Desarmen nuklearrerantz, negozio ilunei iheska
1995/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Errusiako plutonioa berriro ere albiste bilakatu zaigu. Iazko udan legez kanpoko plutonio trafikoak Errusiako zentral nuklearren egoera plazaratu zuen. Edonoren eskura eta batere kontrolik gabe pilatzen omen diren plutonio-erreserbek negozio ilunetarako aukera aparta eskaintzen dutela zioten garai horretan mendebaldeko ikerlariek. Horri irtenbidea eman nahian, Alemania eta Errusiako Gobernuek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten arma nuklearretako plutonioari beste era bateko erabilpena emateko.
Lankidetza-hitzarmenaren lehen emaitzak ezagutzen dira jadanik. Errusiako Gobernuak iragarri duenez, bertako ikerlariek arma nuklearretako plutonioa erregai bilakatzeko teknologia garatu dute eta aurki izango ei da baliatzeko moduan. Errusian eraikiko den lantegi esperimentalean uranio eta plutonio oxidoa nahasi egingo dute MOX izeneko erregai berria lortzeko. Erregaiaren konposizioa aztertuta, plutonioaren erabilera handia izango dela baiezta daiteke. Bide honetatik, izan ere, Errusiako Gobernuak biltegietan duen plutonioa erabilpen zibiletara bideratzerik izango duela uste du.
Asmoak asmo, uranio eta plutonio oxidoak erregai bihurtzea ez da lan samurra izango. Teknologia egokia erabili beharko da eta horretarako Alemaniako Siemens enpresaren laguntza izango dute. Edonola ere, proiektuaren finantziazio-iturriak bilatzea izango da erronkarik inportanteena. Greenpeace erakunde ekologistak salatu duenez, MOX erregaiak ez du plutonio-trafikoaren arazoa saihestuko, eredu komertzialen bidez izkutatuko baizik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia