezieak duen sentsibilitatea neurtzen da. Lan luze eta pazientzia handikoa gerta daiteke guztia, baina, aldi berean, beharrezkoa, gizakiaren eragina neurtu eta aurrerantzean hartu beharreko neurriak definitzeko behintzat. Gero neurriok errespetatuko diren ala ez, hori besterik da.

Arrisku bizian dauden animaliak

Beste espezie batzuekin gertatzen den moduan, baleen kasuan ere ehizak eta komertzioak eragina dute.

Datu zientifikoetan oinarriturik, NKNBk (Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuna) espezieak zortzi kategoriatan sailkatu ditu mehatxuaren arabera: erabat desagertutako espezieak, basa bizitzan erabat desagertutako espezieak, desagertzeko arrisku handia duten espezieak, mehatxatutako espezieak, espezie ahulak, arrisku gutxiko espezieak, gutxi ezagututako espezieak eta ikertu gabeko espezieak.

Elkarteak berak, aldizka, arrisku bizian dauden espezieen zerrenda ere kaleratzen du. 2.000ko zerrendaren arabera, ugaztunen % 24, hegaztien % 12, narrastien % 25, anfibioen % 20 eta arrainen % 30 legoke arriskuan. Banaketa geografikoari dagokionez, herrialde batetik bestera egoera aldatu egiten dela dirudi. Ugaztun eta hegazti mehatxatu gehien Indonesian, Indian, Brasilen eta Txinan omen daude.

Etsai nagusia, gizakia

XIX. mendeaz geroztik, garapena itsu-itsuan helburutzat hartzeagatik, gizakia espezie askoren etsai bilakatu dela esan daiteke. Gizakiak eragiten duen kalte handiena azpiegiturak (bideak, zubiak, aireportuak, turismo-guneak, industria-eremuak...) eta hiriak handitzeagatik animalien habitatak deuseztatzea da. Adibidez, egurra atera edo nekazaritza-eremuak handitzeko oihanak neurri gabe ustiatzen dira, eraikuntza berriak egiteko eremu hezeak idortzen dira, koral-errezileak ustiatuz, benetan aberatsak, baina, era berean, oso sentikorrak diren ekosistemak hondatzen dira.

Ehiza eta komertzioa dira espezieak desagertzearen bigarren arrazoi nagusia. Animalia basatiak kontinente guztietan dira elikagai-iturri garrantzitsu eta neurri gabeko ehizak eta arrantzak ikaragarrizko hondamendiak sor ditzakete (ikus irailaren 9koNatura). Bestalde, parke zoologikoetarako, laborategietarako eta konpainiarako animalia bizien salerosketa izugarria dago, baita elikatzeko edo larrua baliatzeko erabiltzen diren animalia hilena ere. Komertzio legalaren parean, urtean 15 miliar euroko salerosketa ilegala garatu da. Harrigarria badirudi ere, trafiko hori droga eta arma-trafikoaren ondoren garrantzi handienekoa da.

Bestelako jarduera batzuek, zeharkako ondorioak eragiten dituzte. Horietakoak dira, esaterako, suteak, goi tentsioko lineak, turista gehiegi ibiltzea, kirol batzuk eta espezie inbaditzaileak libratzea.

Airearen poluzioa, eta are gehiago urarena, animalientzat mehatxu handia izan daitezke, zuzenean heriotza masiboa eragiten dutelako edo zeharka elikagaiak desagertzea eragin dezaketelako. Poluitzaile nagusiak pestizidak, marea beltzak eta metal astunak dira.

Animaliak babesteko neurriak

Animaliak babesteko hartzen diren neurri asko oso sinpleak dira, baina baliabide ekonomikoak, teknikoak, eta giza baliabideak bideratu behar izaten dira horretarako. Hala ere, baliabide horiek topatzea baino zailagoa izaten da askotan interes ekonomikoei eta politikoei aurre egitea.

Kokodriloaren eta apoarmatuaren kasuan, haztegietako animaliekin birpopulatzen da espeziea.

Animalien egoera hobetzeko bide erabilienetako bat gune jakin batzuk birpopulatzea izaten da. Kasu batzuetan emaitza onak eman dituen irtenbidea da, hegaztiekin adibidez, baina ez da uste bezain erraza, aldez aurretik ezinbestekoa baita lehendik desagertarazi duen poluzioa deuseztatzea. Gainera, toki bat birpopulatzeko, animaliak beste leku batetik eraman behar dira, baina kasu eman behar da, eskualde bat birpopulatzeko aitzakian bestea biluztu gabe. Bestalde, kontu handiarekin egin beharreko lana da poluzio genetikorik gerta ez dadin.

Birpopulatze batzuk haztegietako animaliekin egin ohi dira, apoarmatu eta krokodiloen kasuan adibidez. Arrautzak jaso eta behin animalia aski indartsua denean libratzen dute bere natur ingurunean. Hala ere, kontuan eduki behar izaten da haztegietako animaliei kosta egiten zaiela ohitzea eta, beraz, ez da beti aukera egokiena izaten. Bestalde, haztegiak irtenbide egokitzat jotzen dira trafiko ilegala gutxitu eta naturatik animalia gutxiago hartzeko.

Baina arazoari errotik heltzen dion irtenbidea deuseztatutako habitata berreskuratzeko plana izaten da. Kasu batzuetan, nahikoa izaten da oihaneztatzea, eremu hezeak berriz sortzea edo ustiapen zentzuzkoa egitea. Baina esatea egitea baino askoz errazagoa denez, natur parkeak eta antzerako eremu babestuak sortuz segurtatu nahi izan du gizakiak animalion etorkizuna. Zoritxarrez, eremu horien eraginkortasuna gero eta gehiago jartzen da zalantzan.

Biodibertsitatea babesteko nazioarteko hitzarmen zenbait

Biodibertsitatea babestea planeta osoarentzat garrantzi handikoa denez, beharrezkoa da nazioarteko hitzarmenak izenpetuz legediak bateratu eta herrialdeen arteko elkarlana bultzatzea. Hitzarmenen artean Europako Batasuneko herrialdeen artekoak eta nazioartekoak bereiz daitezke.

Europakoen artean aipagarrienak 1979ko hegaztien arteztaraua eta 1992ko habitataren arteztaraua dira. Lehenaren helburua Europako Batasuneko lurretan bizi diren hegazti basati guztiak babestea da, eta horretarako, habitatak ez deuseztatzeko eta ehizerako arauak finkatzen ditu. Bigarrenak ondarea babesteko Berne-ko Konbenioa aplikatzeko balio du: Europako herrialde guztietan babes neurri bereziak behar dituzten espezieen zerrenda osatzen du.

Nazioarteko hitzarmenei dagokienez, askok habitata, ehiza eta komertzioa arautzen dituzte, baina gehienek espezie jakin batzuk soilik babesten dituzte. Gainera, herrialde guztiek ez dituzte sinatzen eta, beraz, ez dira beti oso eraginkorrak izaten. Hitzarmen horietako bat 1973an 155 herrialdek sinatu zuten eta 4.900 animalia espezieren komertzioa arautzen duen Washingtongo konbenioa da.

Baina aipagarrienetako bat, dudarik gabe, biodibertsitatearen inguruko konbenioa da, 1992koa. 181 herrialdek sinatu zuten eta mundu mailako biodibertsitatea babestea, Lurraren baliabideak modu jasangarrian erabili eta banatzea ditu helburu. Espezie jakin batzuek babesteko hitzarmenen artean, berriz, 1981eko espezie migratzaileak babesteko hitzarmena eta 1946ko balearen konbenioa daude.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia